euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Agur Berria-ri

15/06/2003

PUBLICIDAD

«Berria» egunkariari ongietorri beroa egin zioten Anoetako belodromora joan ziren euskaltzale guztiek. Zero alea atzo banatu bazen ere, euskarazko kazeta ekainaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango da euskal herriko txoko guztietan.
Milaka pertsona joan ziren atzo Anoetako Belodromora, hurrengo larunbatean, ekainaren 21ean, kalean izango den Berriari ongietorria egitera. Nahiz kirolariek, nahiz kultur eta gizarte arloko pertsonaiek ere, beren babesa erakutsi zioten euskarazko egunkari berriari.

Hunkigarria izan zen «Berria»ren aldeko keinua egin duten pertsona guztiak bildu zituen jaialdia. Ekitaldiaren hasieran, txalaparta soinuaz lagunduta, eta, jendeak eginiko oihu eta txistuen artean, 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zuteneko irudiak ikusi ziren eskenatoki gaineko pantaila erraldoian. Ondoko irudietan, Donostian egindako manifestazio erraldoia eta Korrikan jasotako babesa ikusi ahal izan ziren.

Bestalde, 'Berria'ko zuzendari izango den Martxelo Otamendiri Kontseiluak eskerrak eman zizkion zuzendaritza onartzeagatik, eta, Otamendik, bere aldetik, espetxean dauden Xabier Oleaga, Iñaki Uria eta Xabier Alegria gogora ekarri zituen, horiek «kalean» egon behar luketela gogoraraziz.

Gero, proiektu berrirako berebizikoak diren 5 milioi euroak biltzeko akzioak erosteko deia egin zion jendeari. Horrez gain, Martxelo Otamendik euskarazko egunkariaren ale kopurua erruz igo dela nabarmendu zuen, 'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenean 15.000 ale argitaratzen zirela, eta gaur egun 23.000 ale saltzen ari direla adieraziz.

Atzo izandako jaialdian Erramun Martikorena abeslaria, Kukai dantza taldea, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolarien emanaldiaz ere gozatu ahal izan zen. Gainera, Joseba Tapia eta Ruper Ordorika musikariek elkarrekin abestu zuten Ez da posible abesti gogoangarria.

Horrez gain, Arantxa Iturbek hitza hartu zuen taula gainean zeuden kultur arloko pertsonaia guztien partetik Berriari babesa adierazteko. Josune Bereziartua eta beste hamaika kirolarik ere beste hainbeste egin zuten. Sindikatuek ere beren babesa erakutsi zuten, Rafa Diezek eta Jose Elorrietak elkarrekin esan zituzten hitzekin. Elorrietak «zoriondu» egin zuen Berria, eta Diezek euskarazko egunkariari emandako «berehalako erantzuna eta eraikuntzan egindako lana» goraipatu zituen.

Horren haritik, Juan Mari Larrartek ere Euskal Herriko herri batzordeek eginiko lana eskertu zuen, eta, besteak beste, taula gainera igo ziren Gordexolako, Zarauzko, Sarako, Uztaritzeko eta Baionako batzordeetako kideak. Kataluniarekin ere zuzeneko konexioa egin zen, herrialde horretatik jasotako babes osoari erantzun nahian.

Bukaeran, egunkariko langileak eskenatokira atera ziren salgai jarri diren 'Berria'ko kamisetak jantziak zituztela eta dantzan zebiltzan bitartean, puzzlearen azken pieza jarri zuten.

Izan ere, ekitaldiak aurrera egin ahala, 'Berria'ren 0 zenbakiaren azala ageri zen puzzlea osatzen joan zen pixkanaka. Azalean egunkari berria ekainaren 21ean kalean izango dela iragartzen zen, eta Antton Olariagaren marrazki bat lagun zuen. Gero, «aleak publikoan banatu ziren, egunkari berriak izango duen itxura eta bertan barneratuko diren edukiak zeintzuk izango diren jakiteko. Ondoren, kontzertua izan zen Kepa Junkerak, Ken 7k eta Betagarrik emana.

Egunkariko langileak Belodromoaren kanpoaldean 0 zenbakiak garraiatu zituen furgonetan, ibilgailuan erantsita zeuden Berria jartzen zuen eranskailuak kentzen ari zirenean Guardia Zibilen bi patrol bertaratu ziren.

20.30ak aldera, uniformedunak bertaratu zirenean, jendea urduri jarri zen. Azkenean, ordea, ez zen ezer gertatu, ohiko erregistro bat besterik ez baitzen izan.

Euskarazko egunkari berria sailez sail

L.I./Donostia Euskarazko egunkaria Harian deituriko albiste, gai, kronika edota erreportai batek zabalduko du egunero. Batzuetan, gaurkotasunezkoak izango dira sail honetan landuko diren gaiak, besteetan, aldiz, gai jakin bat modu zabalean lantzeko lekua izango da. Ondoren, Iritzia atala etorriko da, Euskal Herriko eta nazioarteko iritzi artikuluak jasoko dituen espazio irekia. Euskal Herria atalean, berriz, bertako errealitate soziopolitikoak toki esanguratsua izango du.

Bestalde, Ekonomia eta Mundua atalak ere izango ditu euskarazko egunkariak, hurrenez hurren, bai ekonomia datuen azpiko errealitatea plazaratzeko bai munduaren zabaltasuna erakusteko. Kolaboratzaile sare baten laguntza izango du.

Hurrengo orria Agenda izango da, eta zerbitzuak duen garrantziaren lekuko izango dira atal honi eskainiko zaizkion hamar orrialdeak. Agendaren berri izan ostean, euskal kulturaren erakusleiho abangoardista izan nahi duen Kultura atala etorriko da.

Kirola atalak, aldiz, diseinu berezia izango du egunkari berrian, eta hori sailari eman nahi zaion bizitasunaren eta kalitatearen seinale izango da. Azkenik, zientziaren esparrua Gaiak sailak landuko du, bertan osasunak, espazioak, teknologiak, ikerketak eta zientziaren gaineko espezialitateek toki berezia izango dute.

(2003-06-15ean Gara egunkarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia