HABANAN ERE
Habanan ere ospatu da Aberri Eguna. Euskaldun ugari bizi izan da beti Kubako hiriburuan, oraindik ere badira, eta hala elkartu dira ehundik gora euskaldun Habanako Centro Vasco delakoan, duela mende erdi Juanito Saizarbitoria mutrikuarrak eraikitako baserri antzeko egoitzan. 1876 urtean sorturiko Asociación Vasconavarra de Beneficencia erakundeak eginiko deia erantzunez, Euskal Herritik islara antzina emigraturiko euskaldunak bildu dira Aberri Egunera, eta haien semealaba kubanoak ere bai. Kuban lan egiten duten euskal enpresetako langileak, euskal errefuxiatu politiko batzuk eta astesantuko oporretarako islan dabiltzan turistak ere ez dira falta izan.
Adineko jende ugari izan da, baina umeak ere bai. Euskaldun itxurako ugari izan da, baina kubanoen koloreoak ere asko. Porrotx pailasoak eta Iker Goenaga eta Larraitz Goenaga trikitilariak izan dira festa animatu dutenak. Deklarazio politiko berezirik ez da egin, ez bada euskaldunen elkartasunaren aldekoa, Euskal Herritik hain urrun ere ikurrinaren hiru koloreen inguruan elkartzearekin azaldu dena.