euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Aitzindari izan diren euskaltzaleak ezagutaraztea helburu duen Bidegileak bilduma 16 izenburuz aberastu da: Etxahun-Iruri, Tene Mujika, Jesus Maria Leizaola, Andolin Eguzkitza... (Garan)

16/03/2005

PUBLICIDAD

Euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak ezagutaraztea helburu duen «Bidegileak» bilduma hamasei liburuxka berriekin aberastu da. Liburuxkok ­--launaka sailkatuta, ohi bezala­ legegile, sendagile, irakasle eta ikertzaileen berri ematen dute. «Batzuk oso ezagunak dira, beste batzuk, berriz, ez hainbeste, baina den-denek bere ekarria egin diote euskalgintzari», nabarmendu zuten atzo Patxi Goenaga Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mikel Atxaga bildumako zuzendariak.

Donostia. Jesus Maria Leizaola, Etxahun-Iruri, Tene Mujika, Andolin Eguzkitza... guztira, hamasei. Beraz, ez da harritzekoa atzoko aurkezpen prentsaurrekoa jendetsua izatea. Batetik, hamasei liburuxkak idatzi dituzten egile gehienek parte hartu zutelako, hala nola, Jose Luis Lizundia, Jean Louis Davant, Arana Martija edota Ines Pagaolak. Bestetik, berriz, biografia egin dietenen hainbat senide ere bertaratu zirelako, adibidez, Joseba Leizaola edota Teodoro Hernandorenaren semea. Baten bat egile gisa ez ezik senide gisa ere joan zen. Horra aitona zenaren biografia paratu duen Joxe Angel Irigarai. Liburuxkak, bilduman egin ohi duten bezala, launaka sailkatu dituzte, karpetatan. Lehenengo karpeta ­bildumako 34garrena­ lau legegizon euskaltzaleri dagokie, Nazario de Oleaga, Jesus Maria Leizaola, Hipolito Larrakoetxea eta Bonifazio Etxegarairi, hurrenez hurren. «Andres Urrutiak proposatu eta ia egina eman zidan», aitortu zuen Mikel Atxagak.

Legegileek bat merezi bazuten, sendagile euskaltzaleek ere beste horrenbeste merezi zutela ondorioztatu zuen zuzendariak. Horren lekuko da Jean Etxepare, Fermin Irigarai, Teo- doro Hernandorena eta Jose Luis Gotiren biografiak biltzen dituen karpeta, bigarrena.

Hirugarren karpeta lau ikertzaileri eskainia da, Andolin Eguzkitza, Jose Maria Jimeno Jurio, Jose Maria Satrustegi eta Juana Atxabali. Gizonezkoak duela gutxi zendu dira. Emakumezkoa, berriz, bizirik da. Moja da, eta filosofia kontutan hamaika lan egindakoa.

Laugarren karpeta barietate gehien duena da. Antonio Arzak, Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri, Felipe Arrese ta Beitia eta Tene Mujikaren biografiak bildu dira. Atxabalekin batera, Mujika da hamasei bidegileetatik emakumezko bakarra. Tamalez, esan zuen Atxagak. «Inork euskara ondorengoetara pasatu badu, emakumeak pasatu du. Onenean, euskara legea aitak jarri du. ‘Etxean euskaraz’, zakar esango zuen. Baina umeei euskara irakatsi diena ama izan da. Hala ere, bidegileen artean emakume gutxi aurkituko dugu, euskara plazaratzen gizonezkoak izan zirelako nagusi», adierazi zuen.

Hamasei liburuxka berriak, orain arte bilduman plazaratutako guztiak bezala, paperean ez ezik interneten ere eskura daitezke, www.euskara.euskadi.net webgunean.

Atzo, bai Goenagak eta bai Atxagak gogoan izan zuten Joseba Olalde, iaz hil zen argazkilari arabarra. Bildumarako makina bat lan egindakoa zen.

(2005-03-16an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia