euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Raquel Cahue, Lisboan bizi den gasteiztarra: «Ez du zentzurik beste herri batera aldatzean lengoaia ikasteko esfortzua ez egiteak» (Berrian)

17/05/2020

Portugaldarrak lanean oso zorrotzak izateak harritu du gehien Cahue. Diseinatzaile grafikoa da, eta hiru urte daramatza Lisboan bizitzen.

Enlace: Berria

Zihara Jainaga Larrinaga. Ikasketak bukatu dituzten gazteei Eusko Jaurlaritzak Europan praktikak egiteko eskaintzen dien beka bat eskuratuta iritsi zen Raquel Cahue diseinatzaile grafikoa (Gasteiz, 1989) Portugalgo hiriburura. Hiriaren martxa, epeltasuna eta itxura gustatzeaz gain, sorterrian baino askoz lan aukera gehiago zituela ohartu, eta han gelditzea erabaki zuen. Hiru urte daramatza dagoeneko. Gainontzeko herrialdeekin konparatuta koronabirusak Portugal «hain gogor» jo ez izana zorte kontua izan dela uste du; «oso konfinamendu malgua dugu».

Hiru hilabeteko beka batekin joan zinen Lisboara, eta jada hiru urte daramatzazu. Zerk bultzatu zintuen han gelditzera?

Hiru hilabeterako etorri nintzenean, asko gustatu zitzaidan hiria, eta diseinu grafikoaren alorrean lan egiteko aukera dezente zegoela ikusi nuen. Gasteizen ez nuen inolaz ere hainbeste aukera izango. Etorri aurretik, lana bilatzeko arazoak nituen. Horregatik, profesionalki garatzeko abagunea aprobetxatzea erabaki nuen. Bizimodu aldaketa probatu eta gustatu zitzaidan.

Zerk eman dizu atentzioa batez ere?

Eguzkiak. Gasteizen ez dugu halako eguzkirik, eta Lisboak, azken finean, nolabaiteko xarma du. Hiri oso modernoa eta era berean klasikoa da. Dena apurtuta dago, eta eraikin zaharrak eta modernoak ikus daitezke kale berean; arkitektura oso polita da. Hondartza ere gertu dago. Baina uste dut atentzioa  argiak eman zidala batez ere. Berezia da. Ergelkeria bat dirudi, baina hemen argia desberdina da, eta pizgarri handi bat izan zen hemen gelditzeko.

Bizitzeko era desberdina dute?

Ez. Bizimoduak oso antzekoak direla esango nuke. Eguraldiari dagokionez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ezin dira honekin konparatu, hor hotz handiagoa egiten duelako, baina hemengoei ere terraza batean eseri eta zerbezak hartzea gustatzen zaie, kalean denbora igarotzea. Halaber, dena mahaiaren inguruan ospatzea gustuko dute. Kulturalki oso berdintsuak garela uste dut. Hala ere, nire bizimodua erabat aldatu da hemen. Hasteko, beste hizkuntza batean bizi naiz.

Portugesa ikasi duzu?

Ez du zentzurik beste herri batera aldatzean lengoaia ikasteko esfortzua ez egiteak. Ez dut aukerarik izan klaseak jasotzeko, baina egunerokoarekin ikasi dut, hemengo jendearekin erlazionatzean, lanean... Bestalde, gazteleraren antz handia du, eta erraza da hastea.

Zer kostatu zitzaizun gehien?

Lanaren kulturarena ez daramat guztiz ondo. Euskal Herrian zorte handia dugu, gauzak ikusteko beste modu bat dugulako. Hemen, langilerik onena orduz kanpo ere lan egiten duena da. Une oro %100 ematen ari direla erakutsi behar dute. Horretara ohitzea kosta egin zitzaidan. Portugalgo lanaren kultura oso zorrotza da, eta uste dut ez duela zerikusirik horko egoerarekin. Hona lanera etorri arte ez nuen sekula diferentzia hori nabaritu.

Koronabirus kasu eta hildako oso gutxi egon dira Portugalen. Zein izan da gakoa?

Ez dakit. Egunero neure buruari galdetzen diot hori, ez baitut ulertzen. Hemen murrizketak askoz malguagoak izan dira. Konfinatuta egon arren, egunero paseatzera atera ahal izan gara. Ez zegoen polizia kontrolik. Halaber, neurriak oso berandu ezarri ziren, eta azkeneko egunera arte turistak eta jendea ikus zitezkeen kaleetan. Ez dakit diferentziaren zergatia zein den, baina iruditzen zait zorte kontua ere izan dela.

Posible da lanerako duten eskaera hori bizitzako beste eremu batzuetan ere edukitzea, eta kasu honetan horrek eragina izatea?

Ez dut uste. Portugesek ere badute pikareska hori, eta, zerbait ekidin ahal badute, edonola bilatzen dute ez egiteko modua. Zorte kontua izan delakoan nago. Hona beranduago iritsi da, eta egoera larritu aurretik erreakzionatu dute. Hala ere, asko harritzen nau horrek. Hemendik denbora batera jakingo dugu benetan zer gertatu den.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia