Chinon sekulako giroa zegoen duela hamarkada batzuk. Langile gazteak, sasoi eta umore ederrekoak, familia osatu berriak, mundu bat. Aspaldiko hamarkadetan ez da hara Euskal Herritik inor joan. Gazte sasoiko haiek hil edo zahartu egin dira eta ondorengo belaunaldietan gutxi dira euskal senari ganoraz eusten diotenak. Apartak, baina bakan batzuk. Folklorean eta jan-edanean ardaztutako euskaltasun arrastoak geratzen zaizkie. Chinon bezala gainerako lekuetan.
Ostiralean Renoko Euskal Ikasketen Zentroak antolaturiko topaketa batean izan ginen, lau bertsolarik kantatu genuen. Johnny Kurutxet San Frantziskon sortua da. Ez zen trenpurik hoberenean, baina ez zuen hutsik egin; Martin Goikoetxea gorritiarrak sasoiko segitzen du; Jexux Goñi baztandarra bezperan begi batetik operatua zuten eta afaritara agertu zen soilik. Bazen zerbait!; baina, hara!, gainbehera giro horretan, orain Boisen bizi den donostiar bat aritu zen gurekin bertsotan, Todor Azurtza, Ameriketako bertso-giroa ongarritzea deliberatu duen gizon kementsua. Gaur San Frantziskoko Euskal Etxean aritzekoak gara. Garai idorretan sakonago bilatu behar izaten da hezetasuna.