euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Azti-Begia elkarteak Euskal Herri osoa hartuko duen irrati nazional bat sortzeko proiektua jarri du abian

28/01/2005

Azti-Begia elkarteko kideak irratiaren proiektua aurkezteko prentsaurrean
Azti-Begia elkarteko kideak irratiaren proiektua aurkezteko prentsaurrean

PUBLICIDAD

'Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen irrati baten falta' sumatu eta irrati nazional horren sorrera bultzatzeko asmoz sortu berri da 'Azti-Begia' elkartea. Egitasmoa ere aurkeztu berri dute eta berau aurrera eramateko hainbat bilera egiten ari dira egunotan euskal gizarteko eragile eta enpresen babesa lortu nahirik. Datorren hilean proiektua herriz herri aurkeztuko dute jendearen parte hartzea biltzeko, 'euskal herritarren laguntzarekin soilik egin daitekeelako halako irratia', dio Iñaki Altuna, elkarteko bozeramaileak.
'Azti-Begia' elkarteak, euskal irrati nazional baten beharra aldarrikatzen duten komunikazio eta irratigintza alorreko hainbat kide biltzen ditu. Egungo irrati eskaintzan 'hutsune bat' somatzen dute, 'Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen irrati nazional baten hutsunea', Iñaki Altuna, Azti-Begia elkarteko bozeramailearen esanetan. Horri konponbidea emateko, elkarteak 'irrati nazional hori sortzeko proiektua' jarri du abian.

Elkartearen lehenengo pausua, euskal irrati honen beharra prentsaurrekoan jakitera ematea izan da. Bertan euskal irratigintzako hainbat medio eta profesionalen babesa izan dute: Idoia Blanco, Gasteizko Hala-Bedi Irratiko esataria; Mikel Peruarena, Arrosako Produkzio Zentruaren zuzendari ohia; Luzien Etxezaharreta, Gure Irratiako kidea; eta Itziar Arteaga, Egin Irratiko esatari ohia. Hilabete honetan zehar irratigintza arloko profesional eta enpresekin bilduko dira Azti-Begia elkartekoak, proiektua aurkeztu eta haien engaiamendu eta babesa jasotzeko.

Daudenei konpetentziarik egin nahi ez

Izan ere, Iñaki Altunaren esanetan 'euskal irrati berri hau ez da inolaz ere dagoeneko existitzen diren irratiei konpetentzia egiteko asmoarekin jaio, indarrak bildu eta irratien arteko kolaborazioa bultzatzeko baino'. Irrati berria besteekin uztargarria izan dadin, Euskal Herriari buruzko informazioan espezialduko da, eguneroko informazioa emanez.

'Azti-Begia' elkarteak proiektu hau progresiboki garatu beharreko erronka dela azpimarratzen du eta lehendabiziko fase honetan jasotzen duten erantzunaren arabera garatu beharko dela. Proiektuaren bultzatzaileen arabera bi arazo nagusi gainditu beharko dituzte: 'alde batetik, administrazioen jarrera ezkorra, lizentziak eta baimenak emateko orduan. Bestetik, tamaina handiko irratien lehia eta nagusitasun ekonomikoa, hauek botere politiko eta ekonomiko jakin batzuen babesa baitute'.

Herritarren partaidetza

Arazo hauei aurre egiteko euskal irratiak hartuko duen bidea herri elkarte eta taldeekin biltzea izango da. Euskal herritarrei proiektuan parte hartu eta engaiatzeko deia zabaltzen die Altunak, 'irratia egingo bada, herritarrek egina izango baita'. Elkartearen aburuz, euskal irratiak 'ez du egitura enpresarialetan oinarritu behar, herrian baizik'.

Ekimenak aurrera egitekotan, herritarrek eta laguntzaile boluntarioek parte hartze handia izango dute, nahiz eta profesionalak ere bertan izango diren irratiaren gestioa gidatzeko. Boluntario hauek herrietako informazio iturrietara jo eta informazioa irratira helaraziko lukete.

Proiektua lehen pausoak ematen ari da egunotan eta, bultzatzaileek jakitera eman dutenez, lehenengo fase honetan jasotzen duten erantzunaren arabera, datorren hilean herri mailan ezagutzera emateko ekitaldiak egingo dituzte. Dagoeneko, Euskal Herriko herrialde guztietako zenbait eragileren sostengua bereganatu dute.


Esteka gehigarriak

Azti-Begia Elkartea, Irrati Nazionala sortzeko proiektua
www.aztibegia.net


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia