euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

«'Tierra Vasca'k Francorekin amaitu zuen»

02/05/2005

PUBLICIDAD

'Tierra Vasca', Euskal Herrian eta Buenos Airesko erbestean euskal kezkez EAE-ANVk argitara eman zuen aldizkaria dakarkigu gogora Urko Apaolaza historialari eta kazetariak, bera ere Diaspora gaietan lanean ibilitako pertsona. Tellagorrik sortutako aldizkaria abiapuntu harturik, egun EHAK Gasteizko Legebiltzarrera egin ari den ekarpenarekin alderatzen du Apaolazak, euskal egoera normaldu eta bake bidean sartzeko ilegalizazioaren amaiera ezinbestekotzat joz.

[Urko Apaolaza Avila, Historian lizentziadun eta kazetariak idatzia]

 

Izenburu deigarri bat irakur daiteke 1978ko «Punto y Hora de Euskal Herria»ko apirileko alean: «Tierra Vasca»k Francorekin amaitu zuen. Egileak intentzio guztiarekin dio hori, «Tierra Vasca» aldizkaria Franco hil zenean desagertu zela dakigun arren, esaldiari beste zentzu bat ematen dio: «Tierra Vasca»k akabatu zuela Franco, alegia. Eta hein batean horrela izan zen, Francorekin agian ez, baina bai frankismoarekin.

 

Aldizkari horren bizitza luzea da, luzea bezain zaila. Donostian jaio zen, gero gerrak Baionara eraman zuen eta urte askoren ondoren munduko beste puntan kaleratu zuten, 1956an, Buenos Airesen. ANVren organoa zen «Tierra Vasca- Eusko Lurra» eta haren ideiak jasotzeko sortu zen: abertzalea, justizia sozialaren aldekoa eta akonfesionala. Amerikako erbestean Jose Olivares Tellagorrik zuzendu zuen lehenik. Batzuek esango dute ortodoxia sabindarretik gertu zegoela Tellagorri, egia da, baina ezin da ukatu ezkerreko joera zuenik: Sobietar Batasunera egindako bidaiarekin txundituta, langileekin eta behar gehiena zutenekin bat egiten zuen. «Tierra Vasca»ko editorialetan irakurri daiteke orain esan duguna: «Euskal Herriak, bere etorkizunaren jabe egiten den egunean, justizia sozialaren arazoarentzat soluziorik bilatzen ez badu, alferrikakoak izango dira herri hau pozik bizitzeko hartutako beste neurri guztiak», dio Tellagorrik.

 

Argitalpen argentinarrak beste zuzendari bat izan zuen gero, Pello Mari Irujo. Bera ere «aeneuvista» zen, alderdi hori sortu zenetik hil arte. Irujok gerra aurretik zioen ANV zela «euskal olatu berria», baina gerraren ondoren garai ilunak etorri ziren eta zazpi urteko kartzela. Argentinako erbestean «Tierra Vasca»k gaztetako bizi poza eman zion Pello Mari Irujori, aberria eta sozialismo «garbia» uztartzeko aukera ikusi zuen. Urte haietan mugimendu berri bat sortu zen Euskal Herrian, abertzaletasun berri bat, ANVk hasitako bidean sakondu zuena. Gazte asko EAJtik aldendu ziren, etorkinen seme-alabak berriz, betiko sozialismotik. Belaunaldi berriek pasibotasunetik aktibotasunera pasa nahi zuten. Orduan, ETA sortu zen, eta frankismoaren aurkako borrokak bultzada handi bat izan zuen. Zergatik ez ezkerrekoak eta abertzaleak? Independentistak eta marxistak? II. Errepublikan muturka aritu ziren bi ideologiek bat egin zuten mugimendu berrian eta horrela sortu zen ezker abertzalea.

 

«Tierra Vasca»ren garrantzia, ideologiak alde batera utzita, frankismoaren aurrean izan zuen jokabidean bilatu behar dugu. «Tierra Vasca»k bazituen bere ideiak (oraintxe deskribatu ditugu), baina horien gainetik, aldizkariaren zortzi orriak kausa baten eskutan utzi zituen: diktadurarekin amaitzea. Torturak eta errepresioaren ondorioak salatu ziren «Tierra Vasca»n, elkartasuna helarazi zitzaien presoei, greban zeuden langileei, Aberri Eguna ospatzera joaten zirenei eta euskararen alde lan egiten zutenei ere. Argentinan kaleratu bai, baina Euskal Herriraino iristen zen aldizkaria, ezkutuan pasatzen zuten mugaz bestaldera eta ezkutuan banatu Eibarren, Arrasaten edo Barakaldon. 1978ko «Punto y Hora»ko artikuluak dio «Tierra Vasca» «batasunista» izan zela (ez dezala inork hemen ezer arrarorik pentsatu). Batasuna nahi zuen frankismoaren kontra borrokatzen zuten guztien artean. Bertan idazten zuten jelkideek, Euskadiko Gobernuko kontseilariek, ETAko korronte ezberdinek, CNTkoek, errepublikarrek eta sozialistek. Aldizkariak konpromisoa hartu zuen bere ideiak aparkatu eta ahotsik ez zutenei elkargune bat eskaintzeko, euskarri bat demokrazia lortzeko bidean.

 

Eta gaur bat etortze batek berriro ekarri du aldizkari hura politikaren zurrunbilora. EHAK alderdiaren agerpenak zeharo eraldatu du Euskal Herriko eta Espainiako politika mundua. Alderdi horrek badu antzik «Tierra Vasca» aldizkariarekin, eta ez izenagatik bakarrik. EHAKren bederatzi eserlekuak ez dituzte beren programa politikoa defendatzeko erabiliko, konpromisoa hartu dute hori albo batera utzi eta helburu baten alde lan egiteko: ilegalizazioarekin amaitu eta bakea eta demokrazia lortzeko urratsak ematea. Garai batekoek frankismoarekin amaitzeko ardura hartu zuten, orain gu guztion ardura da ilegalizazioarekin amaitzea, burua erabilita. Benetako demokrazia eta bakea lortuko badugu behintzat.

 

(2005-05-01ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia