euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Zokotik ari dira dantzan: Jon Maia eta Oier Araolaza (en Berria)

10/09/2017

Dantzariak dira Jon Maia eta Oier Araolaza, euskal dantza tradizionalean heziak eta haziak. Bide desberdinak hartu dituzte, hala ere. Maiak, dantza tradizionaletik abiatuta, dantza garaikideko lanak aurkezten ditu nagusiki. Araolazaren dantza, ikerketa lerroak eta dibulgazioa tradizioari lotuak dira.

Enlace: Berria (texto, fotos y videos)

Iker Tubia. Elkarrizketa ez da euskaraz hasi, beste lengoaia batean baizik: gorputzaren hizkuntza unibertsalean. Borobilean jarri, eta dantzan hasi dira. Jauzi bat, elkarrizketatuak eta elkarrizketatzailea elkarrekin dantzan, elkarri begira. Irriz. Gero etorri da hitza. Mingaina dantzan jarri dute Jon Maiak eta Oier Araolazak, Euskal Herriko dantzaren nondik norakoez luze mintzatzeko.

Dantzagunean izan da hitzordua, dantza ikaskuntza eta sorkuntzarako Gipuzkoako gunean. Horren kudeaketa lanetan ere badabil Araolaza. Metro gutxira Lekuona dago, itxita. 2013ko planen arabera, arte eszenikoen sorkuntza fabrika beharko luke, eta han legoke Dantzagunea. Baina alderdien joko politikoak bertan behera utzi du asmoa. Oso gertu da ere Niessen kulturgunea, Maiaren lantoki nagusia: Kukai eta Errenteriako dantza eskola daude han. Dantzaz konpainiaren entseguaren gerizpean egin da solasaldia. Toki aproposa dantzan hasteko.

Elkarrizketaren jarraipena da oraingo hau.

OIER ARAOLAZA: Bai, zalantzarik gabe. Nik uste dut dantza badela komunikazio lengoaia, eta, hain zuzen, guk hirurok badugu hitza gure arteko komunikaziorako eta badugu dantza. Beraz, elkarrizketan lehentxoago hasi gara: dantzan.

JON MAIA: Sarritan hitzez azaltzen ez diren horiek, edo definitzea gehiago kostatzen zaigun hori ekintzen bitartez agerikoago gertatzen da. Dantzan ari garenean, islatzen dira gure ideiak, gure izateko modua eta bakoitzak komunikatu nahi dugun hori.

Borobilean gainera, konplizitatea sortzeko moduan.

J.M.: Muga asko hausten dira. Borobil moduko formazio horretan, etengabeko zubiak zeuden gure artean. Horrek sortzen du feeling bat, komunikazio bat, elkarri begiratzea, konplizitate bat... bakoitzak bere moduan, baina denak elkarrekin egiten ari garen zerbait. Horrek asko adierazten du.

O.A.: Kasu honetan, bereziki, zuk zeuk elkarrizketatzaile gisa borobil horretan gurekin dantza egiteak esanahi handia dauka. Horrek adierazten du elkarrizketako beste osagai bat zarela.

Biak dantzariak zarete, eta biek egin duzue kazetari lana. Horrek badu eragina dantzan jarraitu eta zeuen burua dantzari gisa definitzeko?

O.A: Informazio zientziak izan ziren lehen pausoa zerbait ikasi nahirik, baina ez horretan jarduteko bokazioa neukalako. Bigarren kurtsoan soziologian matrikulatu nintzen, zientzia politikoetan, karrera bukatu eta historia egitera joan nintzen, antropologiara... Gero bizitzak kazetaritzaren inguruan mantendu nau luzaroan, eta uste dut komunikaziorako gogoa edo grina badagoela horren atzean. Nahiz eta kazetaritza bokaziotzat ez izan, komunikazioa bai, hori niretzat bokazioa izan da.

J.M: Nik bokazio izan dut, eta erabat sinetsita nengoen kazetari izan nahi nuela. Oso gustuko lana izan dut. Egia da ere nire dantzari bokazioak jan egin duela barnean dudan kazetari txiki hori. Uste dut badaukala harremana. Dantzaren arloan proiektuak sortzen ditut istorioak kontatzeko. Kazetaritzan ere badago lan hori.

(ikus elkarrizketaren jarraipena, argazki eta bideoak Berrian)



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia