euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Argiak zenbaki biribila bete du: euskal astekariaren 2000. zenbakia heldu zen atzo kioskoetara

07/07/2005

Hurrenez hurren, Argia astekariaren lehen alea (1963) eta 2000.a
Hurrenez hurren, Argia astekariaren lehen alea (1963) eta 2000.a

PUBLICIDAD

Euskal komunikabideen historian gutxik lortutako marka bete berri du Argia astekariak: 2000. alea plazaratu. Zenbaki borobil hau ospatzeko, goi mailako elkarrizketez jantzitako ale berezia prestatu dute: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Joseba Sarrionandia eta Ramon Jauregi euren artean. Larrun hilabetekaria ere badakar azken zenbakiak, bertan Mikel Atxagak, Pello Zubiriak, Elixabete Garmendiak eta Josu Landak azken 40 urteetan euskal komunikazioak egindako ibilbidea aztertzen dutelarik.
1963 urtean Zeruko Argia aldizkaria astekari bihurtu eta geroago egungo Argia izango zenari sorrera eman zionetik 2000 ale plazaratu ditu euskal komunikabideak, azkena atzo bertan heldu zelarik Euskal Herriko kioskoetara. 2000.aren portadan 'Independentzia' leloa jarri dute Argiakoek, urteotan astekariak jorratu nahi izan duen kazetaritza ereduaren seinale.

Ehun orriko ale mardula da 2000.a eta eduki oso landuak bildu nahi izan ditu. Elkarrizketak adibidez: Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eginikoa, Joseba Sarrionandia idazleari eta Ramon Jauregi buruzagi sozialistari. Ohi bezala artikulu eta erreportaje ugari dakar aldizkariak, ohi duen profesionaltasun eta mimo bereziarekin prestatuta.

Euskal komunikazioari buruzko hausnarketa

Zenbaki biribila betetzeak atzera begirakoa ere eskatzen duela-eta, azken asteotan Argiak 42 urte hauetan argitaratutako erreportajeak ekarri ditu gogora www.argia.com webgunean. Orain, 2000. alearekin banatu duten Larrun pentsamendu aldizkariak borobiltzen du atzera begirako hori, urteotan euskal komunikazioak izan duen ibilbidearen hausnarketa sakon bat eginez Mikel Atxaga, Pello Zubiria, Elixabete Garmendia eta Josu Landa kazetarien eskutik.

Ospakizun ugari

2.000. zenbakiaren inguruko ospakizunak ez dira alearen argitalpenarekin amaituko, Argiako lantaldeak ekitaldi eta sorpresa ugari prestatu baititu datozen hilabeteetako. Horien artean, 30 urtetik beherako kazetarientzako erreportaje lehiaketa dute antolatuta, eta urriaren 28ra arteko epea dute parte-hartzaileek lanak aurkezteko.

Bestalde, udazken partean lau mahai-inguru ari dira antolatzen, euskara, ekonomia, kultura eta politikari buruzkoak. 'Euskal Herria 2005-2025' izenburua izango dute jardunaldi hauek, eta alor bakoitzeko punta-puntako hizlari eta pentsalariak biltzea da beraien asmoa.


Lotura interesgarriak

Argia aldizkaria interneten
www.argia.com

'Argia astekaria 2000 alera helduko da uztailean'
Euskalkultura.com-en, 2005eko maiatzaren 10ean argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia