euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Baionako Herria astekariak, NABOk Bakersfield-en (AEB) egin zuen Udaleku-aren berri dakar bere azkeneko alean

09/08/2005

Bakersfield-eko NABO Udalekuko haurrak (Herria argazkia)
Bakersfield-eko NABO Udalekuko haurrak (Herria argazkia)

PUBLICIDAD

Baionan aste guztiz argitara ematen den Herria euskal aldizkariak, uda hastapenean Kaliforniako Bakersfield-en egin zen NABOren Udaleku-ari buruzko berri dakar joan den astean plazaratu duen bere azkeneko alean. Kaliforniatik bertatik idatzi kronikan, Estatu Batuetako udako euskal programaz idazten du Mattin Etxamendi ezterenzubiar euskaltzale, kantuzale eta euskal amerikano atxikiak, Kalifornia Iparrean apirilean egin den euskal piknik berri baten estrainatzea aipatuz eta Kristie Onaindia andere gazteak eta bere irakasle taldeak Bakersfield-eko Udalekura bilduriko berrogeita zenbait haurrekin egin ekitaldia ere goraipatuz. Hauxe bere kronika.
Urte orotako euskal bestak edo piknikak badoatzi aitzina. Aurten apirilez hasiak ziren zonbait eta batto euskal-etxe berri batean aurten hasi dutena. Kalifornia Iparrean, etxe horren izenak berak salatzen duen bezala: 'Iparreko Ibarra' deitu baitute beren euskal klub berria. Klub hau bere haur denboran da oraino, baina pentsatzen dut laster azkartzen hasiko dela, denek behar baitute denbora poxi bat gauzak haxean ezartzeko. Aurten ikusi ditugu lehenbiziko dantzari ttipiak beren lehen agerraldiaren egiten, Roxita Etchamendy Caballero zutela erakasle. Besta bat arras pollita, ttipia bezain goxoa arras etxekoki egina. Hori izan da sasoineko lehen piknika.

Geroztik izan da andana bat bazter askotan, anitz lagun elgarretaratuz. Orai Iparreko estatuetan dira piknikak, uztailaren 4ean Elko Nevadan hasirik, NABO (North American Basque Organizations) urteko biltzarre haundia Rock Springs, Wyoming-en eginez uztailaren 15-16 eta 17an. Kalifornian, aldiz, Chino-koa zauku gelditzen, hau buruilaren lehenean izanen baita.

Udaleku edo Music Camp

Urte oroz NABOk antolatzen du Udaleku euskal etxe zonbaitetan. Aurten Bakersfield hautatua izan da. Udaleku da haurren edo gaztetxoen ikastola bat bezala, hamar urtetarik eta hamabost arteko gaztetxoak gomit dira. Aurten baginituen hemen berrogoita zonbait, bost estatuetarik etorriak, zonbait biziki urrunetik.

Haurrek hor ikasten dituzte euskal usaiak, kantu, dantza, pilota, euskal historia poxi bat ere, denbora berean euskaraz irakurtzen eta idazten ere ikasten dute, txixtua ere bai harekin euskal aire pollit zonbait, musa ere ez dugu ahanzten. Erakasleak hemen bereko gazteak dira, salbu 'trikitixa' erakasleak, hok Gipuzkoatik etorri bi neska ziren.

Denen artean egin dute lan bat xoragarria, Kristie Onaindia anderea zutelarik buru edo kudeatzaile. Herrialde haundi huntan hoinbertze kultura ezberdin den lekuan, haurrek beren etxean ikasi duten kultura hura bertze batzuekin partekatzea biziki goxo zaiote, eta beren nortasunarentzat on egiten daie. Ez da batere harritzeko gaurko euskaldun gaztek izanik ere batzu Kalifornia hego aldean eta bertze batzu Elko Nevadan zazpi edo zortziehun kilometra batzu bertzetarik, elgar ezagutzen baitute eta elgarrentzat baitute atxikimendu berezi bat. Kulturarentzat den atxikimenduak ez baitu distantziarik ezagutzen.

Martxel Tillous txixtu erakasle

Ekainaren 24an bururatu baita ikastola horren lana, azken arrats hortan euskal etxeak besta pollit bat antolatu du, haurren ait'amak ere etorriak baitziren heien bila. Afari goxo baten ondotik ikusi ditugu gure haurrak, berek bi astez ikasi dituztenen erakusten. Lehen lehenik euskaldun kantu batzu eskaini dauzkute gure Xiberotar apeza Martxel Tillous zutela kudeatzaile, eta gero zonbait dantza eta txixtu. Denak euskal kantu pollit batekin bururatu dira eta zernahi esku-zarta ere bildu dute. Irri goxo batzurekin onartu dituztenak.

Segur naiz bihar edo etzi beren usaiako lagunekin direlarik pozik erranen dutela: 'I am Basque!, Euskalduna naiz!'.


Lotura gehigarriak

Baionako 'Herria' astekariaren berri
Euskal Kultur Erakundearen www.eke.org webgunean

Satisfactorio balance del Udaleku 2005 en Bakersfield
Euskalkultura.com-en 2005-07-18an argitara emana

Dos jóvenes de Donostia y Boise enseñan baile vasco en Australia
Euskalkultura.com-en 2005-08-06an argitara emana

Más de un centenar de participantes en Udaleku 2004 en Boise
Euskalkultura.com-en 2004-07-28an argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia