euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Agur Obaba. Atxagak 'El hijo del acordeonista' eleberria aurkeztuko du gaur Madrilen; lan sentimental bezain politiko honen ostean, ez da Obabara berriro itzuliko; umorera joko du, barruak hala eskatuta (Deian)

08/09/2004

PUBLICIDAD

Humberto Unzueta/Gasteiz. Bernardo Atxagak gaur aurkeztuko du Madrilen 'El hijo del acordeonista' eleberria. Iaz, urte amaieran, kaleratu zueneko 'Soinujolearen semea' entzutetsuaren itzulpena egin dute Asteasuko idazleak berak eta bere emazte eta lanbidez itzultzaile Asun Garikanok. Biek ala biek gogor jardun dute lanean gaurko hitzordura ordura iristeko eta iritsi dira. Espainolez, katalanez eta galegoz argitaratuko dira, momentuz, David Imaz Obabako soinujolearen semearen gorabeherak.

Davidek Obabako mundu erruralean ematen du bere haurtzaroa eta bere nerabezaro katramilatsua, tartean ETAn izan zuen esku hartzea erakunde armatuaren hastapenetan. Obaba utzi eta Californiara alde egiten du bere iragana atzean utzi asmoz. David Amerikako Estatu Batuetan hil egiten da eta bere biografiaren hiru kopia uzten dizkio Joseba lagun minari. Testu hoietan dago harilkatuta soinujolearen semearen kontakizuna: Espainiako Gerra Zibilaren ondoko garraztasunak, 60ko hamarkadako eraldaketa Euskal Herrian, 70eko hamarkadako zalaparta politikoa... Hari ugari eta askotarikoak biltzen ditu Atxagak bere eleberri sentimental bezain politiko honetan. Obabakoak eta Gizona bere bakardadean liburuen ostean, 'Soinujolearen semea' nobelarekin Obabarenak bereak egin du.

Zer kontatzen du liburuak? Amodiozko istorio bat al da, politikari buruzkoa, memoriari buruzkoa?

Nere planteamendu literarioak zurrunbilo batean bezala eraztun asko eta ezberdinak ditu. Eleberrian kontatzen da lagun baten hainbat egoera txar, hainbat infernu, nola atera den infernu hoietatik. Kontatzen da mundu batetik bestera egin den ibilia, mundu zaharretik mundu ez berrira baizik eta oraingo mundu honetara. Hori da aurreneko eraztuna baina liburua osoa batetik bestera pasatzen duen sinboloa hilobia eta tximeletarena da. Hilobia eta tximeleta, mundu klasikoan, heriotzaren eta berpizkundearen enblema dira.

Obabak sinbolizatzen duen mundu horrek bizi izan du berpizkunde hori denbora guzti honetan?

Hor ikusten da gizartea nola eraldatu den. Eraldaketa batzuk ez dira izan inolaz ere onuragarriak pertsonentzat. Esate baterako, Gernikako bonbaketak ekarri du desesperazio politiko bat eta hori txarra izan da bai desesperatuentzat bai desesperatuen biktimentzat. Baina Obabaren munduan badaude ere irudi alaiak. Eraldaketa horretan batzuk galbidea aurkitu dute eta beste batzuk, berriz, bizibidea.

Eta non gaude une honetan? Ba al dago oreka punturik Obabaren mundu zahar eta egungo mundu honen artean?

Nere mundua ikusteko moduan ez da onuragarri mundu bakar baten bizitzea. Bizitzea gaurko denboran soilik, azal-azalean bizitzea, oso tristea da niretzat. Nahiago dut nere baitan bi denbora egotea: antzinako denbora eta oraingo denbora. Antzinako denbora ikusi nahi baldin baduzu edozein tokitan begiz jo dezakezu. Adibidez, dantzari bati erreparatzen badiozu, hitz egiteko doinu bat ikusiko duzu, auzo harreman bat atzematen dut...

Berpizkundea zure ibili literarioan ere gertatzen ari da? David protagonista bezala, ez zara itzuliko Obabara, agur esan diozu mundu horri.

Hala nahi nuke. Gero ta argiago daukat umorera joko dudala, umorera baina ez umorismora. Umorea esaten dudanean ez naiz txisteak kontatzen hasiko naizela esaten ari, errealitatearekiko halako distantzia bat eta irrifarrarekin irakur daitezkeen testuak sortzeko asmo batez baizik. Zinez diotsut, barruak eskatzen dit umorera jotzea. Umorea oso ondo dator gero eta jende gehiago baitago larritasun batekin mintzatzen zaiguna, halako seriotasun ustel bat erabiltzen duena, badakizu betiko fariseoak...

Gizartearekiko konpromiso handi bat somatzen da zure jarreran, deskribatu duzun egoerari horri aurre egiteko antidoto bat eman nahiko bazenio bezala.

Bai, beharrezkoa ikusten dut, baina ez ikuspegi moralizante batetik, ikuspegi zabal batean ulertu behar da, ez dago literatura moral bat egiteko asmorik. Are gehiago, dagoeneko hasi naiz bide hori jorratzen, eta gustura gainera, egunotan idazten bainago ildo horretan doan 'Hiru bizkarzain zituen idazlea' izeneko umorezko testu bat.

Imajinatzen duzunez, jendearentzat erregistro aldaketa hori, berpizkunde hori irenstea, zaila izango da, orain arte jorratu duzuna poetikoagoa, malenkoniatsuago, izan delako.

Egia da, baina pentsatzen dut nire benetako apustua umore malenkoniatsua egitea izango dela. Seguruenik ezin izango dut nire berezko izaera malenkoniatsu hori hautsi. Badago umore tristea ere, ez da nik egin nahi dudana baina badago, nik beste bat egin nahi dut, liburu honetan badaude egin nahi dudan umorearen zertzelada edo lagin ba-tzuk, umore fina azken batean.

Idazteaz landa, bestelako eginkizunik ba al duzu buruan?

Poesiaren arloan, poesia irakurketa publikoen arloan zehazki, badago erronka handi bat horretan zerbait egitea, baina engainurik gabe, hots, poesia egin modu zorrotz eta fin batean pentsatuz jendaurrean irakurriko dela. Iruditzen zait etorkizun handiko jardun bat dela, lehen zuena baino askoz gehiago, batez ere gaur egun mezu gehienak tarteko zerbaitekin etortzen direlako, pantaila batekin etortzen direlako. Aurrez aurreko irakurketa hori, lagunarte hori, klub hori buruan darabilt... horrelako zerbait ere egin nahi nuke, baina gauza bizi eta dinamikoa behar luke. Beharbada horrek ere ekarriko dit jardun zabala.


ITZULPENA, BI KOLPETAN

Itzulpena egiteko ez al da hobeto norberak egin beharrean, itzultzaile baten esku uztea?

Hoberena da tartean norbait egotea. Testuarekin azken unera arte borrokatu behar da eta horregatik hobe da tarteko norbaiten laguntza, kasu honetan hurbilekoa izan dut pertsona hori, Asun. Harrijasotzaileak harria nola, itzulpena ere bi kolpetan jarri behar da bizkarrean.

Testua zuzentzeko edota aldatzeko tentazioarik izan al duzu?

Pasarte bat kendu egin dut, erdarara itzultzerakoan oso nabarmen geratzen zelako, testua perturbatu egiten zuelako, baina oinarrian haria bere horretan geratu da.

Ez al da hori iruzur txiki bat egitea irakurleari?

Ez, irakurleak badakielako idazleak etengabe idazten eta berridazten duela. Testua beti dago gurpilean, literaturaren legeak bidea ematen dit aldaketak egiteko.

Azken boladan euskal literatura asko itzuli da gaztelaniara.

Horrek adierazten du Euskal Herrian gizarte sektore oso dinamiko bat, unibertsitatetik pasatakoa, idazten eta itzultzen jarri dela. Orain etorriko den auzia izango da zergatik euskaraz idatzi? Baina ez da lehen bezala planteatuko gaia baizik eta askok pentsatuko du zergatik euskaraz idazteko hainbeste lan hartu, Euskal Herritik kanpo ere publikatzeko aukera erreala dagoenean. Hori etorriko da ze gaur egun aukera errealak daude. Nik pertsonalki pentsatzen dut nork bere esparrua, errealitate hurbilean eta komunitatean lan egitea dela hoberena, burua hor trinkotzea. Beste batzuk pentsa dezakete jauzi hori egitea, baina horrek ere badu arriskurik.

Beraz, zure oinarrizko hizkuntza, literaturari dagokionez, euskara izaten jarraituko du.

Bai, ez bakarrik hizkuntza bera baizik eta baita ere nire lehen erreferentzia euskal komunitatea izango da, zentzu orokor eta ideologikoan. Ez dut sekula zalantza edo asmorik eduki transfigurazio bat izan eta Bernardo Robles bihurtzeko inongo literaturetan. Uste dut aukera ona dela, baina edonork du hizkuntzaz aldatzeko eskubidea.


(2004-09-08an Deia egunkarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia