Miel Anjel Elustondo
du argitaratua.
Hizkuntza politikarako ardura utzi zenuelarik 2016an, ez zenuen elkarrizketarik nahi izan. Zergatik?
Ez zen garaia, ez zen nire momentua. Halaxe erabaki nuen. Elkarrizketa eskeak estimatu nituen, baina etorri berrien garaia zen, interesgarriagoa zen haiek zer zioten jakitea, nik esan nezakeena baino. Horrixe eutsi nion. Orain iritzi pertsonala ematen dut, beste inor konprometitu gabe.
Nola gogoratzen dituzu hizkuntza politikarako sailburuorde zinela egindako bi aldiak, zortzi urteak?
Bizi-biziak izan ziren bi legealdiak. Atseginak, eta gogorrak. Topikoa da esatea ohore handia izan nuela, baina egia da, ohorea izan nuen, eta suertea, ez dut-eta nire burua euskara gabe ulertzen. Bi legealdi haietan, euskararen bizi-indarraren alde nire onena emateko aukera izan nuen, berealdiko suertea, eta erantzukizun handia bezainbat. Bigarren legealdikoak urte gogorrak izan ziren, hala ere, ekonomiaren egoeragatik. Lehenengo legealdian aurrekontu jauzi inportantea eman ahal izan genuen, euskaltegiei, hedabideei eta euskararen eragile askori zegokienean. Aurrerapauso inportantea izan zen. Bigarrenean, aldiz, azken hogeita hamar urteotako ekonomia sasoi ahulenari egin behar izan genion aurre, diru-baliabide publikoak ikaragarri urritu ziren, eta lehentasunak finkatu behar izan genituen, hau da, euskaltegiak, hedabideak eta lan-mundua. Diru-baliabideak urrituta ere, eutsi egin genion hiru arlootan, eta lehendik abiaraziak zeuden proiektuei ere eutsi genien.
Zer datorkizu burura legealdi bi haietan egina?
Gauza asko datozkit burura, eta ez noa zerrenda egitera, baina gogoan ditut lehenengo legealdiko Euskara 21, Bikain, Elebide, euskara tituluen baliokidetzak… Bigarrenean, berriz, “Eta hemendik aurrera zer?” dokumentua, arlo ugaritako dozenaka eragilek parte hartuz adostu genuena, datozen bi hamarraldietako hizkuntza politikaren oinarriak eta lehentasunen markoa finkatzeko balio duena. Aho batez onartu zuen Euskararen Aholku Batzordeak, prozesu partehartzaile inportantea gauzatu eta gero. Balio handikoa iruditzen zait. Baita ere euskararen txantxangorria, euskararen erabilera sustatzeko etengabeko deia egiten baitu, eta herri erakunde guztien, euskalgintza eta gizarte eragile askoren onarpena izan baitzuen. Legealdi amaierako Euskararen eguna ere ez dut ahaztekoa, “Zer egin dezaket nik euskararen alde?”, galderari erantzun nahirik euskara erabiltzeko konpromisoa hartzeko deia zabaldu baikenuen herri erakunde guztiek eta bostehundik gora eragilek elkarrekin. Aipatu beharko Udal Legean euskarari egindako tokia ere. Edo Euskal Herriko hiru lurraldeetako herri-aginteek lehen aldiz elkarrekin Inkesta Soziolinguistikoa egin izana, hiruren artean EAS Euskararen Adierazle Sistema abian jarri izana. Bi hitzetan esateko, edo esaldi bakar batean, erabileraren, lankidetzaren eta adostasunaren hizkuntza politikak izan ziren bi legealdietakoak.
Zer diozu tarteko legealdiko hizkuntza politikaren gainean? 2009-2012koaz ari naiz, Patxi Lopez lehendakari izan zen hartaz…
Neurri batean, beste hizkuntza politika bat gauzatu zutela orduko arduradunek, bestelako ikusmolde bat erabili zutela, aurrekoarekin eten gabe ere, nahiz eta errotiko aldaketak iragarriz hasi ziren. Gogoan dut garai hartan esan nuena: ralentizazioa eta geldotze bat gertatu zela hizkuntza politikan, bereziki nabarmena Osakidetzan edo kontsumo arloan, baita helduen euskalduntzean ere. Beren ukitua eman zioten ordu arte egiten ari ginenari, baina ez zen 360 graduko aldaketarik izan, ezinezkoa baita, gure gizartean, askori esker, sozialistei esker ere, adostasun maila handia lortu baitugu hizkuntza politikari dagokionean.
Lankidetzaren eta adostasunaren hizkuntza politikak izanagatik ere, kritikak jaso zenituzten…
Jardun publikoan behar-beharrezkoak dira kritikak, eta onartu egin behar dira. Nik, esaterako, asko ikasi dut kritiketatik… Euskaren munduan behar baino gehiagotan bereizi dira gizarte dinamika eta erakundeen dinamika, gauza kontrajarriak balira bezala, eta ez da hori kontua. Euskarak beharrezko ditu ekimen soziala, ekimen pribatua, eta herri erakundeen ekimen publikoa. Hirurak. Euskararen munduetan, berriz, berrogei urte honetako talka politikoak bere eragina izan du. Sektore jakin batek instituzionalizazioa ukatuz definitu du bere estrategia politikoa, instituzionalizazioari legitimitatea ukatu dio, eta talka politiko horrek isla izan du euskararen arloan; oso modu berezian, euskararen arloan. Azkeneko urteetan onbidean da egoera, eta onbideratuago izango da datozen urteetan. Hori mesedegarri izango du euskarak. Hala ere, bestelako kritikak ere gogoan ditut. Adibidez, euskal gobernuak Euskararen Agenda Estrategikoa egitea dirua alferrik botatzea zela ere entzun genuen, edo “Aldatu txipa” kanpaina abiarazi genuenean –euskaraz dakitenen aktibaziorako hartaz ari naiz, lehen hitza euskaraz egitea sustatzea helburu zuenaz–, berealdikoak entzun behar izan genituen, euskara inposatzen ari ginela eta hau eta hura. Horiek ere, bistan da, talka politikoa zuten jatorria.
Alderdien arteko borroka, alegia.
Gure lantaldearen iritziz, askotariko gizarte eragileen artean lankidetzarako eta elkarlanerako jarrera ezin hobea izan genuen, eta zinez eskertuta nago, horri esker egin ahal izan baikenituen inoiz baino hitzarmen gehiago, arloz arlo egin ere. Lankidetza estuan jardun genuen euskalgintza sozialeko eragile gehien-gehienekin ere, eta elkarrizketan guztiekin. Halere, beti egin liteke eta egin behar da gehiago. Nolanahi ere, euskararen arloan gauzatzen da herri erakunde eta gizarte eragileen arteko adostasun mailarik handiena. Euskararen arloan dagoen adostasun mailarik, edo handiagorik, bai ote beste inon?
"Herritarren esku dago euskara, eta horrek motibazioari eragitea eskatzen du. Lehenetsi beharreko puntua da motibazioena, pluralean esanda"
Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun? Berdin ikusten da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren talaiatik nahiz udaleko euskara zerbitzutik?
Paisaia bat bera ez da berdin ikusten lehen solairutik edo hamahirugarrenetik. Ezaugarriak eta ñabardurak hainbat izan ohi dira. Batetik nahiz bestetik, nik euskara hazten ari dela ikusten dut, dela etxeko transmisioan –eta ez da askotan aipatzen–, ezagutzan –hauxe aipatzen da beti–, eta erabileran. Hazten ari den hizkuntza da euskara. Joan den 30 urte honetan hazkunde jarraitua izan du euskarak, eta, kasu honetan, adjektiboak garrantzi handia du: jarraitua. Ez du parekorik munduan, Miquel Gros i Lladósek esan zuenez. Erabilera ere hazten ari da, gazteen artean batez ere, gehiago eremu publiko formalean etxeko giroan baino. Baina hori ez da gure ezaugarri espezifikoa, gauza normala da. Eta nahikoa da katalanaren kasuari begiratzea, gurea baino egoera hobea duen hizkuntzaren egoerari, alegia. Han ere alde handia dago eremu publikoko erabileraren eta etxeko erabileraren artean. Horrek, jakina denez, faktore askorekin du lotura, eta, besteak beste, hizkuntzaren gaitasun erlatiboarekin. Euskaldunok, zorionez, ez gara elebakarrak, eta horregatik ari gara gaitasun erlatiboaz hizketan, beste hizkuntza batekiko gaitasunaz ari garelako. Hizkuntzaren gaitasun erlatiboa, berriz, lehen hizkuntzari lotzen zaio, horixe diote ikerketek. Euskarari dagokionez, gero eta gehiago dira lehen hizkuntza euskara ez baina gaztelania dutenak. Horregatik diot gauza normala dela euskara gehiago erabiltzea eremu publikoan etxean baino. Euskarak etapa asko irabazi ditu, etapak irabazten ari da, eta irabazten jarraitu beharko du, guztiz irabaztera iristeko.
Noizko “guztiz irabazi”?
Bi-hiru belaunaldiri begira, euskarak ziurtatua luke biziraupena. Aldiz, ezin esan bizi-indarra ziurtatua duela. Bizi-indarra dago jokoan, hizkuntza bizia izatea, ez dadin euskara txokoko epeltasun goxoan zokoratuta dagoen hizkuntza izan. Herritarren esku dago euskara, eta horrek motibazioari eragitea eskatzen du. Lehenetsi beharreko puntua da motibazioena, pluralean esanda, erdigunean ez baitago hizkuntza, hiztuna baino, eta horrek berealdiko konplexutasuna dakar, emozioak, sentipenak, pozak eta haserreak jokoan direla esan nahi baitu. Noizko irabazi? Bospasei hamarraldi atzera egiten badugu, perspektiba baliatzen badugu, ikusiko dugu 50eko eta 60ko hamarkadak erresistentziaren garaia izan zirela. Ondoren, gainbeheran zihoan hizkuntza goranzko bidean hasi zen, eta, segidan, gorantz ari zela, hazkunde jarraituaren bidea hartu zuen. Orain, hazkunde jarraitu horri iraunkortasuna eman behar diogu. Jakina, egoera ez da uniformea, euskarak EAEn duen egoera edo Nafarroan eta Iparraldean duena ez dira bat eta bera, baina EAEk %85eko pisua duenez euskal hiztunetan, trakzio lana egitea dagokio. Geroan zer gertatuko den ikuskizun dago. Hurrengo belaunaldien lana izango da oraingo hazkunde jarraituari iraunkortasuna ematea, subordinazioari alto ematea.
Euskararen erabilera helburu, txitean-pitean erabili izan zenituen “elebitasun pasiboa”, “euskara hiztunen aktibazioa”, “erakargarritasuna”, “atxikimendua”… Kritika iturri horiek ere.
Hitz gakoak dira, horratik! Elebitasun pasiboa dela-eta, adibidez, 2005eko legealdian bertan zabaldu genuen kontzeptua. Beste zenbaiten artean, Moreno Cabrerak landutakoa da. Hark seskilinguismoa esaten zion… Euskara gaitasun erabatekoa ez duten hiztunak elebakarren zakuan sartzea berealdiko errore estrategikoa da. Euskararen zakurantz etortzeko aukerak eman behar zaizkie. Orain “belarriprestak” aktibatu nahi ditugu, baina kritikak izan zituen, euskaldun osoaren helburuari bizkar ematea zela ere esan zuten, ikuspegi ezberdinak plazaratu ziren, eta, zinez, legitimoak dira kritikak eta ikuspegi guztiak. Besteak beste, kritikek aberastu eta argitu egiten dituzte kontzeptuak, eboluzionatzen laguntzen digute. Aktibazioari dagokionez, kritikak jaso zituen beste kontzeptu bat.. Esan behar dut euskaldunaren aktibazioa lehentasuna izan dela nire iritzian, horretan jarri behar dugula fokoa, inork ez dizkigulako babak eltzetik aterako. Horixe da errealitatea. Euskalduna errudun egiten genuela ere esan zuten kritikek, erruduntasun filosofiarik gabe errealitatea ulertzeko zailtasunak baititu askok, eta kontu honetan sekularizazio handixeagoak ez liguke kalterik egingo. Ez gabiltza errudun bila, hiztun bila baizik: euskaraz hitz egiteko kondizioak betetzen dituen euskaldun bila. Ze ondo “ahobiziak” mugiaraztea.
Erakargarritasuna, atxikimendua…
Euskarak irabazten jarraituko badu, jarraitu, hizkuntza politika aurreratua eta aktiboa behar da, lege-babesa, herri erakundeen konpromiso eta jardun jarraitua… Behar-beharrezkoak dira horiek denak. Hala ere, erakargarritasunik gabe, herritarren atxikimendurik gabe, jai du euskarak, jai! “Euskal Herrian gaude, gure hizkuntza da, eskubidea dugu… Gainerakoak epelkeriak dira!”. Arrazoiz betetako jendez beteta daude hilobiak. Aspaldi irakurri nion Txepetxi –Arrasate Press aldizkarian, beharbada–, bere buruari galdetzen ziola: “Euskarak aurrera egingo badu, zer da beharrezkoa? Euskara eginbeharra izatea, ala plazerra?”. Haren erantzuna, “plazerra”, “eginbeharra” gutxietsi gabe. Askok egin du gogoeta bera, nahiz eta beste modu batera. Akordatzen naiz Kirmen Uriberen Mussche nobela ederrean, Robertek galdera egiten duela: “Zerk mugitzen du mundua? Ekonomiak, botereak ala maitasunak?”. Eta erantzuna: “Maitasunak”. Jakina, inoiz edo behin, edo behin baino gehiagotan, eginbeharra ere izango da euskara, hala behar du, badakigu hori, baina euskararen jardunak erakargarri izan behar du, obligaziozkoa ez denean ere erabilia izango bada.
Zertan da, euskarari dagokionean, oro har, agintarien aitzindaritza?
Joan diren hiru hamarraldietan euskarak ibilbide ikaragarria egin du, eta hori ez zatekeen posible hizkuntza politika aurreratua gabe. Ikusi nahi ez duena, itsu da. EAEn hizkuntza biziberritzeko egin den bidea ikaragarria da. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Nafarroan eta Iparraldean, urte askoan oso bestelako hizkuntza politikak izan diren horietan. Beste hainbat jarduera publikotan bezala, herri aginteen lidertza eta aitzindaritza behar-beharrezkoa da. Hizkuntzaz ari garenean, hizkuntzaz ez ezik, gizarte baten bizikidetzaz ari gara, gizarte baten ereduaz. Eta hori zehaztea herri ordezkaritza legitimoa dutenen bizkar da. Ez nuke nahi ardura hori herriaren ordezkari legitimo ez den beste inoren bizkar uztea, herriaren ordezkariek ardura horri uko egitea. Era berean, ez nuke nahi euskararen sustapenerako ekimen sozial indartsu bat ez izatea. Nik uste herri aginteek benetan bizi dutela euskararen ardura, badakitela ezin dela atzerapausorik egin, politika publikoen ardatzetan egon behar duela euskarak. Bada zer hobeturik, ez gutxi, baina EAEko herri agintarien konpromiso eta aitzindaritzaren nolakoa erakusten du joan den hiru hamarraldietan gure hiru lurraldeetan euskarak egin duen bideak. Herri aginteen aitzindaritzaz ari garela, nire ustez klabea da haien lidergoa ahalik eta transbertsalena izatea, hau da, lidergo horretan herri erakundeetako arlo ezberdinetako arduradunak ahalik eta gehien inplikatuta egotea. Jon Darpon Osasun sailburua dut adibide. Herritarrok nahi dugun hizkuntzan hartuak izateko eskubidea dugula, ebidentzia bat da. Eskubidea bermatzeko gero eta pauso handiagoak eman behar ditugula, eztabaidaezina da. Niri pozgarri zait Osasun sailburuari horixe esaten ez ezik, esaten entzutea euskarak pisu handiagoa izan behar duela osasun zerbitzuetan, hain zuzen ere, sendagilearen eta gaixoaren arteko enpatia areagotzeko baliagarria delako euskara, zerbitzuaren kalitatea hobetzen duelako. Oso argumentu inportantea iruditzen zait, eta transbertsalitatearen adibide ezin hobea. Euskadiko industria sarea digitalizatzeaz hitz egiten denean ere –gaur eguneko erronka nagusietako bat–, hor ere hizkuntza politika egiten da. EAEn aitzindaritza sendoa egon da eta dago hizkuntza politikaren arloan. Ikuspegi transbertsalari dagokionez, hobetu eta indartu egin behar da. Agintariek gauza bat hartuko beharko lukete kontuan: aitzindaritza hori gauzatzeko modurik onena litzateke beraiek ere, beren eguneroko jardunean, euskarari komunikazio hizkuntza izateko atea irekitzea. Horixe litzateke lidergorik indartsuena.
"Agintarien aitzindaritza gauzatzeko modurik onena litzateke beraiek ere, beren eguneroko jardunean, euskarari komunikazio hizkuntza izateko atea irekitzea. Horixe litzateke lidergorik indartsuena"
Zergatik ez du euskaldunak euskaraz egiten?
Egiten du!
Tira, bada! Zergatik ez du euskaraz egiten ez duen euskaldunak euskaraz egiten?
Euskara beste hizkuntza baten konpainian bizi da; gaztelaniaren ondoan, gure kasuan. Hemengoa ere baden hizkuntza, gaztelania, eta hemen bizi diren gehien-gehienen lehen hizkuntza. Gainera, euskaldun askoren lehen hizkuntza ere bada: berrogei urtez beherako euskaldun erdien lehen hizkuntza da. Gainera, hizkuntza hori munduko bospasei hizkuntza indartsuenen artean dago. Gainera, gure gizartearen eleaniztasuna dela, globalizazioa dela… hizkuntza horren eragina askoz handiagoa da. Gainera, euskaldunok, zorionez, elebidunak gara gutxienez, eta badakigu hizkuntza horretan hitz egiten. Gainera, euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana desorekatua da, euskararen kaltetan. Gaztelaniak sekulako hegemonia du, nagusi da gure ohituretan. Euskaldunak gero eta gehiago gara, baina euskaldunen zati handi bat bizi da euskaraz dakiena % 50era iristen ez den tokietan. Alegia, erabiltzeko zailtasunak eta ezintasunak ditugu. Euskara subordinazio egoeran bizi izan da luzaro, eta horrek eramaten gaitu gu geu ere subordinazio egoera hori normaltzat hartzera. Faktore guztiok hor daudela, euskaldunok euskaraz egingo badu, hautua egin behar du, euskaraz egitea hautatu. Euskararen erabilera areagotuko bada, bi gauza behar ditugu gutxienez: hiztunak izatea –“hautu egileak” alegia, ez, bakarrik, euskaradunak–, eta erabiltzeko guneak, aukerak, izatea. Biak behar ditugu.
Hautu egitea euskahalduntzea da?
Gauza bera beste modu batera esateko era da, nire ustez.
Carme Junyentek ARGIAn bertan esan ziguna dut gogoan: “Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak”. Koldo Mitxelenak “axolagabekeria” zerabilen.
Erabat ados. Batzuetan, galdera eginez hasten ditut hitzaldiak: “Zein dira hizkuntza bat indargabetzera daramaten faktore hilgarriak?”. Entzuleen erantzunak: hiztunak bere hizkuntzari bizkar ematea, komunikatzeko baliagarritasunik ez aurkitzea. Hori gertatzen denean, etxeko transmisioa eten egiten da, hauturik ez da egiten… Irabazteko, badakigu, lege-babesa, hizkuntza politika, herri erakunde eta agintarien konpromisoa… Baina horiek ere ez dira aski. Pedro Migel Etxenikek ere esan zuen: “Euskaldun izateko nahia da beharrezkoena. Nahia. Euskaldun izaten jarraitzeko gogoa behar dugu. Horretarako, nahitaezko da euskara erabiltzea, orain eta beti, han eta hemen erabiltzea”. Zera esaten da: “Euskarak behar zaitu”. Alderantziz da: “Euskara behar dut”. Garai batean zera idatzi nuen Hermes aldizkarian: “Euskarak behar duena da guk bera beharrezkoa izatea”. Euskara beharrezkoa baldin badugu, aurrera egingo du!
Hermes aldizkaria aipatu duzunez, Eusko Jaurlaritza osatu zelarik, lehendakaritzaren atala zen Hizkuntza politika. Zenbait forotan –Hermes aldizkariak behiala antolatuan, adibidez–, zentralitatea eskatzen zen hizkuntza politikarentzat. Zein da hizkuntza politikaren tokia gobernu baten egituraren barnean?
Euskarak beharrezko du zentralitatea, ezinbestekoa duela ere esango nuke. Hizkuntza Politikarako sailaren kokagunea Lehendakaritzan izatea, lagungarri litzateke, eta oso aproposa ere bai, hizkuntza politika ez baita kulturan bukatzen eta bai, aldiz, gizarteko, eta gobernuetako, alor guztietara zabaltzen. Hala ere, kokagunea ez da panazea, horrek ez ditu gure ezintasun eta gaitz guztiak sendatuko, bestelako adibideek erakusten digutenez. Bitartekoak helburu ez bihurtzea komeni da. Kokagunea lagungarri da, aproposa, baina ez da panazea. Adibidez, 2013an egin zuen Jaurlaritzak, lehendakariaren beraren lidergoaz, legealdirako Euskararen Agenda Estrategikoa, gobernuko sail guztiak inplikatzen zituena, eta HPS ez ginen lehendakaritzan.
Zein ditugu euskararen oraingoak eta etorkizunera begirako erronkak?
Ez noakizu “Eta hemendik aurrera, zer?” dokumentuak jasotzen duen guztia esatera, Euskararen Aholku Batzordeak aho batez onartu zuena, eta diputazioek eta orduko Jaularitzak eta euskararen eragile sozial askok, eta pisu handikoek, onartua. Hantxe ageri dira erronkak. Lankidetzaz eta adostasunaz hainbeste hitz egiten denean, komeni da dokumentu hartaz baliatzea. Erronkarik nagusiena aipatzearren, hala ere, euskararen auzia agenda sozialaren erdigunean kokatzea, efektiboki, ez sinbolikoki, da inportanteena. Agenda soziala aipatu dut, ez agenda politikoa, oso emanak baikara horretara mugatzera. Indar handiagoz agertu beharko luke euskarak agenda sozialean, presentzia ahula baitu, gaur-gaurkoz, gure agenda sozialean. Askotariko eragile sozial, sindikatu, enpresa, elkarte… asko eta asko konbentzituta daude euskararen auzia ez dagokiela. Esan zuen Anjel Lertxundik: “Beharrezkoa da euskararen gaia euskaltzaleena ez ezik gizarte osoarena izatea”. Esan zuen Ramon Saizarbitoriak: “Euskarak behar duena da, nazionalistek euskarari uko egin gabe ere, nazionalista ez direnek ere euskara bere egitea”. Horixe da euskararen erronka nagusietan nagusietarikoa. Euskarak aurrera egingo badu, euskararen inguruko kontsentsu sozial eta politikoa etengabe elikatzea dagokigu. Ez, hala ere, arrazoiz betetako konbertsazioak izateko, ezpada euskarak aurrera egiteko!
Erronka nagusia agenda sozialaren erdigunean kokatzea, ez erronka bakarra, bistan denez.
Ez bakarra. Beste zenbait erronka ere baditu euskarak, beste plano batean: euskal hiztunen kopurua gehitzea, erabilera areagotzea, eta klabea dena da euskara lehen hizkuntza dutenak eguneroko mintza-jardunean horri eustea –gaztelaniarekiko subordinaziorik gabe, esan nahi dut, eta halakoak pixkanaka gehitzea–, euskaldun berriak ez euskaldun herrentzat hartzea –hau da, dakiten euskara konplexurik eta izurik gabe erabil dezaten–, guraso euskaldun berriek etxean euskaraz transmititzea –klabea baita belaunaldien arteko euskararen iraunkortasuna ziurtatzeko–, eskolako hizkuntza formal hori ekintza ludikoetako hizkuntza izatea, corpusean ere baditugu erronkak… Ez dugu izan behar gure hizkuntza higatzeko beldurrik. Gaztelaniaren eraginik gabeko euskara ez da posible. Errealitatetik kanpo dago hori. Irauli egin behar dugu uste hori, gaztelania makulu izan baitaiteke gure bidean, hiztun bila baikabiltza, hiztun bila!, ez tituludun edo cum laude-en bila. Erabilerak higatzea dakar, eta ez diogu horri beldurrik izan behar. Besterik da erabilera ezaren ondoriozko higatzea. Higatzeak ez du esan nahi kalitate eta bikaintasunari uko egitea, ez. Kalitate eta bikaintasuna bai, baina idazleetan, irakasleetan, komunikatzaileetan… baina ez hiztun guztietan. Boligrafo gorri eta hiperzuzenketak desterratu egin behar ditugu. Karmele Rotaetxe zenak zioen euskara erraztu egin behar genuela. Eta arrazoi zuen, ikuspegi komunikatiboa nahi zuen jarri ikuspegi gramatikalaren gainetik. Eta hautua egin behar duen hiztunaren bila baldin bagabiltza, hobe du tresna erosoa eta erraza izan euskara. Gure hizkuntzaren kasuan, hemendik hamarraldi batzuetara gutxiengo izango dira erdaldun peto-petoak, baina, hala ere, gehiengo izango dira gaztelania lehen hizkuntza izango dutenak. Ausardia behar dugu errealitate hori –ezagutu ondoren–, onartzeko, bestela ez baitugu hizkuntza aurrerabidean jarriko. Erronka transbertsaletan, motibazioa aipatu behar. Hiztunak hautua egin beharko duenez, hizkuntza gutxituen kasuan nahitaezko da hizkuntza kontzientzia izatea. Ez, inondik ere, ideologia politiko jakin bati lotutakoa, gizarte proiektu bati lotutakoa baizik: etxean jasotako hizkuntzari eusteko erantzukizuna, gizarte pluralaren singulartasunari eusteko nahia, identitatea, pragmatikotasuna… Lotu dezagun hizkuntza kontzientzia era horretako elementuekin. Nik ez dut beste biderik ikusten euskara gure hizkuntza nazional bihur dadin. Bestela bada, euskara, onenean, tribu bateko hizkuntza izango da, hizkuntza subordinatua, ez hizkuntza nazionala. Eta jarrera ere hor da, jarrera positiboa esan nahi dut, edo Koldo Mitxelenak behin esan zuen “optimismo kritikoa” zela berea. Euskarak azken hamarraldietan egin duen bidea ikusi eta optimista izan behar dugu! Aldi berean, bide horixe ikusi eta kritiko izan behar dugu. Optimismo kritikoa, beraz, agoniazko jarrerarik gabe, pesimismoak eta agoniak jendea uxatu besterik ez baitu egiten, eta gu hiztun bila gabiltza, esan dut lehen ere. Gizartea euskararekiko “Bai, baina” jarrera duen jendez beterik dago, eta horiek euskararen aldera ekarri behar dira. Hori da nire iritzia.
Zer diozu Espainiako zenbait alderdi politikok autonomietako hizkuntza politiken gainean esaten dituztenez, euskarari hegoak ebaki nahian beti?
Inboluzio arriskua dago. Espainiar estatuan, eleaniztasunari dagokionez asimetria legala da Estatu mailan dagoena. Gaztelania da estatuko hizkuntza ofiziala, gainerakoak ofizial dira beren erkidegoetan. Espainiako asimetria, ordea, simetria da erkidegoetan, Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen ondorioz. Esate baterako, euskara ez da EAEn ofiziala “gaztelaniarekin batera”, “gaztelania bezala” baizik. Simetria legala dute euskarak eta gaztelaniak EAEn. Inboluzioa, berriz, erkidegoetako egoera simetrikoa asimetriko egin nahi izatetik dator, gaztelaniaren nagusitasuna inposatu nahi izatetik. Eztabaida ez da berria. Ciudadanosek, esaterako, enplegatu publikoaren espainiar estatutua aldatu nahi du, han esaten baita bi hizkuntza diren erkidegoetan hainbat lanpostutan erkidegoko hizkuntza horren ezagutza derrigorrezkoa edo ezinbestekoa izango dela. Ciudadanosek euskararen, galegoaren, katalanaren ezagutza zenbaitetan derrigorrezkoa izatea kendu nahi luke, estatuaren legetik kendu!, hizkuntza horien ezagutza zenbait kasutan onenean ere merezimenduzko gisa baloratua izan dadin. Hori inkonstituzionala da, ordea! Inkonstituzionala da, Konstituzioaren 3. artikuluak esaten duelako gaztelania ez beste hizkuntza bat hitz egiten den erkidegoetan, bertako hizkuntzen ofizialtasuna autonomia estatutuaren arabera arautuko dela. Konstituzioak berak dio! Euskararen legea konstituzio auzitegira eraman zuten 1986an, eta oinarri juridikoetako batean dio ez dagoela inolako eragozpenik hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eska dadin, eta beste guztietan merezimendu gisa baloratu izan dadin. Ciudadanos honetan Konstituzioaren eta doktrina konstituzionalaren kontra ari da! Bestalde, Hizkuntzen Europako Kartaren 10. artikuluaren kontra ari da, eta Europako Kontseiluak Espainiako gobernuari lau aldiz egin dizkion eskarien kontra, non esaten dion zehazteko bere administrazio periferikoetan zein lanpostutan bermatu behar duen dena delako hizkuntzaren ezagutza. Europako Karta ez da desideratum politiko bat, nazioarteko ituna baizik, lege indarra du, espainiar estatua behartua da hori betetzera. Oraintsu, berriz, estatuko administrazioak OPE baten deia egin du, 4.500 lanpostu betetzeko, 340 EAEn betetzekoak. Bakar batean ere ez da bermatzen euskararen ezagutza. Hori ez dator bat Europako Kartarekin, ez Europako Kontseiluak esaten duenarekin, ez 1986an Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin ere, esaten baitzuen euskara gaztelania bezain ofizial zela EAEn, eta, beraz, administrazio zentralak gure erkidego honetara deitutako lanpostuetan ere, zenbait lanpostutan, euskararen ezagutza bermatu behar zuela, legearen indarrez. Inkonstituzionalak dira kontuok! Kezkagarria da, zeren eta Ciudadanosen ekimenak diputatuen kongresuan aurrera egingo balu, Enplegatu Publikoaren Estatutuaren legea Espainiako oinarrizko legea denez, aplikagarri izango litzateke espainiar estatu osoan, eta Konstituzioak berak emandako ahalmen bat higatuko luke. Espainia bertako alderdi nagusiak ez direla bat etorriko espero dut, argia ikusiko dutela eta ez diotela Ciudadanosen ekimenari aterik irekiko.
Etxepareren lehen liburutik hona gabiltza euskararekin atzera eta aurrera. Beti euskararekin jirabueltaka bizitzea ote dagokigu?
Chomskyk esan zuen: “Hizkuntza txikien etorkizuna ezin da aurreikusi, herritarren esku dago”. Horregatik dagokigu jira eta buelta ibiltzea. Edo Fishmanek esan zuena: “Geu gara gure hizkuntzaren berme bakarra”. Jirabueltaka ibili behar! Hautua egin behar! Euskaldunen aktibazioak, mintza-jardunak, eutsi dio bizirik euskarari. Nola, bestela! Bere sinpletasunean hain klabea den kontzeptua, ez da gaurkoa. Ez daukat ahazteko hamar urte nituela, batxilergoa hasten, Lazkaoko beneditarren ikastetxean eman eta paparrean jarrita ondo pozik eraman nuen metalezko ikurra: “euskaldunak euskaraz”. Euskaldunak alfabetatzea helburu, Rikardo Arregik bultzatuta Euskaltzaindiak 1967an abian jarri zuen kanpainako elementua zen intsignia berde hura. Kanpainaren leloa zera zen: “Euskaldunak euskaraz: idatzi, irakurri, hitz egin”. Gerora etorri ziren Joxean Artzeren adierazpen ezagun bezain borobila: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”, edo Gandiagaren hainbat olerki: “Baina eta hemen / euskaraz jakin arren / euskaraz mintzatzen ez denak ere / ez digu uzten / euskaraz egiten”). Euskaldunen hizkuntza kontzientzia pizteko aldarriak denak ere. Hiztunak baitira euskarak behar dituen salbatzaileak… Etorkizuneko euskal hiztunak izango ditu orain artekoak baino erabilera aukera gehiago. Erabilguneak ere gehiago izango dira. Gizartean euskal hiztunak gutxiengo izatetik, erdaldun elebakarrak gutxiengo izatera igaroko gara. Askok ezagutuko dute euskara, neurri batean edo bestean. Era guztietara, indartsuak izango gara, eta, hala ere, euskaraz hitz egiteko hautua egin beharko da. Egin ahalko da gaur baino gehiago, baina egin egin beharko da. Beti beharko dira sustapen politikak, agintarien konpromisoa, agenda soziala… baina eskatuko du aukera horiek baliatzea, eta aukera horiek baliatzeko, hautua egin beharko da. Eta hori lotuta dago motibazioekin, hizkuntza kontzientziarekin… eta hori oso gauza korapilotsua da. Egoera modu positiboan kudeatzen ikasi beharko dugu, eta ez agonikoan. Hor asko jokatzen dugu. Ezin da euskara larrimin, estuasun, tituluarekin lotu, jendeak ospa egingo digu eta! Erabilera prestigiatzen ikasi beharko dugu, ez bakarrik ezagutza, komunikazio tresna izan dadin etorkizunean, nahiz eta beti egongo den kontzientziari lotua eta, horregatik hain zuzen, korapilotsua izango den. Klabea izango da hori modu positiboan agertzea. Gogoan dut Bernardo Atxagak, Euskaltzaindiara sartzean egin zuen hitzaldian esan zuena: “Ez zait inporta krisian dagoen hizkuntza bat izatea, baldin eta krisi horrek bost mila urte irauten badu”. Horixe.