euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Pilotan, mugak gaindituz (en Berria)

11/08/2023

Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Nora Mendizabal eta Andrea Capellan Boisen eta San Frantziskon izan dira. Lehenengoz joan dira emakumeak frontoian jokatzera.

Enlace: Berria

Beñat Mujika Telleria. Euskal Herriko frontoietan geroz eta emakume gehiago ikusteko aukera dago. Geroz eta emakume gehiago joaten dira partidak ikustera, baina, batez ere, kantxan igarri da saltoa. Lehen ez zeukaten ikusgaitasuna daukate orain, eta, pixkanaka-pixkanaka bada ere, haien aldeko apustuak egiten ari dira. Asko dago egiteko, baina egiten diren urrats guztiak dira kontuan hartzeko modukoak. Horren adierazgarri da azken asteetan Ameriketako Estatu Batuetara egin zuten bidaia. Bertan izan dira Nora Mendizabal (Andoain, Gipuzkoa, 2000) eta Andrea Capellan (Santo Domingo de la Calzada, Espainia, 2006), Olatz Arrizabalagarekin eta Amaia Aldairekin batera. «Harrituta» geratu dira partidetan sortu den giroarekin, eta emakumeen pilotarentzat «aurrerapauso» bat dela nabarmendu dute bi pilotariek.

Bi zatitan banatu da Ameriketako egonaldia. Lehendabizi, Nazioarteko Basque Country Txapelketa jokatu zuten lau eta erdian, Estatu Batuetako Boise hirian. Eta, ondoren, erakustaldi bat, binaka, San Frantziskon. Bertan, Hiru Hiriburuak torneoko lau onenak aritu dira. Mendizabal eta Capellan bat datoz «esperientzia ikaragarria» izan dela. Andoaingoak dio «oso eskertuta» daudela han izandako harrerarekin: «Oso giro euskalduna zegoen, eta oso ongietorri ederra egin ziguten. Dudarik gabe, errepikatzeko moduko esperientzia bat izan da». Errioxarrak ere bide beretik jo du, eta emandako «aukerak» azpimarratu nahi izan ditu: «Aukeraz betetako esperientzia izan da. Ez da beti Ameriketako Estatu Batuetara joateko aukera izaten, eta gutxiago pilotan ditugun gaitasunak erakusteko. Lehenengo aldiz joan gara emakumeak pilotan aritzera, eta horretarako gu hautatzea aukera bat da guretzat».

Ikusteko zegoen zer harrera jasoko zuten; finean, lehenengoz joan baitira emakumeak Ameriketara pilotan jokatzera. Biek, baina, azpimarratu dute Boisen zein San Frantziskon izandako harrera bikaina. Jende andana joan zen frontoira, eta esperientzia polit bat izan zuten. Mendizabalek ez zuen horrelako girorik espero. «Euskal jai baten inguruko zerbait zenez, espero genuen giro euskalduna. Baina ez horrelakorik. Gure adineko jendea euskaraz hitz egiten ikustea eta frontoia beteta ikustea harrigarria iruditu zitzaidan». Ikusteaz gain, jokatzeko aukera ere izan zuten hango haurrek. Pilotan aritzeko eskolak jaso zituzten, eta kirola hobeto ezagutzeko aukera izan zuten. «Haurrek ohituta ez dauden kirol baten inguruan gehiago jakiteko aukera izan zuten, eta ikuspegi zabalagoa izatea lortu dute. Oso pozgarria da», nabarmendu du Capellanek.

Partidei dagokionean, Mendizabalek eta Capellanek finalerdiak galdu zituzten, eta Aldai eta Arrizabalaga aritu ziren, beste behin, finalean. Partida ederra izan zen, eta Aldaik jantzi zuen txapela, 22-19 irabazi ostean. Baina emaitza gutxienekoa zen. Capellanek argi dauka aprobetxatu beharreko aukera bat zela, eta «ondo pasatzera» joan zirela nabarmendu du: «Gu ondo pasatzera joan ginen. Partida guztiak lehiatu nahi genituen, noski. Bakoitzak zeukan onena eman nahi zuen. Baina ondo pasatzea zen garrantzitsuena. Ez du merezi horrelako aukera batean partida txar batengatik haserretzea». Hala ere, emakumeak joaten ziren lehen aldia izanda, erantzukizuna ere bazeukaten lau pilotariek. Capellanek bezala, Mendizabalek dio esperientzia bizi nahi zutela, baina ikuspegi argi batekin: «Gure modalitatea zein den erakutsi nahi genuen. Gure kirola zabaltzeko asmoz joan ginen, eta, beste urte batzuetan mutilak joan diren bezala, gu ere jokatzeko gai garela erakutsi».

Beste urrats bat

Esperientzia bizi ostean, bi pilotariak bat datoz emakumeen pilotarentzat aurrerapauso bat izan dela mugetatik harago jokatzea. «Horrelako tokietara joatea aurrerapauso bat da emakumeen pilotarentzat, dudarik gabe. Gutxitan izango dugun aukera bat da, eta aprobetxatzen ahalegindu gara», adierazi du Mendizabalek. Capellanek bertaratu zirenen babesa azpimarratu du behin eta berriro, eta horrelako apustu bat egin nahi izatea nabarmendu du. «Hainbatetan bidaiatu izan dute mutilek kanpora, eta neskak joatea aurrerapauso garrantzitsua da, noski. Inork ez zuen arriskatu nahi gu eramanda, baina urratsa egin dutenean ikusi da oso ondo atera dela».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia