euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Pedro Mari Otañoren agurra (en Berria)

03/08/2024

Ombuaren itzala filmerako batu den lantaldeak goizetik hartu du Pasai San Pedroko kaialdea (Gipuzkoa). Pedro Mari Otaño bertsolari eta idazlearen bizitzako pasarterik hunkigarrienetako baten eszenatoki bilakatu da ingurua, eta ezagun du mugimendua.

Enlace: Berria

Garbiñe Ubeda. Itsasoari begira dagoen lehen lerroa plastikozko xingola batek hesitzen du alderik alde, autoei pasabidea itxiko dietela adierazteko. Eta errealizazioaren azken xehetasuna ere kontuan hartu behar duen zuzendari teknikoa, Joseba Salegi, hor dabil batera eta bestera begira, pasieran doazen edo kuxkuxean gelditzeko imintzioa egiten duten ibiltariak harrapatzeko prest: «Janztera zatozte?», egiten die galde. Ezezkoa denean ere, berdin botatzen du amua, figuranteak ez direlakoan inoiz sobran izango. Antxeta elkarterantz igortzen ditu denak. Hura dute behin-behineko bulegoa, kamerinoa eta biltegia.

Antxeta elkartera hurreratu ahala, gizon-emakume ugari ageri da, XIX. mendearen bueltako neguko jantziak soinean. Figurante horietarik askok ez dute aukerarik galdu nahi beren piura dokumentatuta uzteko, eta argazkiak egiten dituzte, selfieak nahiz bestelakoak, norbere eskuko telefonoaz. Beste asko berriketan ari dira, lasai, tartean pertsona ezagunak, hala nola Luis Mendizabal ETBren sortzaile eta kazetari ohia —txapela buruan—, eta Rafa Gorrotxategi Tolosako gozogilea —eleganteago—. Azken hori, hain justu, filmaren gorabeherak ikustera heldu zen arren, Pasaiako alkatearena egiten jarri dute filmean, eta bigarren grabaketa eguna du: «Atzo sari bat eman nion Pedro Mari Otañori, lore jokoak irabazteagatik». «Ez dakigu nolakoa izango ote zen garaiko alkatea, baina honek zer planta daukan ikusita, bikain ematen dio rolak», gaineratu du Mendizabalek, Gorrotxategiri buruz.

Figuranteen beharrean

Antxeta elkartetik metro eskasetara filmatuko den sekuentziarako jende asko behar dute. Pedro Mari Otaño Argentinara doa hirugarrenez, —«kasu honetan migratzaile ekonomiko gisa, emaztearekin eta hiru haur koskorrekin», zehaztu nahi izan du Patxi Bisquert zuzendariak—; eta jende eta lagun mordo bat bilduko da itsasontzia hartuko duen tokian; askok ez dute berriro ikusiko. Tartean da Txirrita bertsolaria —Iñaki Beraetxe aktoreak egiten du harena—. Hain zuzen, despedidako bertsoa botako dio, eta Zizurkilgo (Gipuzkoa) poetak erantzun egingo dio baporeko kareletik, bertsotan hark ere. Bertso ezagunak dira bai batarena bai bestearena, bertsolaritzaren historian aski gogoratuak.

Beraetxek erraz egiten du Txirritarena. Joseba Usabiagak, aldiz, komeria handiagoak izan ditu Pedro Mari Otañoren larruan jartzeko; besteak beste, ez dagoelako ohituta bertsoak ikasten, eta kosta egin zaiolako filmean kantatu beharreko hogei bertsoak gogoan hartzen. «Ohituta gaude testuekin aritzen, baina beti badugu aldaketaren bat egiteko lizentzia. Bertsotan ezin da aldaketarik egin, ez melodian, ez eta hitzetan ere», azaldu du.

Zizurkilgo poetaren larruan jartzeak, bestalde, imajinazioa eskatu dio Usabiagari: «Nolako lana utzi zuen kontuan hartuta, poeta serio bat ikusten genuen bai Patxik [Bisquert] bai eta neronek ere; hitz gutxikoa, umore puntu batekin, eta halaxe eratu dugu pertsonaia». Otañoren audiorik ez denez iritsi gaurko egunera, Anjel Mari Peñagarikanok lagundu dio Usabiagari bertsoei tonua jartzen: «Abestu beharreko bertso guztiak grabatuta bidali zizkidan, eta gaur ere horiek entzunez etorri naiz hona». Usabiagaren entrenatzailea izateaz gain, Otañoren osaba Joxe Bernardoren rola jokatzen du Peñagarikanok Ombuaren itzala filmean.

Usabiagaren ikuspegitik «erraz eta arazorik gabe» doaz grabaketa lanak. Gauza bera uste du Sara Cozar aktoreak ere —filmean Madalen Alberdi da, Pedro Mari Otañoren emaztea—: «Egia da filmaketa bitxi samarra dela, ez baikara jarraian egiten ari, baina gidoia aspaldidanik daukagu, eta horri esker badakigu nondik gatozen eta nora goazen». Alde horretatik erraz kokatu du bere burua Cozarrek, aktore lanetan aritu den egunetan. Karakterizazioak ere ez dio aparteko ahaleginik eskatu: «Meritu handiena makillatzaile, ile apaintzaile eta jantzien arduradunarena da. Jantzita eta orraztuta, berehala jartzen zara jarri beharreko tokian».

Madalen Alberdik ez zekien euskaraz, baina esaldi batzuk esango ditu filmean euskaraz. Cozar: «Ulertzen dugu inguru euskaldun batean bizi denak esan ditzakeela esaldi batzuk, gauza errazak. Bestelako solasa, ordea, erdaraz egingo dugu, horrela markatuta baitago historikoki».

Egun lainotsuak haien alde egin du Pasai San Pedroko grabaketan. Eguzki galdatan ez zatekeen gauza bera aterako.
 

Patxi Bisquert, zuzendaria: «Diru gutxirekin baina talentu handiarekin ari gara gure eskasiak estaltzen»

Baliabideak auzolanean lortutakoak izanik, zatika ari dira grabatzen Ombuaren itzala, lantaldeak eta aktoreek ahal dutenean. Iazko ekainean egin zuten lehen saioa, Donostiako Orfeoiarekin. Aurten hainbat tokitan egin dituzte filmaketak, besteak beste Lizarran (Nafarroa) eta Zizurkilen. Baita Argentinan ere, zortzi egunez.

Zer moduz doa grabaketa?

Puskaka-puskaka, baina badoa. Gaur 24. grabaketa eguna dugu. Beste pare bat egun egingo ditugu aktoreekin, eta, ondoren, paisaiak-eta hartzeko beste ahalegintxo bat, eta hortxe amaituko da grabaketa.

Orain artekoarekin gustura?

Pozik gaude. Postprodukzioan hutsegiteak agertuko dira ziurrenik, eta hutsegite horiek nola zuzendu pentsatu beharko da, baina gustura nago. Aktoreak lan ederra egiten ari dira, lokalizazio politak aurkitu ditugula iruditzen zait, eta jantziak ere ikusi dituzue. Diru gutxirekin baina talentu handiarekin ari gara gure atsekabe eta eskasiak estaltzen. Gustura nago.

Filma amaitzeko behar diren sos guztiak lortu dituzue?

Ez, oraindik ere beharko dugu gehixeago. Eta batez ere aurrez agindutakoak behar ditugu gure kutxan. [Gipuzkoako] Foru Aldundiak dirua eskaini zigun, eta Ondarek ere bai Eusko Jaurlaritzatik, baita Euskal Telebistak ere, baina diru hori ez da sartu, eta horrek larritasunean jartzen gaitu azkenerako. Adibide bat jartzearren, kanpo harremanetarako taldeak Argentinara bidaiatzeko tiketak erosi behar, eta dirua aurreratu behar izan dugu, administrazioak oraindik ez digulako dirua jarri. Oso motelak dira kontu horiek. Arazo horiek baditugu, eta horrez gain, auzolanarekin jarraitzen dugu, artean kopuru osoaren %10-12 falta baitugu. Egia da gehiena lortu dugula, eta %10 horrek huskeria ematen duela, baina 80.000 euro inguru dira, ez da inolako broma, eta beraz, kanpaina zabaltzen jarraitzen dugu.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia