euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

«Veneziako Bienalerako gonbidapena e-mailez bidali zidaten, eta ez nuen jaso»; elkarrizketa Maider Lopez artista donostiarrarekin, Veneziako artisten artean gazteena (Gara-n)

10/03/2005

PUBLICIDAD

Elkarrizketa hau egin bitartean, Maider Lopez artistaren telefonoak behin baino gehiagotan jo du. Donostiarra Veneziako Bienalean parte hartzeko hautatu dute eta kazetariak bere atzetik gabiltza, gonbidapen garrantzitsu horri nola erantzungo dion galdetzeko. Zalaparta handia da, baina eskaini dioten aukera paregabe horri lotuta doala dio.

Ekainaren 12tik azaroaren 6a bitartean, arte munduko hitzordu garrantzitsuenetarikoa izango da Italian: Veneziako Bienala. Aurten lehen aldiz, bi emakume arituko dira komisario lanetan, Maria de Corral eta Rosa Martinez espainiarrak, eta aire berria eman nahi diote 51. edizioari. Arte garaikidea nora doan aztertu nahi dute “Genio perfektua” lelopean, eta bi erakusketa antolatu dituzte horretarako, bata, Jardinetan, eta bestea, armategi zaharrean. Guztira ia 90 artista hautatu dituzte, munduko txoko desberdinetakoak, eta horien artean donostiar bat, Maider Lopez (1975), denetan gazteena.

­Kanpoan ibilia zara ikasketak egiten; New York eta Londresen, adibidez. Hau al da nazioartean egingo duzun lehenengo erakusketa garrantzitsua?

-- Bai, gauza txikiak egin ditut kanpoan, ikasketekin lotuta, eta arte ferietan izan naiz, Parisen, Berlinen, eta abar, baina, berez, hau da lehenengo erakusketa inportantea kanpoan, eta begira zein den!

­Veneziako Bienala hitzordu handia da artistentzat. Inoiz pentsatu zenuen bertan parte hartuko zenuela? Nola hartu zenuen berria?

-- Ezusteko handia izan da eta asko poztu nintzen. Ni izana nintzen ikusten, duela urte asko, eta orain erakusketan egoteaŠ Niretzat Bienala unibertsitatean ikasitako zerbait da eta bat-batean han egoteak izugarri pozten nau.

­Nola esan zizuten?

-- E-mail bat bidali zidaten gonbidatuta nengoela esateko.

­E-mailez? Ez al da oso hotza horrelako gauza bat esateko?

-- Beno, ez nuen jaso eta azkenean deitu egin behar izan zidaten ez nuelako erantzuten. Bigarrenean jaso nuen eta oso ondo.

­Noiz jakin zenuen?

-- Justu Arco baino lehen, duela hilabete bat inguru, eta horren ondotik dena oso-oso azkar joan zen. Paper batzuk bete eta Veneziara joan nintzen berehala, espazioa ikustera. Berez, bi espazio dira: bata hall-a, sarreran oso leku handia, eta bigarrena, bi gelaren artean dago, igarotze espazioa deitzen dena litzateke. Azken hori interesgarria da hain zuzen ere erakusketa areto batean egoten ez diren elementuak dituelako: eskailerak, zokaloren bat, espazio arraro samarrak dira.

­Zer aurkeztuko duzu?

-- Oraindik pentsatzen eta neurriekin lanean ari gara. Bi pieza egongo dira, baina ez dira erabat berriak izango. Orain arte egindako lanak hartu eta erabili egingo ditut. Ez da inprobisatzeko, erokeria bat egiteko edo zure azkeneko lana aurkezteko mementoa. Askotan, erakusketa batzuetan azkeneko lana jartzearekin obsesionatuta gaude, baina hau ez da horretarako gunea. Hemen, komisariorarekin hitz egin behar da; hark esaten dizu nondik nora joan nahi duen, eta horrela. Seguruena, pieza bat dagoeneko egindakoa izango da, baina berriro produzituko dugu eta erabat aldatuko da espazioaren arabera. Hori definitzen ari gara, pieza horrek zer forma berri izango dituen bi espazio horietan.

­Zure ibilbideagatik aukeratu zaituzte eta orain ezin zara hortik atera?

-- Nire ustez, Bienalak duen gauza ona erakusketa komisariatua izatea da. Artistek ez dute jartzen bakoitzak nahi duena, beste ildorik edo zentzurik gabe. Erakusketak komisariatuak daude eta, gainera, nik konfiantza dut komisario horiengan, eta horregatik interesgarria iruditzen zait artista-komisario harreman hori.

­Kanpora begira, aukera paregabea eskaintzen du Veneziak. Ate asko irekiko dizkizu?

-- Bai. Ez dakit nola edo zein maila arte, eta memento honetan berdin zait, baina nire lana orain arte ikusi ez duen jende askok ikusiko du, ni existitzen naizela ere ez dakien jendeak. Horrek bakarrik garrantzi handia du, baina, gainera, non ikusiko dute? Bienalean. Oso kontestu ona da zure lana erakusteko. Jende asko biltzen da Venezian, zifra ikaragarria da, eta mundu osokoa. Horrek garrantzi handia du ni Estatu espainolean mugitzen naizelako eta ez dut kanpora proiekzio handia izan; beraz, hau oso garrantzitsua da niretzat. Edonorentzat hala litzateke, nire iritziz, baina niretzat gehiago. Gainera, gazteena naiz.

­Zure piezak espazio zehatzetarako eginak izaten dira, ez areto batean edo bestean jartzeko modukoak. Non egin behar dituzu oraingoan, Donostian ala Venezian?

-- Nire lanak ez daude bukatuak doazen lekuan muntatu arte. Orain piezak paper gainean egiten ari naiz, definitzen, eta gero produzitu Bat uste dut erabat in situ egingo dela, askotan hormekin edo pinturarekin jolasten naizelako. Baina bestea seguruena hemen produzituko da eta gero hara eramango da eta bertan muntatu.

­Beste proiekturik baduzu eskuartean orain?

-- Datorren astean katalogo bat aterako da nire lan guztiekin. Oso kontentu nago hori egiten dudan lehenengo aldia delako. Gainera, prozesua oso baliagarria izan zait orain arte egindako guztiari errepasoa egin diodalako, eta hor ulertu dut nondik nora egin ditudan gauzak, zein piezak izan duen eragina bestean. Berez, banekien, baina pixka bat inkontzienteki. Denari forma emateko balio izan dit.

­Donostiarra zara. Non eta zer egingo zenuke zure hirian, aukera izango bazenu?

-- Udarako bi proiektu nituen egiteko, eta justu orain, Bienalarena etorri zait garai bererako, eta ez dakit guztiak egiteko denborarik izango dudan, baina saiatuko naiz. Bat hondartzako proiektua da eta, donostiarra izanik, lehen ideia Donostian egitea izan zen, baina geografia arrazoiengatik ez dit hemengo hondartzak balio eta Zumaia aukeratu dut. Ez da ziurra, baina bertako udalarekin harremanetan nago. Seguruena Itzurungo hondartzan zerbait egingo dut, eta bestela, besteren batean. Eta gero, kotxearen inguruko erreflexio bat egin nahi dut. Kotxearen proiektua Artiumerako litzateke, udazkenean erakusteko.

­Areto batean espazioa oso ongi neurtua eta finkatua dago, baina hondartza batean zer neurrirekin jokatuko duzu?

-- Azken bi proiektu horiek nire interesen eta orain arte garatu ditudan gauzen jarraipena dira, baina badago aldaketa handi bat. Hondartzan toallekin egingo nuke zerbait. Eta, berez, espazioarekin ere bai, baina bigarren maila batean, espazioa ez da protagonista izango, ez du obra zehaztuko. Gehiago da nola sortzen den espazioa jendea iristen den heinean, toallen koloreekin, eta ildo horretan hondartzan dagoen jendea izango da espazioa zehaztuko duena.

­Lan eta lan zabiltza orduan.

-- Bai (irribarrez).

­Artetik bizitzea lortu duzu?

-- Bai, ikasketak bukatu nituenetik. Berehala Botin beka eman zidaten eta hor hasi zen independentzia ekonomikoa.

­Posizio horretatik, nola ikusten duzu euskal artea?

-- Oso ondo, oso bultzatua. Estatu espainolarekin alderatuta, nabaritzen duzu artista asko daudela eta gauza interesgarriak egiten ari direla, eta hori ez dut nik bakarrik esaten.

(2005-03-10ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia