euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Andres Urrutia euskaltzainburu berria: 'Euskaltzaindia ez da arinegi jokatzeko erakundea' (Bizkaie!-n)

10/01/2005

PUBLICIDAD

[Koldo Isusi Zuazo Bizkaie!-ko zuzendariak sinatzen du Andres Urrutia euskaltzainburu berriari eginiko elkarrizketa, bizkaierazko aldizkari horren azkeneko alean]

-- Zorionak. Gabon giroan eta ia-ia urtebetetzeagaz batera izentau zinduezan Euskaltzainburu; 1997an Alfonso Irigoienen lekua hartu zenduanean baino ilusino handiagoa egingo eutsun...

Bai, seguru ganera. Gauza desbardinak dira. Ez da gauza bera euskaltzain oso izatea eta behin euskaltzain oso izan ostean, Euskaltzaindiaren kezkak eta ardurak sakonago hartzea. Lehenengo kasua bizitza baten helburua dala esango neuke eta bigarren kasuak... ez deust ilusino gitxiago egin, ez, baina egia da ohituago nengoala eta ez nauala sorpresan, arrapaladan edo uste-ustean hartu. Beste alde batetik, azken lau urteotan Euskaltzaindiaren zuzendaritza-taldean ibili naz eta Gipuzkoarrek esaten daben legez, eskarmentua baneukan.

-- ‘Ekin eta jarrai’ da Euskaltzaindiaren lemea. Jean Haritschelharrek azken 16 urteotan urratutako bideari jarraituko deutsazu?

Persona bakotxak beraren estilotxua edo tankeratxua izaten dau eta lerro nagusietan eta oraingoz behintzat, uste dot Haritschelharrek eta Villasantek zabaldutako bideari segidutea onuragarria dala Euskaltzaindiarentzat.

Halan da be, bistan da, XXI. mendean bizita, aldakuntza batzuk egin beharko dirala, batez be erakundearen barruko antolakuntzearen ikuspuntutik. Ganera, ikerkuntzearen, hartu-emonen eta holako arloetan zabalago jokatu beharko dau Euskaltzaindiak, euskalgintzearen esparruan beraren presentzia areagotzeko eta bermatzeko. Horretan proiektu ugari daukaguz eta zuzendaritzeak horixe egingo dau, beraren egitasmoa ondu, oraindino ideietan eta papeletan zehaztu barik dagoana zehaztu eta hemendik bi edo hiru hilabetera aurkeztu, osoko bilkureari hain zuzen be, bertan eztabaidatu dagian eta erabagiak hartu dagiazan. Ondo dakigunez, Euskaltzaindia ez da bat, bi, hiru edo hogeitalau. Euskaltzaindia erakunde bat da, euskaltzain mueta asko dagoz, ohorezkoak, osokoak eta urgazleak. Euskaltzain horreen guztien artean egiten da, eta ideia hori azpimarratu egin behar da. Hau da, Euskaltzaindiaren proiektuak eta aurrerakuntzak euskaltzain guztiak kontuan hartuta eta aintzat hartuta egiten dira beti.

-- Aurrerapausuak emoteko proiektuak aitatu dozuz.

Hiru-lau lerro nagusitan aitatu geinkez proiektu horreek. Lehenengo eta behin, barne-araudi aldaketak, batez be erakundea gaztetzearen aldera. Bigarren, ikerkuntzearen berrindartzea aitatu geinke. Oraintxe amaitu doguz proiektu batzuk eta hasteko beste batzuk be badaukaguz, euskal corpus onomastikoa, euskal gramatika orokorra... Hirugarrenez, Euskaltzaindiak daukazan ekonomia eta giza-baliabideak orekatu eta zorroztu egin behar dirala esango neuke. Horrek finantziazino-eskema finkoa eskatzen dau, eta Euskaltzaindiak urtero jakitea zeintzuk izango diran beraren ekonomia eta giza-baliabideak aurrera egiteko. Horrek negoziazino batzuk eskatzen ditu eta hortik segidu beharko dogu, proiektu horreek guztiak mamitzeko eta gauzatzeko gauza garan ikusteko.

-- Emoten dau zure izentapenagaz goitik beherako aldaketak datozela.

Nik esango neuke goitik beherako aldaketak baino, pausuz-pausuko aldaketak dirala. Aldaketak egongo dira, bai, baina ez dira goizetik gauerako aldaketak izango, apurka-apurkako aldaketak baino.

Askotan ez dogu jakiten zein dan aldaketearen eta egokitzapenaren arteko mugea. Halan eta guztiz be, esango neuke horretarako bokazinoa euki badaukagula, eta orain okasinoa topau behar dogu.

-- Oraindino bete-betean lanean hasi ez bazara be, buruari buelta batzuk emoten bazabiz. Zeintzuk izango dira zure lehenengo egitekoak?

Lehenengo eta behin, diagnostiko bat egingo dot. Euskaltzaindiak zer behar dauan, nora joan behar dan, zer egingo dauan hurrengo lau urteotan... Eskarmentua badaukat eta hori guztia ezagutzen dot, baina azterketa sakonagoa egin gura dot.

Diagnostiko horren aurrean, Euskaltzaindiari zer eskainiko deutsagun zehaztuko dot zuzendaritza-talde barriagaz. Hau da: alde batetik diagnostikoa eta bestetik gure konponbideak edo urtenbideak egongo dira.

-- Euskaltzaindiari erabagi asko berandu eta oker hartzea eta erakunde ‘arkaikoa’ izatea leporatu izan jako sarri, gizartearen erritmoari ez eustea hain zuzen. Zein da zure eretxia?

Ideia hori dago zabalduta baina nik uste dot topikoa dala. Gauza bi bereiztu behar dira. Batetik, euskereak edo euskalgintzeak ez dauka erakunde nabarmenik Euskaltzaindiaz gan, eta horregaitik, egiturearen ikuspuntutik batez be, erakundea barriztu egin behar dala uste dot. Bestetik, kanpora begira, Euskaltzaindiak eragingarriagoa izan beharko leukela uste dot, arinago jokatu beharko leukela. Baina kontuz, arinago jokatzeak ez dau esan gura arinegi jokatu behar danik, ezta inondik be. Euskaltzaindia ez da, ezta pentsau be, arinegi jokatzeko erakundea. Euskaltzaindiaren lanak gogoetea, lasaitasuna, egon beharra eskatzen dau, euskalgintzea aurrera doan neurrian Euskaltzaindiak egindakoak balorau behar ditu, batu, bildu, sistematizau, bideratu... Hori da Euskaltzaindiaren eginkizuna, eta nik esango neuke baita eratuta dagozan ganerako akademiena be.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiaren egoerea oso berezia da. Euskerea gaur egun ez da hizkuntza normalizatua. Orduan, premina batzuk sortzen dira eta erakundeak erantzun bat emon behar deutse. Azken urteotako preminarik larriena normalkuntzearena da. Euskerea garatu egin da, eta aurrera egin dauan neurrian, behar batzuk daukaz. Kritika hori ulergarria da, baina puntu bateraino, euskerearen barruratzeak behar egiteko lasaitasuna eskatzen daualako. Bestela, kontrakoa pasetako arriskua dago, hau da, arauak batera emon eta gero atzera egin beharra.

Gure hizkuntzearen egoerea beste hizkuntza normalizatuena ez dala kontuan hartuta, egonkortasunaren ikuspegitik egin behar dogu aurrera.

-- Euskaltzaindiaren erronka nagusia euskera batua sendotzea da. Batasun eta normalizazino prozesu horretan zeintzuk izango dira hurrengo pausuak?

Bai, euskera batua da Euskaltzaindiaren helburu nagusia, holan izan da, holan da eta holan izango da. Horrek ez dau esan gura ez dagoala euskalkiakazko begirunerik. Nik esango neuke Euskaltzaindiak azken aldian beste ikuspuntu batetik ikusten dituala euskara batua eta euskalkiak, eta euskera arruntaz eta teknikoaz gan, euskara batua-euskalkiak buztarketea bultzatu gura dau erakundeak. Hiztegi batua da horren erakusle bikainena, Hiztegi Batua dan heinean euskalki guztietatik hartzen dira eta terminoak. Ez dogu ahazten euskerearen bizitasuna euskalkietan dagoala, euskera erabilian.

Argi dago euskara batua ezinbestekoa dala, baina osotu, moldatu egin behar da eta horretan daukagu erronka eta horretan jardungo dogu.

-- Sarritan leporatu izan jako euskera batuari artifizialegia dala eta zuzentasunaren esklabo be badala.

Ni ez naz persona egokiena horreri erantzun bat emoteko. Niretzako naturaltasun osoz bizi dira euskera batua eta euskalkiak. Daukadan komunikazino premiaren arabera, euskalkia edo batua erabiliko dot. Horretan ez dot ikusten arazorik. Batuerea alkarregaz ondo ulertzeko tresna legez ikusten dot nik. Horregaitik, zeozer estatikoa baino, batua dinamikoa da.

-- Eregite prozesu horretan, zein da euskalkien lekua?

Urte askotan egon naz Lea-Artibain bizitzen eta esan behar deutsut komunikazinoari jagokonean, euskalkietan dagoala bizia. Beste gauza bat da euskalki horren izenean euskalki barri bat egin gura danean. Euskalkien atxakiagaz ez dot ontzat emoten euskalki barriak sortzea. Bizkaierearen kasuan, urte askotan ikertzen ibili ostean, zeozelako batasuna lortu zan, maila idatzian behintzat. Baina ez dot uste ona danik batasun hori erabiltea euskerearen batasunera joteko.

Niretzako euskalkiak naturalak dira, ahozko komunikazinorako euskalkia erabilten dot eta batzutan baita idatzirako be. Horregaitik, euskara batua euskera bizi horreetatik aberastu behar dala uste dot. Euskera batua ez da ‘euskera uniformizatzailea’ izan behar, baina bai ‘euskera plurala’.

-- Bolada bateko euskerea ikasteko jokereari esker, euskaldunbarriak asko dira gaur egun eta ezagutza maila be nahiko handia da ume eta gazteen artean. Edozelan be, euskerea erabili ezean, ez dago aurrera egiterik.

Bai. Ondarrura joan nintzanean lanean pentsatu neban lehenengo gauzea hau izan zan: ‘hemen, euskerea erabili ezean, ez dago zer eginik’. Orduan, ahalegin berezia egin neban nire euskera mailea fintzeko, zorrozteko, eta bertako biztanleakandik hainbat gauza ikasi dodaz.

Horrek erakusten dau posible dala bizitzaren hainbat arlotan euskerea naturaltasun osoz erabiltea. Horregaitik, txalotzekoa da euskaldun barrien jarrerea, bultzada handia emon deutse euskereari eta. Prozesua astiro doa, baina badoa.

-- Erabilerearen kontua konpondu barik, kalidadeko euskereagaz gabiz arduratuta orain.

Kalidadeko euskerea egon badago, hiztunengan eurengan. Kalidadeko euskerea da gaur egun komunikabideetan egiten dana? Kalidadeko euskerea egoera bakotxari egokitzen jakon euskera zuzena da. Euskerea ikasten dabilenaren mailea hobetzea ez da kalidade kontua, ikasketa prozesua baino. Behar komunikatiboari erantzuten deutson euskerea da kalidadekoa, jakinda erregistro batzuk egon badagozala. Beste gauza bat da, eta hori bai ez dodala onartzen, kalidadearen izenean beste eredu jakin batzuk saltzen diranean, eta gitxiago eredu horreek alde batekoak bakarrik diranean.

-- Aitatutako kontzeptu bi horreen garrantzia ukatu barik, ez ete da inportanteagoa euskerearen prestigioa berreskuratzea eta euskereak bide barriak jorratzea?

Hori da orain arte egin gura izan dodana eta ahal dodan neurrian behintzat, hori da egingo dodana. Euskereari prestigioa emon gura deutsat, orain arte erabili ez dan lekuetan euskerea erabiltea gura dot. Euskerea ezin da arlo jakin batzuetako hizkuntzea izan, bestela hondamendia jatorku.

Baina zabaltze-prozesu hori ezin da modu zoroan eta arin egin. Horregaitik planifikazino bat egin behar da, eguneroko lana ezinbestekoa da. Holan, apurka-apurka beteko dira helburuak.

-- Euskaltzainburu legez, zer eskatzen deutsazu urte barriari?

Adorea eta kemena, Euskaltzaindiaren ontziaren lemeari ondo eusteko. Tripulazino ona daukagu, eta ia lemazain egokia nazan. Izan be, tripulazinoko kide izatea eta lemazain izatea ez da gauza bera. Ez dot kapitain berbea erabilten ez nazalako kapitain legez ikusten, koordinatzaile legez baino. Ikusiko dogu txalupari eusten deutsagun!

(2005-01-10ean Bizkaie! aldizkarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia