euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Bizkaie! aldizkari elektronikoak 3 urte bete ditu sarean, Euskal Herriko berriak bizkaiera hutsean zabalduz

22/04/2005

Koldo Isusi, Bizkaie!ko zuzendaria
Koldo Isusi, Bizkaie!ko zuzendaria

PUBLICIDAD

Bizkaieraren erabilpena bultzatu eta mendebaldeko euskalkiak sarean ere bere lekua izan zezan jaio zen duela 3 urte Bizkaie! aldizkari elektronikoa, Bizikai Alkarte Kulturalaren eskutik. Alez-ale eta urtez-urte irakurle kopuru polita lortu du aldizkariak, bizkaiera ere euskalki 'moderno' eta 'zibernetikoa' dela erakutsiz. Diasporako bizkaitarrek ederki dakite hori eta Argentina, AEB, Australia, Polonia edo Belgikan ere badu irakurlerik, Koldo Isusi Bizkaie!ko zuzendariak dioskunez.
Aurtengo apirilaren 8an hiru urte bete ditu sarean Bizkaie! aldizkari elektronikoak. Hiru urte bizkaieraren erabilpenaren eta mendebaldeko euskalkiak sarean duen presentziaren alde lanean. Koldo Isusik zuzenduriko lantaldeak (bost erredaktorek eta dozena bat kolaboratzaileek osatua) bazkari batekin ospatu zuen urteurrena, baita duela gutxi sareraturiko 100. alea ere, nahiz eta 'datu hutsak' baino ez diren hauek, Koldo Isusiren esanetan. Garrantzitsuena, bere aburuz, 'orain arte egindako lan onarekin segitzea'.

Bizikai Alkarte Kulturalaren eskutik jaio zen Bizkaie!, Bizkaierazko Aldizkari Elektronikoa, bizkaiera hutsean Interneten dagoan aldizkari bakarra. Aldizkariaren helburuak, Isusi zuzendariaren hitzetan, 'bizkaierea indartzea, bizkaieradunen konplexuak desagertarazotea, bizkaierearen erabilerea sustatzea eta mundu zabaleko bizkaieradunengana heltzea'.

Irakurle kopurua goraka

Hiru urte hauetan eginiko ibilbideaz balorazio positiboa egiten du Bizkaie!ko zuzendariak. 'Bizkaierearen normalizazino prozesuan zeozelako eredu garala igarri dogu, jarraitzen gaituela hain zuzen be eta oso pozik gagoz orain arte egindakoaz. Irakurleak eurak be pozik dagozala emoten dau ze urtetik urtera gehiago dira. 2003ko abenduan, Buber Saria emon euskuen ‘Euskerea Interneten hedatzen gehien lagundu dauen webgunea’ kategorian eta oraintsu, euskerazko 1000 webgune elebakarren arteko sailkapena atara dau erabili.com webguneak eta hor Bizkaie! 20. postuan dago'.

Bizkaieraren konplexuak kendu

Aldizkariak bizkaiera zabaldu eta medioetan agertaraztearen alde egindako lanarekin harro agertzen da Isusi. 'Aldizkaria abiarazo genduanean, bizkaieradun askoren konplexua ez eze, jente askoren kontrako jarrerak be baegozan', gogoratzen du. 'Gaur egun, ezelako lotsa eta bildur barik entzuten da jentea bizkaieraz berba egiten, bakotxa bere etxeko edo inguruko berbeta berezian. Bizkaierea lagunarteko komunikaziorako zein bizitzako edozein egoera eta arlotan erabilteko moduko euskalkia da eta jentea uste dot jaubetu dala horretaz.'

Bizkaie!k euskal Diasporaren inguruko atal berezi bat du eta munduan zehar barreiaturiko bizkaitarrentzako informazio iturri urbila eta ulerterreza gertatzen da, 'ama hizkuntza darabilen komunikabidea garalako'. Hala, erredakzioan Argentina, AEB, Australia, Polonia edota Belgikatik bidalitako iritzi positiboak jaso dituzte.

Hurrengo proiektua: bloggak

Etorkizunari begira hainbat proiektu berriei ekingo die Bizkaie!k, horien artean maiztasuna aldatzea, blog egiturea sartzea, irakurleen parte-hartzea indartzea, trekking eta mendiari buruzko atal bat sortzea eta paperean ere zerbait argitaratzea. Halaber aurrerantzean ere irakurleei eskainiko dietena 'beharra eta beharra' izango omen da, 'ahalik eta aldizkari onena egiteko asmoagaz'.


Lotura gehigarriak

Bizkaie! Bizkaierazko aldizkari elektronikoa
www.bizkaie.biz


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia