euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Armiarma.com literatur atariak jaso du 2005eko euskararen normalkuntzaren aldeko Antton Abbadia saria

23/11/2005

www.armiarma.com webgunea, informazioz jositako euskal literaturaren amaraun birtuala
www.armiarma.com webgunea, informazioz jositako euskal literaturaren amaraun birtuala

PUBLICIDAD

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman du nor den aurtengo Abbadia sariaren irabazlea: www.armiarma.com, euskal literaturari buruzko ataria. Susa argitaletxeak bultzaturiko webgune honek euskaraz eginiko literatura sarearen erabiltzaileen eskura jartzen du, bere orrietan egungo idazle eta klasikoei buruzko informazioa, ingelesera itzulitako euskal poesia, literatur kritikak, bertsoak eta aldizkariak aurkitu daitezkeelarik, besteak beste. Abenduaren 1ean jasoko dute saria eta dagozkion 12.100 euroak webgunearen arduradunek, Gipuzkoako Foru Aldundian egingo duten ekitaldi ofizialean.
Euskal literaturaren atari batek, 'www.armiarma.com, webguneak, irabazi du aurtengo euskararen normalkuntzaren aldeko Abbadia saria. Irabazlearen aurkezpen ekitaldian Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu Fernando Tapiak Armiarma.comek 'euskal literaturaren altxorra' Euskal Herriko eta mundu osoko internet erabiltzaileen eskura jartzeko egindako ahalegina goraipatu zuen.

Abbadia sariaren hamargarren edizioa da aurtengoa, eta irabazleak Xabier Laka zizelkariak sortutako oroigarria eta 12.100 euro jasoko ditu. Tapiaren esanetan sari honekin Armiarma.com webguneak azken bost urteotan egiten ari den lana aitortzeaz gain, aurrerantzean ere literaturaren demokratizazioaren aldeko ahalegin honekin jarraitzeko sostengua eman nahi izan dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Duela bost urte jarri zuen abian proiektua Estrata Liburuak SLk elkarteak, hau da, Susa argitaletxearen eta Armiarma.com-en atzean dagoen enpresak. Enpresa pribatu bat izan arren, proiektua ez du ikuspen komertzial batera lerratu, Tapiaren esanetan, eta irakurleei euskal literaturara hurbiltzeko medio eta loturak eman dizkie. Lan hori egiteko, Armiarma.comek unean uneko laguntzaileak eta bitartekoak aurkitu eta kudeatzeko trebetasuna izan du: herri erakundeen diru laguntzak eskuratu, egile nahiz argitaratzaileen eskubide arazoak konpondu, literatur iturri elektronikoak zituztenekin adostasuna lotzea... Egile zuzen izateaz gain, eragile ere izan da.

Literatur Emailuak 200 jada

Armiarma atariak bederatzi atal desberdin ditu: 'Literaturaren Zubitegia', sarean euskal idazleei buruz dagoen informazioa (aipamenak, estekak, efemerideak, kritikak, bibliografia...) lotura bidez iltzen dituena; 'Klasikoen Gordailua', idazle klasikoen lanak biltzen dituena; 'Bertso eta Olerkien Hemeroteka', 'Kritiken Hemeroteka', 'Euskal lokuzioak Sarean'; 'Basquepoetry.net', euskal poesia ingelesara itzulia, mundura ezagutzera emateko; 'Literatur Aldizkarien Gordailua'; 'Zaldiero idazleekin' argazki tartea eta 'Literatur Emailuak'. Aste honetan gainera 200. Literatur Emailuak, posta elektronikoz bidalitako literatur albiste boletina, bidali dute.

Aldundiaren ustez, literatur testuak formatu elektronikoan ematearekin batera, Armiarma.comek testuari balio erantsia eman dio beti: digitalizatutako testuen eta hitzen bilatzaile indartsua, literaturaren albo-inguruetako informazio kualifikatua (literatur kritiken hemeroteka, euskal idazleen fitxa elektronikoak eta argazkiak) eta literatur albisteen hedakuntza asteroko 'Emailuen' bidez.


Lotura interesgarriak

Abbadia sarien 2005 ediziorako hautagaiak aurkezteko epea, zabalik
Euskalkultura.comen argitara emana, 2005ko irailaren 7an

Tinko Euskara Elkarteak jaso du 2004ko Abbadia saria
Euskalkultura.comen argitara emana, 2004ko abenduaren 2an

Diasporarekin harremana duten proiektuentzako 'Juan Zelaia' beka
Euskalkultura.comen argitara emana, 2004ko urtarrilaren 13an


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia