euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

1980etako 'Habeko Mik' komiki aldizkaria aztertu eta 'paregabe'tzat aitortu dute liburu bihurtu den tesi batean

11/01/2005

Hernandez Landaluzeren komiki baten pasartea
Hernandez Landaluzeren komiki baten pasartea

PUBLICIDAD

HABE erakundearen eskutik 1982-1991 bitartean lehen lerroko zenbait marrazkigile eta komikigileren lanak bilduz atera zen 'Habeko Mik' aldizkaria aztertu zuen Juan Manuel Diaz de Guereñuk orain liburu bihurtu eta argitara eman duen tesi batean. Guereñuren esanetan, 'Habeko Mik'-en kalitatea eta maila harrigarriak izan ziren: 'Aldizkariaren emaitza txundigarria da, ez du parekorik, ezta gaztelaniaz ere'. 1991ean utzi zitzaion aldizkaria erregularki argitaratzeari, ondotik hiru monografiko plazaratu baziren ere. Gaiari buruz idatzi zuen atzo Felix Ibargutxik El Diario Vascon.
«Aldizkariaren ohiko 55 aleetako materiala, eta horiekin batera argitaratu ziren 18 albumetakoa batuta, Habeko Mik-ek hamar urtean egindako lanaren emaitza txundigarria da. Ez du parekorik helduentzako komiki-argitalpenetan Erkidego Autonomoaren eremuan, jakina, eta zalantzan jartzen dut estatuko beste edozein erakundek hainbeste argitaratuko zuenik aldi demokratiko honetan». Halaxe mintzo da Juan Manuel Díaz de Guereñu Habeko Mik komiki-aldizkariari buruz egindako liburuan. Habeko Mik (1982-1991) Euskal komiki ahalegina izenburuko lan hau doktorego tesia da berez. Egilea Deustuko Unibertsitatean ari da, eta horretxek eman dio argitara lana.

HABE, Eusko Jaurlaritzak euskalduntze eta alfabetatzerako sortutako institutuak jarri zuen abian aldizkaria 1982an. Euskara ikasten ari zirenei begira egin nahi izan zen aldizkaria, tresna didaktiko moduan, baina bide batez euskal komikia indartzea ere hartu zen helburutzat. Habeko Mik-ek guztira bi mila eta erdi komiki-orrialde baino gehiago eraman zituen moldiztegietara.

Kantitatez nahiz kalitatez

Kantitatez nahiz kalitatez ekimen deigarria eta garrantzitsua izan zen aldizkaria. Erakunde ofizial baten ekimena izatea ere harrigarria da; alde horretatik aitzindaria da, geroago -1984an- kaleratu zuen Madrilgo Udalak Madriz komiki-aldizkaria. Baina merezi baino oihartzun ahulagoa izan zuen euskal gizartean, Díaz de Guereñuk dioenez: «Banaketaren alorrak, euskaraz argitaratzeagatik izugarri mugatua izaki -kontuan har dezagun egun haietan euskara gutxiagotua zela gaur egun baino-, banaketa mugatu horrek ekarri du ia ezezaguna izatea gure geografia hurbilenetik harantzago». Díaz de Guereñuk uste du aldizkari hau aski ezezaguna izan zela ohiko komiki-irakurleen artean ere.

Lehendik eskarmentu profesional dezente zuten Euskal Herriko egileek plazaratu zituzten bere lanak Habeko Mik aldizkarian, baina autore berrien lehen plaza ere izan zen zenbaitetan. Besteak beste, Astrain, Berzosa, Entrialgo, Fructuoso, Garay, Harriet (Gregorio Muro), Hernandez Landazabal, Ibarrola, Mata, Mendi, Mina, Oses, Redondo, Resano eta Valverde jardun ziren. Esan bezala, 1982an kaleratu ziren aldizkariaren lehen aleak. Aldizkaria bihilabetekaria zen eta Enrike Larrartek egin zituen koordintzaile lanak. HABE erakundearen lehen urteetako zuzendaria, berriz, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri izan zen. 1982garren urte hartan berebiziko indarra zuten Espainian helduentzako komiki-aldizkariek; hala ere, haur eta neska-mutikoentzako komikigintzaren krisia hasia zen ordurako.

Fantasiazko generoa gailendu

Berzosa, Fructuoso, Redondo, Mata eta Harriet izan ziren aldizkarian orri gehien bete zutenak. Habeko Mik-en historian oso-oso marrazkilari eta gidoigile gutxi izan ziren euskaldun alfabetatuak eta, beraz, HABEk sarri egin behar izaten zituen itzulpenak. Estilo askotako istorioak eman ziren argitara, eta fantasiazko generoa gailendu zen. Gidoigile oparoenak Gregorio Muro Harriet eta Javier Mina izan ziren eta istorioak maiz zuten zer ikusia Euskal Herriarekin.

«Kalitatea» zen irizpide nagusia istorioak aukeratzeko garaian. Gainera, «irakurgarritasuna» eskatu ohi zen, hau da, gertaeren lotura zuzena eta marrazkien argitasuna. Aldizkariak helburu pedagogikoa zuen eta orri-barrenetan hiztegi-oharrak eskaintzen ziren, Joxe Lizarraldek eta Boni Urkizuk prestatuak.

Habeko Mik aldizkariaren 54. alea kaleratu ondoren, 1991ko abenduan utzi zioten erregulartasunez argitaratzeari. Dena dela, ondorengo hiru urteetan hiru album monografiko argitaratu ziren.

«Aurrekontu-estutzea» desagertzearen errudun

Aldizkariak diru-sarrera txikiak izan zituen. Harpidedunak gutxi ziren eta kioskoan apenas saltzen zen. Gonzalez de Txabarrik 1989an utzi zuen HABEko zuzendaritza eta, 1991n, aldizkaria ale arrunten argitalpena eten zenean, Martin Etxeberria zegoen buru. Horrek Diaz de Guereñuri adierazi dionez, «aurrekontu-estutzea» izan zen aldizkaria bertan behera uzteko arrazoi nagusia. «Euskaltegi homologatuek irensten zituzten HABEko diruak», esan dio Etxeberriak.

Diaz de Guereñuren iritzirako, sekulako gertaeratzat hartu behar da aldizkaria: «Ez dago parekorik gaztelaniaz ere. TMEO bakarrik jar daiteke Habeko Mik-en parean. Baina aldizkari batean eta bestean argitaratu diren lan gehienen kalitatea nabarmenki desberdinak dira. Aldizkari horrek erakutsi zuen Euskal Herriko eremu txikian asko zirela lan bikainak eta irakurleen arreta merezi izan zuten komiki-lanak egiteko gai ziren sortzaileak».

Aldizkaria ixteak «ondorio suntsitzaileak» izan zituen euskal komikigintzan. Hango marrazkilari eta gidoigile gehienek utzi egin zioten komikiak sortzeari. Batzuek telebistarako hasi ziren lanean (Harriet, Fructuoso), beste batzuk irakaskuntzara itzuli ziren (Mata, Astrain) edota pinturan hasi (Ibarrola, Hernandez Landazabal, Oses).

(2005-01-10ean El Diario Vascon argitara emana)


Esteka gehigarriak

'Habeko Mik'-en ale bereziak, online irakurtzeko
HABEren habe.og-en baitan

Bildumako aleren bat erosteko toki bat
www.latiendadelcomic.com


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia