euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

'Bizkaie' Agurtzane Aguadorekin solastu da Montevideon: Euskalduna eta uruguaitarra sentitzen naiz, maila berean

20/07/2006

Agurtzake Aguado, Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxeko lehendakaria (Bizkaie argazkia)
Agurtzake Aguado, Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxeko lehendakaria (Bizkaie argazkia)

PUBLICIDAD

Euskal Herritik elkarrizketa egin dio Montevideoko Agurtzane Aguadori Bizkaie aldizkariak bere azkeneko alean. Euskal Herrian jaio eta umetan aitamekin Uruguaira aldatua, euskal eta uruguaitar ezaugarriak biltzen ditu Agurtzane Aguadok. Izan ere, urteak dira Montevideoko 'Euskalerria' Euskal Etxeko lehendakaria dela. Iratxe Ormaza kazetariaren galderei erantzunez, hango eta hemengo gaiez aritu zaizkigu biok, euskara batura ekarri dugun elkarrizketa honetan.
Erbesteratuta joan zen Agurtzane Aguadoren aita Uruguaira; gero, ama eta Agurtzane joan ziren. Aguadoren esanetan, ahotsarekin bai baina botorik gabe joan zen, umea zelako. Berak argi dauka herri bi dauzkala: jaiotzekoa eta adopziokoa.

Orain dela aste batzuk euskal diasporaren gaineko ‘Euskal Herria mugaz gaindi’ mintegia egin zuten Montevideon (Uruguai) eta bera, ‘Euskal Erria’ euskal etxearen lehendakaria izanda, mintegiaren antolakuntzan ibili zen.

-Lehengo bi urteetan euskal diasporaren ganeko ‘Euskal Herria Mugaz Gaindi’ mintegia Euskal Herrian egin eta gero, lehengo aldiz diasporan egin dute, Montevideon zehatz-mehatz. Zelan ikusten duzu han egin izana?

-Sano inportantea deritzot Mintegiaren anfitrioiak izateari, kanpoan Euskal Herria ezagutarazteko modua da-eta.

Berbaldiak egin zituztenen artean maila handia izan genuen, nazio barruko adituak zein atzerrikoak etorri zirelako, berbarako Errepublikako lehendakariorde izandako Gonzalo Aguirre doktorea, Defensa eta Herrizaingo ministro izandako Iturria doktorea, Alberto Irigoyen jauna eta Hernán Sorhuet jauna; azken horrek gure erakundearen eta Uruguaiko prentsaren arteko bitartekaritza lanak egiten zituen. Nazioartekoei dagokienez, Josu Legarreta jauna, EHUko Oscar Álvarez Gila doktorea, Jose Felix Azurmendi jauna, Xabier Irujo doktorea, Argentinako Arturo Campion fundazioko César Arrondo jauna eta beste hainbat hurreratu ziren.

[Montevideoko 'Euskalerria' Euskal Etxearen sarrera eta aurre aldea]

-Nazioarteko mintegia antolatzeak ahalegin handia eskatzen du. ‘Euskal Erria’ etxearen zeregina zein izan da?

-Gure erakundeak komunikabide guztiei informazioa eman zien eta Errepublikako Unibertsitateko Faktultatearekin elkarlana egin zuen, baita unibertsitate pribatuekin ere, Unibertsitate Katolikoa, Montevideoko Unibertsitatea eta Enpresa Unibertsitatea tartean.

Era berean, mintegiaren berri eman genien Errepublikako lehendakariari, ministroei, udaletako agintariei eta legegileei; gainera, etortzeko gonbitea ere egin genien.

Gure egoitzan bertan berbaldia egin zutenei harrera egiteaz gain, era birtualean egin zutenei ere ongi-etorria eman genien. Gu geu izan ginen erreferentzia haientzat guztientzat eta entzuleentzat ere bai.

-Mintegian pinturen eta aldizkari baten digitalizazioaren berri eman zuten...

-Bai, digitalizazio-lanen gaineko berbaldiak izan ziren: Besnes Irigoyenen akuarelak (askorentzat ezezagunak zirenak) eta azken 48 urteotako ‘Euskal Erria’ aldizkariaren digitalizazioa ere bai. Behar horietatik nabarmentzekoa da historia eta kultura aldetik daukaten garrantzia. Agerian ipini da euskaldunek gure herrian, Uruguain, egin duten ekarpena.

-Euskal Erria’-ko lehendakaria zaitugu. Zein hartu-eman izan dituzu ‘Euskal Erria’ etxearekin?

-Umetan hasi ziren hartu-emanak, betikoak dira, eta orain lehendakaria naiz.

-Euskal Herriarekin?

-Euskal Herrian jaio nintzen, beraz, lotura bizitza osokoa da. Uruguaira aita etorri zen lehenago, eta gero gu etorri ginen. Familia osoa han daukagu, Euskal Herrian.

-Lehen euskal etxea Montevideon sortu zen XIX. mendean, ezta?

-Bai, 1876an Ameriketako lehen euskal etxea sortu zuten, ‘Laurak bat’ izenekoa. 1911n ‘Euskaro Español’ zentroa sortu zen baina iparraldekoek ezin zuten parte hartu. Eta 1912an ‘Euskal Erria’ sortu zuten, zazpi probintzia historikoetako herritarrak eta ondorengoak hartzen zituena. ‘Euskal Erria’ sortzeak izan zuen eragina sano handia izan zen, bai diasporan bai nazio barruan ere.

-Sasoi hartatik hona gauzak asko aldatuko ziren…

-Azken hamarkadetan Uruguaira etorri diren euskaldunak gero eta gutxiago izan dira eta horrek eragina izan du. Gaur egun, gehienak ez dira Euskal Herrian jaiotakoak, ondorengoak baino. ‘Euskal Erria’-n, denborak aurrera egin ahala, gure arbasoen kultura geureganatuz joan gara.

-Zein dira ‘Euskal Erria’-k dauzkan erronkak aurrera begira?

-Euskal etxea den aldetik, gure ohiturak erakusten segitu eta gure kultura eta benetako Euskal Herria zein den ezagutu dezaten behar egin.

-Zelan ikusten da Euskal Herria gaur Uruguaitik?

-Montevideoko ‘El País’ egunkariko kolaboratzaile Hernan Sorhuetek berbaldian esan zuenez, Euskal Herriko gauza onen gainean gutxi dakigu, komunikabideetan txarrak behin eta berriro entzuten diren bitartean. Berak esandakoaz gain, ez dago ezer gehiago esaterik: argi-argi dago.

-Azkenik, zer da euskalduna izatea, diasporakoa, Montevideon bizi den andrea zaren aldetik?

-Niretzat euskal diasporako andrea izatea oso garrantzitsua da. Ni jaiotzez euskalduna sentitzen naiz baina adopzioz uruguaitarra sentitzen naiz, maila berean. Eta horixe da artez eta zuzen berba egiteko modua, bai hemen Uruguain euskalduna izatea zer den, bai han Euskal Herrian uruguaitarra izatea zer den.

(2006-07-12an Bizkaie-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia