euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Plaza hartzeko gogoz (en Berria)

25/05/2021

Pandemia hasi zenetik, euskal dantza taldeak erabateko ziurgabetasunez aritu dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arau berriak emanaldiak eta entseguak baimendu ditu. Nafarroan, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere egin daitezke halakoak, arauak hain argiak ez izan arren. Talde anitz geldi daude, eta emanaldiak, eskas. Nafarroan erakunde publikoen «utzikeria» salatu dute.

Enlace: Berria

Iker Tubia. Mundua gelditu zuen COVID-19aren pandemiak, baita beti dantzan aritzen ziren horiek ere. Lehenbiziko itxialdiaren ondoren, euskal dantza talde gehienei asko kostatu zaie berriz martxan hastea; are, asko dira oraindik ere entsegurik egiten ez dutenak. Bitarte horretan, zailtasun handiak izan dituzte zer eta nola egin jakiteko, osasun araudiek ez baitzituzten halako taldeak aintzat hartzen. Eusko Jaurlaritzak urtarriletik aurrera sartu ditu araudietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskal dantza emanaldiak eta entseguak baimendu dituzte dagoeneko. Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere egin daitezke halakoak, nahiz eta araudiek ez duten dantza tradizionala zuzenean aipatzen.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 8an argitaratutako dekretuak argi dio: «Profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak eta emanaldiak egin daitezke». Noski, neurri zorrotzak tarteko. Hala ere, erromeriak, kalejirak edo jende kopurua kontrolatu gabeko emanaldiak ezin izanen dira egin aurrerantzean ere. Emanaldiak toki itxietan eginez gero, edukieraren %50 ezin izanen da gainditu, eta gehienez ere 400 lagun sartzen ahalko dira. 1.600 ikusle hartzeko gai diren aretoetan muga 600 ikus-entzuletan dago. Kalean egiten diren emanaldietan edukieraren %50 baimenduko da, eta gehienez, 600 lagun. Emanaldi guzietan jendearen arteko segurtasun distantzia mantentzea, maskara jantzita izatea eta ikus-entzuleak eserita egotea ezinbestekoa izanen da.

Entseguei dagokionean, pertsonen arteko segurtasun distantziak mantenduta eta maskara erabiliz egin daitezke. Taldeek protokolo bat izan behar dutela ere esaten du dekretuak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak jasotzen dituena. Hala ere, badira zalantzak: aurretik seiko taldeetan baizik ezin zen dantzatu, eta oraingo dekretuak ez du mugarik aipatzen. Protokoloko jarraibideak zein diren ere ez dute argi taldeek.

Nafarroako araudian ez da euskal dantza tradizionala ageri, Luis Carmona Osasun departamentuko kabinete laguntzaileak azaldu duenez; beraz, ez dute «berezko araudirik». Abuztuan hitzartutako Gobernu Erabakiak dantza akademiak arautzen ditu. «Horrek ez du esan nahi akademietatik at dauden dantza jarduerak ez daudenik araututa», esan du Carmonak. Batetik, kirolaren gisara daude arauturik; bestetik, areto zein emankizun publikoetarako eremuen modu berean. Beraz, Nafarroan entseguak egin daitezke, kirola egiteko ezarri diren arauak jarraikiz; eta emanaldiak ere egin daitezke, ikuskizunetarako sortu duten araudiari segituz.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hasi dira neurri zorrotzak arintzen, eta euskal dantza emanaldiak eta entseguak egin daitezkeela azaldu du Ihintza Irungarai Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko kideak. «Astez aste aldatuko dira. Momentuko berriz hasten ahal dira kurtsoak, baina beti badira halako neurri zorrotzak; beraz, ez da biziki erraza», azaldu du. Are, talde anitz ez dira hasi, eta ez dute ikasturte honetan martxan jartzeko asmorik. «Normalki posible da emanaldiak egitea betiko neurri zorrotzekin, baina nik uste udan ez dela batere izanen, taldeek ez dutelako errepikatu».

Erakundeek dantza tradizionala bazter utzi dutela salatu dute zenbait taldek eta dantzarik pandemia hasi zenez geroztik. Kritikarik gordinenak Nafarroatik egin dituzte azken asteotan. Noemi Alvarez NDB Nafarroako Dantzarien Biltzarreko lehendakariak esan du herrialde horretako taldeen %80 geldi daudela iazko martxoaz geroztik, eta inork ez diela irtenbiderik eman. Hala, Nafarroako Gobernuari «utzikeriaz» aritzea eta beste alde batera begiratzea leporatu dio: «Ez digu inork erantzun ea zein diren taldeek jarraitu beharreko protokoloak eta nola bueltatu gaitezkeen entseguetara eta kalera». Zortzi hilabetez aritu dira bilerak eskatzen, Kultura eta Osasun departamentuen artean itzulika, eta, azkenean, ostegunean hartuko dituzte.

Ez da NDBren kexa bakarra. Iruñeko Udalak sanferminen ordez antolatu duen egitarauan dantza tradizionala bazter geratu dela dio Alvarezek. Berdin Nafarroako Gobernuaren Kultur egitasmoan. «2030 agendaren parte da ondare immateriala zaintzea; gobernuak egin behar ez duen deus ez dugu eskatzen».

Ia emanaldirik gabe

Zurrunbilo horretan noraezean aritu dira taldeak, norberak ahal zuen bezala aurrera eginez. Ia emanaldirik gabe gelditu dira gehienak, eta horrek, motibazioan ez ezik, egoera ekonomikoan ere kalte egin die. Zerutxu taldeak hamalau ekitaldi inguru egiten ditu urtero; iaz bakarra egin zuen: sokadantza. Gure Txokoa taldeak ez du emanaldirik egin, iaz bideoz grabatutako pordondantza eta makil dantzak salbu. Muthiko Alaiak taldeak emanaldi bakarra izan zuen, abenduan, Iruñeko Txantrea auzoko erraldoiekin batera. Indarra taldea San Prudentzio eguneko ikuskizunean baizik ez da aritu. Emanaldirik ez du izan Korosti taldeak. Bertan behera geratu diren emanaldien zerrenda luzea da.

Iraide Antxia Zerutxu taldeko kideak alor ekonomikoan ikusi du zulorik handiena: «Jendea entseguetara etorri da, baina ekonomikoki kalte egin digu: ez dugu diru sarrerarik eduki; diru laguntzak bakarrik». Irungaraik ere aipatu du Ipar Euskal Herriko talde batzuek ezin izan dutela urteroko kuota ordaindu emanaldietako diru iturria itxi ondotik.

Haurrak, geldirik

Haurren taldeak izan dira kaltetuenak. Asko hasi ere ez dira egin. «Haur anitz ditugu, ia 200. Solastatu genuen, baina ez genuen segurtasunik ikusten, eta gogo falta ere bazegoen», kontatu du Ainhoa Larretxea Gure Txokoako dantzariak. Korosti taldean hasi dira, Amaia Aizpurua taldeko koordinatzaileak esan duenez: «Baina geldialdiek ez dute onik egin: batzuek utzi dute. Gogo falta dago jarduerak egiteko, eta 10 urte ingurukoak lotzeko zailtasunak ditugu». Ekainean buelta ematen saiatuko dira ikuskizun handi batekin: «Ilusionatuta ikusten ditugu haurrak eta gurasoak. Ikuskizuna kasik guretzat da gehiago ikusleentzat baino».

Labrit Egillor Muthiko Alaiak-eko arduradunak taldearen baldintza txarrak azaldu ditu: hasieran ez zuten entseguetarako lekurik, gero Ortzadar taldeak utzi zien, eta orain Iruñeko Udalak Civivox bat utzi die, baina berehala botako dituzte handik. Gainera, ordutegi aldaketek ez diete lagundu: «Ikusten da jendeari parte hartzea gehiago kostatzen zaiola, apaldu egin da taldea».

Emanaldiak egiteko arauak zehazteak segurtasuna ematen die taldeei. Antxiak kontatu du iaz egin zuten emanaldi bakarreko esperientzia. Karmengo bestetan izan zen, Markina-Xemeinen (Bizkaia): «Segurtasun falta handiagaz gogoratzen dut, etor zitezkeen kritikengatik batez bere». Maskara jantzi, eskuz esku zapiak paratu, eta lekuz aldatuz egin zuten sokadantza.

Plaza hartzeko gogoz dira taldeak. Aizkoa Madinabeitia Indarra taldeko zuzendariak kontatu du San Prudentzio egunez egin zuten emanaldia: «Oso ondo joan zen, bizipoza eman zigun. Entseatzea ondo dago, baina helburu bat izanda, hobeto». Onartu du «eromena» izan zela. «Maskararekin atera ginen, ez garelako futbol jokalariak, ez ziguten PCR-rik egingo». Martxan jarri diren taldeak itxaropentsu dira. Gehienek badute ekitaldiren bat plazara ateratzeko; gutxi oraindik, baina ez dute gelditzerik izanen.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia