euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Armiarma.com-ek 2005eko Abbadia saria jaso zuen atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako ekitaldi ofizialean

02/12/2005

Mikel Elortza, Susa argitaletxeko kidea, 2005eko Abaddia saria jasotze ekitaldian egin zituen hitzak eskaintzen (argazkia euskalkultura.com)
Mikel Elortza, Susa argitaletxeko kidea, 2005eko Abaddia saria jasotze ekitaldian egin zituen hitzak eskaintzen (argazkia euskalkultura.com)

PUBLICIDAD

'Jabetza erregistroz betetako gizarte honetan, jabetza publikoko espazioak behar ditugu' esanaz azaldu zuen atzo Mikel Elortzak, Susa argitaletxeko ordezkariak, euskal literatura zabaltzen duen armiarma.com webgunearen filosofia. Azken bost urteotan eginiko lan honengatik Abbadia 2005 saria jaso zuten atzo armiarma.comeko arduradunek Gipuzkoako Foru Aldundian, euskal kulturaren arloko lagun eta ordezkariez inguraturik.
Armiarma.com webguneko arduradunek 2005eko Anton Abbadia saria jaso zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiaren areto nagusian eginiko ekitaldi ofizialean. Bertan izan ziren euskal kulturako aurpegi ezagun asko, tartean Miren Azkarate, Joan Mari Torrealdai, Joxe Leon Otaño, Joan Mari Iturralde, Patri Urkizu, Pello Zabala, Iñaki Irazabalbeitia, Joxean Muñoz eta Juan Mari Larrarte bezalako izenak eta armiarma.com-eko beste hamaika kide, lagun eta erabiltzaile.

Fernando Tapia foru diputatuak armiarma.com-ek euskal literatura sarera eramateko ahalegina azpimarratu zuen, ekimen pribatua izan arren webgunearen 'ikusmen publikoa' eskertuz. Armiama.com-en izenean Mikel Elortzak, webgunea bultzatzen duen Susa argitaletxeko kideak, jaso zuen saria, eta beronekin datorren 12.001 euroko txekea.

'Sariak pozten gaitu guk ulertzen dugulako saritu dela gure lana, eta gure lan egiteko modua. Saritu da armiarma.com-ek duen bokazio publikoa', esan zuen Elortzak. Webgunearen filosofia azaldu zuen ondoren, 'jabetza erregistroz betetako gizarte honetan, jabetza publikoko espazioak behar ditugu; lehen ere badaude nahiko ezkutatutako material gordeak. Horiek argitara atera behar dira, eta horretan ari gara', esanaz.

Armiarmaren 'pozoina' zabaldu

Literatura, eta kultura ondarea orohar, guztiona dela ulertu eta guztion eskura egon behar duela pentsatuz, armiarma.com-en lanak Internetek eskaintzen dizkion baliabide eta aukerak aprobetxatzen ditu. Jardun horretan lagun nagusi izan dituzten idazleen laguntasuna eskertu zuen eta sariak emandako bultzada eta laguntza ekonomikoa 'armiarmak bere pozoina zabaltzen jarraitzeko indarra izan dezan' erabiliko dutela amaitu zituen Elortzak bere hitzak.

Armiarma atariak bederatzi atal desberdin ditu: 'Literaturaren Zubitegia', sarean euskal idazleei buruz dagoen informazioa (aipamenak, estekak, efemerideak, kritikak, bibliografia...) lotura bidez biltzen dituena; 'Klasikoen Gordailua', idazle klasikoen lanak biltzen dituena; 'Bertso eta Olerkien Hemeroteka', 'Kritiken Hemeroteka', 'Euskal lokuzioak Sarean'; 'Basquepoetry.net', euskal poesia ingelesara itzulia, mundura ezagutzera emateko; 'Literatur Aldizkarien Gordailua'; 'Zaldiero idazleekin' argazki tartea; eta posta elektronikoz bidaltzen dituzten 'Literatur Emailuak'.

Irakurle eta kolaboratzaileei eskerrak

Webguneak idazle, liburuzain, artxibo arduradun, eta literaturzale partikularren laguntza jasotzen du, eduki hauek sarean jarri eta mantentzeko. Horiek eta webgunean egunero nabigatzen ibiltzen direnak bereziki gogoan izan zituen Elortzak eskerrak ematerakoan.

Ekitaldian webguneari buruzko ikus-entzunezko dokumental bat ikusi ahal izan zuten bertara bildu zirenek, eta musikarik ere izan zen entzungai: Haydnen 'Allegro'; Carlos Gardelen 'Por una cabeza' tangoa eta, ekitaldiari amaiera ipiniz, Mikel Laboaren 'Txoria-txori', Mirari Irurtzun (biolina), Mikel Emezabal (klarinetea) eta Iñaki Alberroren eskutik.


Lotura interesgarriak

Armiarma.com
Literaturaren zubitegia

Gipuzkoako Foru Aldundia
www.gipuzkoa.net atari instituzionalean

2005eko Abbadia sariaren ekitaldia
www.gipuzkoaeuskara.neten

Armiarma.com literatur atariak jaso du 2005eko Abbadia saria
Euskalkultura.comen argitara emana, 2005eko azaroaren 23an

Abbadia sarien 2005 ediziorako hautagaiak aurkezteko epea, zabalik
Euskalkultura.comen argitara emana, 2005ko irailaren 7an

Tinko Euskara Elkarteak jaso du 2004ko Abbadia saria
Euskalkultura.comen argitara emana, 2004ko abenduaren 2an


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia