euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Berri Txarrak Ameriketan; Mexiko eta Nikaraguan kontzertu bira bi egin ostean, Lekunberriko taldeak urrian kaleratuko du AEBetan nahastu eta masterizatu duen diskoa (Berria-n)

14/09/2005

PUBLICIDAD

Aitziber Arzallus. Ameriketan zehar ibili ostean, jada, Euskal Herrian da Berri Txarrak taldea. Hilabete inguru igaro du han, eta baita lan ugari egin ere. Batetik, Jaio. Musika. Hil urriaren hasieran kaleratuko duen diskoaren nahasketa eta masterizazio lanetan aritu da AEBetan, eta bestetik, kontzertu bira bat egin du Mexiko eta Nikaraguan barrena.

Lekunberriko hirukoteak uztailean ekin zion bosgarren diskoaren grabaketari Nafarroako baserri batean, Karlos Osinaga teknikariaren laguntzaz. Abuztuaren 4an, grabazioa besapean hartu eta Eudora hirira (Kansas, AEB) bidaiatu zuten, Han Ed Rose ekoizlea abestien nahasketak egiteko zain baitzuen The Black Lodge estudioetan. Behin nahasketak amaituta, New Yorkera bidali zuen diskoa masterizazio lanak egin ziezazkioten. «Musikari omenalditxo bat egin nahi diogu lan honekin, asko eman baitigu. Egia esan, ordea, nahikoa arriskatu gara, esku askotatik pasatu baita diskoa, baina beti gustatu izan zaigu gauza berriak probatzea, eta azkenean, oso gustura geratu gara emaitzarekin», azaldu zuen Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko abeslariak.

Nikaraguan eta Mexikon kontzertuak Lan horiek iraun bitartean, hiru taldekideak Mexikora joan ziren eta astebetean hiru kontzertu eman zituzten: Tampicoko Rockfabrik aretoan, Mexiko D. F. hiriburuko Foro Alicia aretoan eta Toluca hiriko El taller del Boti aretoan. «Joan aurretik, hemengo zenbait taldek han izandako arazoak kontatu zizkiguten, antolakuntza aldetik eta abar, baina guri guztia pentsatuta bezala atera zaigu: bikain». Hurrengo helmuga nagusia Nikaragua zuten, han izan baitziren hamabost egunez. Revuelta Sonora bertako gazteria mugiarazten saiatzen den promotore bat da eta hark antolatu zien hango bira.

Nikaraguako Gobernuak barne zorra herritarren zergen bidez ordaintzea nahi du eta horren aurka, abendura arte iraungo duen protesta kanpaina bat jarri dute martxan. «Guk emandako kontzertuak ekimen horren hasiera izan dira. Gu Euskal Herrikoak izatean, ordea, herrien eta kulturen arteko topaketen kutsua ere eman nahi izan diote ekimenari». Urbizuren esanetan gehienek ezer gutxi zekiten Euskal Herriari buruz eta oso bitxia iruditu zitzaien euskaraz abestea. Grupo Armado taldearekin batera eskaini zituzten Nikaraguako sei kontzertuak. Horietako bat oso berezia izan zela dio Urbizuk, Managuako Art Cafe tabernaren kanpoaldean eman zutena, hain justu.

«Asanblada Nazionalaren parean jo genuen, esatea batera, Madrilgo Moncloaren aurrean jotzea izango litzatekeena. Jende asko etorri zen gainera, 2.000 lagunetik gora, eta horrek asko harritu gintuen. Dirudienez, egun hartako emanaldia eta gu joatea zerbait garrantzitsua zen nikaraguarrentzat. Asko eskertu ziguten han izatea, beraietaz inor ez dela gogoratzen esan baitziguten».Urbizu Nikaraguarekin erabat maiteminduta etorri da eta aukera suertatu bezain laster itzuliko direla esan zuen. « Nikaragua izan da birako onena eta hango jendearekin eta han emandako kontzertuekin geratzen naiz. Gainera, Revuelta Sonorakoak ere oso gustura geratu dira».

(2005-09-14an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia