euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Bertako ohitura, hizkera edo geografiari buruzko bostehun galdera biltzen dituen «Tuku-keta» izeneko jokoa atera dute Baztanen: «Baztango Triviala» (Garan)

28/01/2005

PUBLICIDAD

Leitzak, Sakanak eta Arantzako eskolak hasitako bideari jarraiki, baztandarren txanda iritsi da. Eta 500 bat galdera biltzen dituen jokoa kaleratu dute: «Tuku-keta». Ibarraren inguruko galderak dira nagusi, galderetako asko beste toki batzuetara ere moldatu ahal diren arren. 550 ale atera dituzte eta 15 euroren truke eros daiteke.

Nola esaten zaio eguneko lehen otorduari edo gosariari Baztango hizkeran? Arrasto bat: egunean hartzen zen lehen ogi pusketarekin eta horri laguntzeko hartzen zen ur basoarekin du zerikusia. Edo noiz hartu zuen Gaztelako armadak Amaiurko gaztelua? 1522an ala 1552an?

Galdera horien eta beste askoren erantzuna jakin nahi duenak Baztango Udalak kaleratu berri duen “Tuku-keta” euskara hutsezko jokoa eskuratu beharko du. Mahai jokoa Fermin Gartxitorenak eta Arantxa Zelaia berroetarrek prestatu dute eta bertan Baztango ohituren, hizkeraren edo geografiaren inguruko galderak jasotzen ditu. “Trivial” joko ospetsuaren ildotik sortutakoa da eta Fermin Gartxitorenak adierazi duenaren arabera, gaztetxoek bertako lekuen eta hitz egiteko era zaharren inguruan ia ezer ez dakitelako sortu zen ideia. «Askok ahaztu egin dituzte eta beste askok ezagutu ere ez dituzte egiten bertako hainbat ohitura», gaineratu du. Egitasmoa sustatzeko Xorroxin irratiaren laguntza izan dute.

Lau ataletan banatu dute

“Tuku-keta”k 500 galdera inguru ditu lau ataletan banatuta: euskara, ohiturak, geografia eta historia eta porrusalda edo denetarik izenekoa. «Era guztietako galderak bildu ditugu, herri kirolen, tokien izenen, bertako medien edo landaretzaren, Baztango pertsonaia historikoen eta abarren ingurukoak», esan du Gartxitorenak. Jokoa 10 urtetik aurrerako pertsona ororentzat prestatu badute ere, «primeran helduek» pasatzen dute.«Izan ere, berentzat poztasun handia da, agian inoiz eskolara joan gabe, galderen erantzunak jakitea», gaineratu du egileak. Joko hori ezaugarri horiekin Nafarroan sortu dituzten euskara hutsezko jokoetan laugarrena da, Sakanak, Leitzak eta Arantzako eskolak ere badute-eta joko propioa.

Landa eremuko 300 bat galdera

Nahiz eta jokoan Baztango biztanleek ezagutzeko moduko galderak biltzen diren, egia da ere landa eremuko galderak direla gehienak, eta horiek beste lurralde batzuetara ere zabaldu daitezkeela. «300 galdera inguru landa eremukoak dira, beste eremu batzuetako hizkuntzetara moldatuta edozein tokitara egoki daitezkeenak», esan du.

Jokoa 15 euroren truke eskura daiteke udaletxean bertan edota Elizondoko Fantxike, Nafarpres eta Elordi dendetan. Baita Oronoz-Mugairiko Oskorri liburudendan ere. Jokoaren 550 ale argitaratu dituzte.

(2005-01-28an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia