euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Buenos Airesko Eusketxe-rekin elkartasuna. Buenos Airesko Eusko Kultur Etxekoak euren egoitzatik kanporatu nahi dituztela-eta Iñaki Egañak idatzi artikulua (Berrian)

21/07/2004

PUBLICIDAD

Iñaki Egaña/Historialaria

Hain garbia utzi nahi dute kultura, hainbeste distira atera, azkenean kultura garbitzea lortzen dutela, garbitu zentzu kriminalean. Jo eta bertan akabatzen dute. Ildo jakin batetik irteten dena, ikuspegi bakarrarekin bat ez datorrena, Orwellen Anaia Nagusiaren atzaparretatik ihes egiten duenak, ez du zertan bizirik jarraitu. Biba heriotza! ez zen etorkizuna lapurtu ziguten haien aldarria soilik izan.

Kokoteraino gaude, nazkaturik, gure bizilagun gertukoen zein diasporakoen artean errespetagarri bihurtu gaituzten balioen zapalketa ikusteaz. Aspaldian hasi ziren eszenatoki ezberdinetan aratzak ez zirenak ezabatzeko saioak egiten, agoteak elizetatik kanporatzen eta zangotrabaz erorrarazten dituzte modako funtzionarioaren alboan argazkirik ez duten horiek. Haurrideen arteko elkartasuna iraganeko keinua besterik ez da, XIX. mendeko euskaldunen museo pieza bat, Kurlanskyren hurrengo lanerako anekdota. Hori baieztatu besterik ezin da egin. Edozein Pierre de Lancreri egotz dakizkiokeen inkisizio kronikek, Aymeric Picaudenak bezalako deskribapen iraingarriek edo pairatutako jazarpen guztiek uste baino min handiagoa eman digute. Beti izan dugu alboan santujale talde bat, txikia edo handia, Fanonek hain ondo deskribaturiko Tom osabak, borreroak atseginez har ditzan prest, justifikatu ezin den ez-dakit-zein istorioren arrazoi irrazionalen bila. Eroslerik onenari gure herria saltzeko prest dauden horiek dira, eroslerik onenari baino eroslerik indartsuenari. Pasadizo hauen gauzarik itsusiena da santujale hauek lezioak eman nahi izaten dizkigutela. Noiz, nola eta non eraiki dezakegun esango digute, zein den gure esparrua, zein den sabeleratu dezakegun artatxiki kuota. Eta egin dezakete, eurek baitira zartagiaren giderraren gobernua daukatenak, tortilla espainolaz gain, tortilla frantsesa egiteko balio duen zartagia. Eta euskalduntasun ofizialaren komisario hauek ez dute atsedenik hartzen. Buenos Aireseko Eusketxeko lagunek diote orain euren txanda dela. Aratzak ez direnei jarri ohi zaien eraztuna ezarri dietela eta agote deitzeaz gain, sutara daramatzatela. Belgrano kaleko Laurak Bat-en egoitzan dagoen Euskal Kulturaren Etxea itxi beharrean daudela, Ekin argitaletxea, Euskaltzaleak edo Instituto Americano de Estudios Vascos bezalako elkarte historikoei ostatu ematen dien etxea, hain zuzen ere. Zergatik? Arrazoi single bat dela medio. Eusketxea autonomoa delako, edo behintzat Laurak Bat-en ildoa ez duelako itsu-itsuan jarraitzen. Uste baitute euskal zentro bat lagunen arteko lau oturuntza egiteko baino gehiagorako balio behar duela. Ekimen kulturalak bultzatzen baitituzte beste batzuek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bakarren gainean lo hartzen duten bitartean. Eusketxeko dantzariek edo bertan euskara ikasten dutenek ez baitute Aladinoren karneta, euskalduntasun bakarraren ateak irekitzen dituen huraZer-nolako tristura eta ezinegona! Ezin dut ebitatu harridura, behin baino gehiagotan mahaia konpartitu dudan herrikide horiek agindu dute beste herrikide hauen etorkizuna. Ilusioak apurtzeko gai izatea ezin dut barneratu, oraindik jaio ez diren gure seme-alaba eta biloben ametsak zakarrontzira bota izana... Lotsa dut. Auzo lotsa. Agian oraindik hainbat urtetan aurrera egiten lagundu diguten zuntz zoragarri horietan sinisten dudalako. Gogoetarako tartea eskatzen dut. Zartagiaren giderrari heltzen dioten horiei gogoeta. Kulturari ezin zaizkio ildo zurrunak markatu. Horrelakoetan kultura dotrina bihurtzen da. Eta nahikoa dotrina ezagutu dugu, ez dugu gehiagorik behar.

Buenos Aireseko Eusketxea gure ondare kolektiboaren parte da. Euskal Diasporaren parke jurasikoan bizirik eta gazte mantentzen den esparru bakanetakoa. Eta nik ez dut heriotza maite, oroitzapenaren zulo beltzenean gorderik daukadan jeneral hark ez bezala. Guztiontzako tokia badago. Ikas dezagun gure itzalekin bizitzen eta etorkizuna gurea izanen da!

(2004-07-21ean Berrian agerturiko zutabea)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia