Anartz Bilbao. Gurasoen bidea alderantziz egin du Ibargurenek, herriari zein hizkuntzari dagokionez. “Nire familia hemengoa da, nire ama, izeba eta osaba guztiak Gipuzkoan jaio ziren; eta hemendik Argentinara gazteleraz jakin gabe joan ziren arren, gero bizitza zela-eta pixka bat baztertu egin zuten euskara”.
Ikastola bukatu eta Buenos Aireseko unibertsitatean hiru urte ikasi ostean, EHUra etorri zen Ibarguren, Leioara, kazetaritza karrera egitera. “Nire asmoa ikasketak bukatu eta Argentinara bueltatzea zen, baina… azkenean ez naiz joan, hemen nago. Familia hemengoa dudanez ez nuen bueltatu nahi Gipuzkoa ezagutu gabe”. Hortaz, bizitzera herri txiki batera joatea erabaki eta Hernanira heldu baino lehen Andoainen eman zituen lau urte, bertan aurkitu zuelako lana.
“Gauza bat eta bestea, lana eta bizitza… hemen gelditu nintzen arte. Orain Hernanin familia daukat, alabatxo bat, eta bertan bizi naiz senarraren familiarekin. Oso ondo gaude -egun Hernanin bizi du ama ere, eta alde horretatik beteta dagoela dio- eta hemen geldituko gara, jada ez daukat bueltatzeko asmorik”.
(ikus, entzun eta irakurri elkarrizketaren gainerakoa Zuzeu.eus-en)