euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Bizimodu baten katebegia. Wyoming-eko Pete Camino euskal jatorriko artzainaren bizimodua kontatuz, Tim eta Ben Kahn aita-seme estatubatuarrek artzaintzaren gainbehera islatu dute film batean (Berria-n)

06/06/2004

PUBLICIDAD

Mikel Lizarralde. Pete Camino orain dela laurogei urte pasatxo jaio zen, Buffalon, AEBetako Wyoming estatuan. Beste askok bezala, bere gurasoek «mundu berrirako bidea» hartu zuten XX. mendearen hasieran, Euskal Herrian ikasitako artzain lana han ere beharrezkoa izango zelakoan. Gerora, Petek ere haien bideari jarraitu zion. Gaur egun, ordea, XXI. mendearen hasieran, eta mundua erabat itxuraldatuta dagoenean, bizimodu baten katebegia da; desagertzear den kultura baten azken mohikanoa.

83 urte zituela, Caminok bere arbasoen lurra ezagutzeko bidaia egin zuen, eta Tim eta Ben Kahn estatubatuarrak ekarri zituen berekin Euskal Herrira. Ben zinema zuzendaria da, eta Tim aita, berriz, duela berrogei bat urte Euskal Herriaz eta hemengo bizimoduaz maitemindu zen gizona. Biek, batak zuzendari lanetan eta besteak ekoizle eta gidoilari gisa, The Last Link (Azken katea) lan dokumentala filmatu dute, euskal artzainek AEBetan eginiko bizimoduari buruzkoa.

The Last Link-ek Caminok Euskal Herrira eginiko lehenengo bidaia hartu du narrazioaren hari gisa, eta, artzain munduaren gainbeheraren istorioa ez ezik, lurrarekin eta naturarekin harremanetan bizitzeko era baten desagertzea ere kontatzen du. Wyomingo lurretatik Euskal Herrira, eta Euskal Herritik AEBetara, kamerak Caminori segitu dio; ez euskal herritarrei eta artzaintzari buruzko ikerketa antropologikoa egiteko xedearekin, baizik eta artzain bizitza horren zati txiki bat jasotzeko asmoz. «Aldatzen ari den mundu baten aurrean, familia batek bere bizimoduari eusteko egiten duen borrokari ematen diogun begiratua da The Last Link», adierazi du Ben Kahnek.

AEBetako euskal artzainak eta Euskal Herria lotuko zituen lan bat egiteko lehenengo ideia 60ko hamarkadan izan zuen Tim Kahnek: «Frantziako hegoaldean ikasten ari nintzela, liluratu egin ninduen Pirinioei bizitza eman zien artzaintza kultura horrek, eta aita idazlea zenez, horri buruz idatz zezan eskatu nion. Zoritxarrez, hil egin zen handik gutxira». Urte batzuk geroago, Biarnora jo zuen Tim Kahnek, eta uda artzainei argazkiak eta elkarrizketak egiten igaro zuen. Duela hogei bat urte, berriz, eskuz eginiko makila bat eman zioten euskal jai batean, artzain kultura babesteko aginduarekin. «Pete Camino desagertzear dagoen euskal gune batean ezagutu nuenean, nire misioarentzako akuilua aurkitu nuen», adierazi du.

Tim eta Ben Kahnek 2000ko udazkenean filmatu zituzten lehenengo irudiak, Wyomingen, baina berehala ohartu ziren artzainen bizitza egokiago islatzeko, Euskal Herrira etorri beharko zutela. Ben Kahnek dioenez, Caminoren nahiak ere ekarri zituen hona: «Petek esan zigun amets bakarra zuela: hil aurretik bere gurasoen herria ezagutzea. Hori entzunda, ez genuen zalantzarik izan». Izan ere, Euskal Herrira etorri gabe, The Last Link hankamotz geldituko zatekeela deritzo filmaren zuzendariak, «garrantzitsua delako ikustea milaka pertsona haiek nondik eta zergatik iritsi ziren AEBetara». Era berean, Caminorentzat senitartekoekin eta artzainekin elkartzea oso inportantea izan zela gaineratu du Ben Kahnek, «etxean babesten ari den kulturak zentzua izan dezakeela baieztatzeko balio izan ziolako».

Korporazioen nekazaritza

The Last Link-en filmaketak ondorio batzuk ateratzera eraman du Ben Kahn; hala nola, artzaintza tradizionala AEBetan desagertzeko bidean dagoela: «AEBetan, korporazioek baztertu egin dituzte nekazariak». Alde horretatik, modernizatzeko orduan, Euskal Herriaren eta AEBen artean alde handia egon dela dio Kahnek: «Immigrazioaren garaitik asko aldatu dira bi herrialdeak, baina kontrako norabidea hartu dute. Euskal Herrian ikusi dugu familian oinarritutako nekazaritzak ez duela zertan hil ezinbestean».

Filma Kalifornian estreinatu zuten joan den urtean, eta jarraian Vermonten, Buffalon (Wyoming), Elkon (Nevada) eta Seattlen (Washington) erakutsi dute; batez ere euskal komunitateetan eta ikastetxeetan. «Oso hunkigarria izan da, batik bat askok esan digutelako euskaldun izateaz harro egoteko arrazoiak eman dizkiela filmak».

Apirilean frantsesezko bertsioa aurkeztu zuten Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren egoitzan, Pauen, eta orain ETBrekin lotu nahi dute euskarazko bertsioa. Modu horretan, orain dela berrogei urte hasitako bidea itxiko dute Tim eta Ben Kahnek, eta desagertzear dagoen kateari eutsiko diote; «AEBetako euskaldun bat hiltzen den bakoitzean, katea txikitu egiten delako». Arbasoekin, euskararekin eta lurrarekin duen loturagatik, Camino bihurtu da bizimodu horren katebegia AEBetan.

(2004-06-06an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia