euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Abenduan izendaturik, Andres Urrutia euskaltzainburu berriak Bilbon hartuko du bihar ofizialki bere kargua

26/01/2005

Euskaltzaindiko zuzendari talde berria (erabili.com)
Euskaltzaindiko zuzendari talde berria (erabili.com)

PUBLICIDAD

Iragan berria den urteko abenduaren 17an hautatu zuten euskaltzainek euskaltzainburu, baina bihar arratsaldera arte ez da ofizialki jabetuko bere karguaz Andres Urrutia, Euskararen Akademiaren gidari berria. Euskal Herriko hainbat alor eta esparrutako hamaika gizon-emakume bilduko ditu Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitza nagusian egingo den kargu-hartze ekitaldiak.
Andres Urrutia euskaltzainburu berriaren kargu-hartze ekitaldia etzi arratsaldez izango da, 17:00etan, erakundearen egoitzan (Bilboko Plaza Barria, 15). Erakunde publikoetako ordezkaritza zabala eta hainbat ekonomia, kultura zein gizarte eragile bilduko dira bertan. Abenduaren 17an izendatu zuten euskaltzainburu berri, Jean Haritxelharren lekua hartuz. Andres Urrutia da Akademiak duen lehen euskaltzainburu bilbotarra. Honela laburtu du Europa Press agentziak berria eta Urrutiaren biografia:

Andres Urrutia Badiola Bilbon jaio zen, 1954ko abenduaren 21n. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak burutu zituen, 1976an lizentziatu zelarik, abokatu-ekonomista sailean. Ondoren, notarioa izateko oposaketak prestatu zituen eta, gainditu ostean, Ondarroako notarioa izan zen, 1981etik 1994 arte. 1994az geroztik, Bilbon notario dihardu. Bestalde, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da.

Euskara Juridikoa Mintegia sortu zuen eta horren eta Zuzenbide Fakultateko euskara koordinatzailea da. 1984. urtetik 1988. urtera bitartean Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan zen. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen.

Arlo juridikoan ondu ditu hainbat lan lexikografiko eta terminologiko euskararen inguruan, batez ere, UZEI elkartean. Orobat, Labayru ikastegiko kolaboratzailea eta horren udako ikastaroaren irakaslea da. Literatura arloan, euskarazko klasiko batzuen edizioak prestatu (Eguzkitza, Eusebio Erkiaga...), eta narrazioak eta itzulpenak burutu ditu.

Testu juridikoak

Testu juridikoen itzulpenean ere aritu da, eta, Gotzon Loberarekin batera, koordinatu ditu Deustuko Unibertsitateak argitaraturiko euskarazko zuzenbide eskuliburuak eta lege-testuen bertsio elebidunak, gaztelaniaz eta euskaraz, hala nola, Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio eguneratua, Euskaltzaindiak egina, Deustuko Zuzenbide Fakultateko hainbat irakaslerekin batera.

Bide beretik, 2004an, argitara eman da hainbat urtetan zehar eginiko lana, hots, Kode Zibilaren euskarazko bertsioa, historian lehenengo aldiz. Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, Euskal Gaien Institutuak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak burutu dute lan hori, eta Andres Urrutia lan-talde horren buru izan da.

Oro har, Zuzenbidearen alorreko euskara teknikoa lantzeko egin eta egiten duen lana azpimarratzekoa da, besteak beste, bere bi liburu hauen bitartez: ‘‘Euskara legebidean’’ eta, Go-tzon Loberarekin batera, ‘‘Euskara, zuzenbidearen hizkera’’.

Aintzinako testu juridikoak ikuspegi juridiko-linguistikoetik berreskuratzeko eta aztertzeko ahalegin berezia egin du, oraintsu argitaratu duen ‘‘Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa’’.

Literatura

Literaturaren alorrean ere badu zer esanik, bai sorkuntzan, bai eta itzulpengintzan ere. Horrela, "Idatz & Mintz" aldizkarian argitara eman ditu hainbat idazlan. Sorkuntzaren ikuspegitik, bi narrazio-liburu argitaratu ditu: ‘‘Orrialdeak’’ eta, berrikitan, ‘‘Berbondo’’. 1991n Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 1997ko martxoaren 21ean euskaltzain oso. Alfonso Irigoienen ordez izan zen hautatua eta sarrera hitzaldia Bilbon egin zuen, ‘‘Legearen zirrikituetatik barrena: ahozkotik idatzizkora’’ gaia jorratu zuela. Jose Antonio Arana Martijak erantzun zion.

Akademiaren barnean Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordekide eta buru izana da. Gaur egun Jagon sailburua da, bai eta Argitalpen Ba-tzordeko kidea eta Lege-Ekonomia Batzordeko kidea ere. RSBAP eta Eusko Ikaskuntzako kidea da, bai eta Euskal Idazleen Elkartekoa ere. UZEIko Zuzendaritza Batzordeko kidea da. 2004an eratu den Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea da. EAEko autonomia-estatutuak arauturiko Ebazpen Batzordearen kidea da, Bizkaiko Foru Aldundiak izendatuta.

Euskal kultura eta herriko gaiez artikulu ugari argitaratu du Labayru Institutuaren "Idatz & Mintz", "Karmel", "Arranondo", "Ondarroa", "Jakin" eta "Euskera" aldizkarietan. Bestalde, egunkari zein agerkari digitaletan argitaratuak ditu bere artikuluak.


Lotura gehigarriak

Euskaltzaindiaren webgunea
www.euskaltzaindia.net

Andres Urrutiaren biografia eta soslaia
www.erabili.com-en


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia