euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Nola esaten da diglosia kurdueraz, guaranieraz eta euskaraz? (en Berria)

07/12/2024

BERRIArekin elkarlanean, Suargi elkarteak Kurdistango, Amazoniako, Irlandako eta Euskal Herriko hainbat sortzaile bildu ditu elkarrekin diglosiaz, zapalkuntzaz eta erresistentziaz aritzeko.

Enlace: Berria

Iñigo Astiz. 1980ko hamarkada erdialdean Irakeko agintariek islama hartu zuten kurduen aurka egindako sarraskia justifikatzeko aitzakiatzat, eta, haren ostean, Sherko Bekas poetak idatzitako Erantzuna poema hartu du gogoan Jil Swani idazle kurduak, Durangoko Azokan. Jainkoari kexu eskutitz bat bidaltzen diola kontatzen du poetak poema horretan, eta aingeru lanak egiten dituen euli baten bidez helarazten diola jainkoari. Egun bakarraren ondoren, ordea, haren idazkari laguntzaileetako batek bueltan bidaltzen dio eskutitza, ondorengo oharra gehituta: «Ergela!/ Idatzi arabieraz!/ Hemen inork ez daki kurdueraz!/ Ez diote jainkoari halakorik helaraziko!». Barre batzuk, eta Swaniren azalpena gero. «Ez dut uste poetak erlijioaren aurka egin nahi zuenik hor. Nire ustez, poema horrek adierazten du maiz guri buruzko ardurarik ez duen jendearen artean bilatzen ditugula lagunak eta kideak. Ez dugu guk aldatu behar gure hizkuntza, eskutitz hori bidali behar diogu ulertu nahi gaituen jendeari. Horregatik dira garrantzitsuak horrelako solasaldiak».

BERRIAren elkarlanarekin, Suargi elkarteak Kurdistango, Amazoniako, Irlandako eta Euskal Herriko hainbat sortzaile bildu ditu gaur Durangoko Arte eta Historia museoan. Swani ez ezik, bertan izan dira Meral Simsek idazle, editore eta kazetari kurdua, Sevinaz Evdike zinema zuzendari kurdua, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarra, Amazonian jaiotako Roberto Awanari musikari euskalduna eta Joseba Sarrionandia idazlea ere. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak egin ditu gidari lanak, eta diglosiaz, kultur zapalkuntzaz eta herrien arteko elkartasunaz aritu dira hizlariak, besteak beste.

Nork bere hitzekin

Nork bere hitzekin hitz egitearen garrantzia nabarmendu du Awanarik, esaterako. «Gutaz mundu guztiak idazten du, baina guk historia kontatu nahi dugu gure eskutik, gure bizimodutik, gure hitzez, gure sustraietatik». Eta, horren erakusgarri, guaranieraz eman du azalpen hori bera lehenik, eta euskaraz errepikatu du gero.

«Gutaz mundu guztiak idazten du, baina guk historia kontatu nahi dugu gure eskutik, gure bizimodutik, gure hitzez, gure sustraietatik»
ROBERTO AWANARIAmazonian jaiotako musikaria

Bitarteko espazio batean kokatu du Simsek-ek bere burua. Izan ere, kurdua da bera, baina turkieraz egin du bere ibilbidea literaturan. «Turkiar agintariek ez naute turkiartzat hartzen, eta kurduek ez naute kurdutzat hartzen ez dudalako kurdueraz idazten. Eta, horregatik, linbo moduko batean nago». Bere egoera pertsonalak harago, ordea, kurdueraz idaztea gaur egun galarazita dagoela ere gogoratu du. Denbora kontua baino ez dela ere esan du. «Kurdistan libre bihurtzen denean amaituko da egoera hori».

Edonola ere, 40 milioi hiztun izanik, Simsekek behin baino gehiagotan nabarmendu nahi izan du kurduera ezin dela hizkuntza gutxitutzat jo. «Gutxiengoen ideia bera globalizazioak asmatu du».

Konfederazio demokratikoa

Haurtzaroko pasadizo bat hartu du gogoan Swanik, kurdueraren egoera deskribatzeko. 15 urterekin Danimarkara joan zen bizitzera bera, gogoratu duenez, eta, sorterrian bizi izandako debeku horiek ezagutu ostean, erabat harrituta geratu zen, han, eskolan, ume daniar guztiek danieraz egiten zutela ikustean. «Ezin nuen ulertu nolatan zen hori posible, euren etxeko hizkuntzan hitz egiten zuten denek eskolan ere, eta, denborarekin bakarrik ohartu nintzen hori ez zela beti gertatzen zen zerbait, baizik eta guri inposatu egiten ziguten zerbait».

«Kurdistan, Palestina, Euskal Herria, Katalunia edo dena delakoa aske izan dadin suntsitu behar dugu garai hauetako estatu sistema»
MERAL SIMSEKIdazle kurdua

Nerabezaroan, kapitalismoaren aurka egitea «erroten kontra egitea» bezala zela iruditzen zitzaiola onartu du Simsekek. Fantasia moduko bat zen harentzat ideia hori. Denborarekin, ordea, kapitalismoa errealagoa zela ikusi, eta baikorrago bilakatu zela esan du. Eta, hain zuzen ere, beste sortzaile kurduek ere aipatutako bide bera aipatu du hari aurre egiteko: Konfederazio demokratikoa. «Kurdistan, Palestina, Euskal Herria, Katalunia edo dena delakoa aske izan dadin suntsitu behar dugu garai hauetako estatu sistema».

Konfederazio demokratikoa izan du mintzagai Evdike zinemagile kurduak ere. Rohavan jaio zen bera, eta, azaldu duenez, 2012ko iraultzaz geroztik funtsezkoa da ideia hori euren egunerokoan. Are gehiago. Beste lurraldeetarako ere tresna erabilgarria izan daitekeela esan du. «Rohavan egon gara praktikatzen bide bat globalizazioaren aurkako konponbidea izan daitekeena».

«Ni Rohavan, eta kurdueraz hitz egiten dugunok, egon gara praktikatzen bide bat globalizazioaren aurkako konponbidea izan daitekeena»
SEVINAZ EVDIKEZinemagile kurdua

Globalizazioa bera «kapitalismoaren gezur bat» dela azaldu du McCoughanek. Idazle irlandarraren hitzetan, «ilunagoa» den zerbait ezkutatzeko jantzi moduko bat baino ez baita hitz hori, haren arabera, kapitalismoa eta kolonialismoa baitira termino horren atzean ezkutatzen direnak. «Garapen bidean goazela esaten dute, baina homogeneotasunerantz goaz».

Zapingaren egiak

Diglosia izan du mintzagai Sarrionandiak. Haren hitzetan, euskalduna «behartutako bilinguismo batean» bizi baita, eta, era berean, erabat desorekatua baita bi hizkuntza horien arteko botere harremana. Horren ondorioz, euskaldunek «eskizofreniaren antzeko zerbait» sufritzen dutela uste du idazleak, «modu kolektibo batean». Eskizoglosia deitu dio Sarrionandiak horri, eta beste hizkuntza ikasteko elebakarrek duten gogo faltari ere jarri dio izena: «supremazismo linguistikoa».

«Nahikoa da telebista piztea, multikulturalismoa gezurra dela ikusteko, eta estatu-nazio batzuen kaiolan harrapatuta gaudela»
JOSEBA SARRIONANDIAEuskal idazlea

Sarrionandiaren ustez, gezurra da kultura aniztasunaren ideia bera ere. Eta lau hamarkadaz erbestean egon ondoren, Euskal Herrira bueltatu zen lehen gauko pasadizoa aipatu du horren frogatzat. Kuban, denek esaten ziotelako Euskal Herria zeinen multikulturala zen, eta, aldiz, erabat bestelako argazki batekin egin zuelako topo. «Bueltatu nintzen egunean, ama ohera sartu zen, eta ni zapping egiten geratu nintzen telebistan, eta kate bat topatu nuen euskaraz, eta 80 baino gehiago, denak gaztelaniaz. Nik pentsatu nuen hemengo telebista multikulturalean galegoz, alemanez, frantsesez hitz egingo zela, eta pilo bat ikasiko nuela». Handik hilabetera, Baionara joan, eta han ere berdin. «Hotel batean aspertuta hasi nintzen zapping egiten, 90 kate pasatu nituen, eta ez nuen frantsesa besterik entzun. Nahikoa da telebista piztea, multikulturalismoa gezurra dela ikusteko, eta estatu-nazio batzuen kaiolan harrapatuta gaudela».

Liburua BERRIArekin

Proiektu zabalagoaren parte izan da solasaldia. Egitasmo beraren parte da Kurdistan + 100 Etorkizuneko errepublika baten istorioak izeneko liburua ere, esaterako. Hamahiru idazle kurduren testuak biltzen ditu argitalpenak, eta BERRIA egunkariaren erakusmahaian lor daiteke doan. Eta kontzertua ere antolatu dute, bestalde, gaur iluntzean, Euskal Herriko zein Kurdistango zenbait musikari elkartuta. Gaurko kontzertua berriro ere egin nahi dute Kobanen (Kurdistanen) hilabete batzuk barru, baina Suargi elkarteko kideek «ardura» ere aipatu dute, jihadistak inguru horretara gerturatzen ari direlako.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia