Bertsozale elkarteak www.bertsoforo.com jarri du abian, munduko bertsozaleen topagune birtuala bilaka dadin
01/11/2005
2005. Txapelketa Nagusia izango da www.bertsoforo.com-eko gaietako bat
PUBLICIDAD
Sarean dugu jada bertsolaritza eta honen inguruko gaiei buruz hitz egiteko lekua; www.bertsoforo.com du izena eta Bertsozale Elkarteak sortutako eztabaidagune birtuala da. Foroaren jaiotza Txapelketa Nagusiaren zurrunbiloarekin batera etorri da, eta hari buruzko atala aurkezten duen arren, bere egitekoa ez da horretara bakarrik mugatzen. Aitzitik, bertsozaleen komunitatearen topagune egonkorra izateko asmoa du foroak. Foroa atalka dago antolatua, hain zuzen ere bost kategoria ezberdin dituelarik. Lehena Txapelketa Nagusiari eskainia da, abendura arte jokoan baita 2005eko Bertso Txapelketa. Bigarren atalak Bertsolaritza orokorrean izenburua darama eta atal honetan bertsolariez, bertso saioez eta bertsolaritzarekin lotutako edozein gauzaren inguruan hitz egingo da.
Bertso Eskolak izenekoa da hirugarren atala, bertso eskolen arteko eztabaidentzako tokia, haien arteko harremanerako, elkarrekin osatzeko ekintzetarako, bertso eskolen sareari buruz hitz egiteko eta elkarren berri izateko. Lorontzia izena darama laugarren atalak, bertso-eskoletako ikasleon territorioa da, mezuak bidali, hitzordu bereziak jarri eta bertsoak elkarrekin trukatzeko aukera ematen duelarik. Azkenik, Kafetegia deritzon atala bertsolaritzarekin zerikusirik izan ez arren, jakinmina sortzen duten gai eta arazoak jorratzeko gunea da.
Foroak bertsozaleen komunitateak eskura izango duen topagune egonkorra izateko asmoa du, batetik. Hartara, iritzi trukaketaz gainera, baliabideak partekatzeko eta egitasmoak elkarren artean osatzeko tresna ere izan nahi du. Mundu osoko bertsozaleek badute jadanik non topatu.