euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Nevadatik Patagoniara, konfinamenduaren bizipenak euskal diasporakoen ahotik: Zoe Bray, Mikaela Goikoetxea, Rocio Basterra (en Naiz)

16/04/2020

Eusko Diasporak luzaturiko gonbidapenak arrakasta polita bildu du. «Kontaiguzu korona» lelopean elkarteak zabaldu zuen ekimenak Euskal Herritik urrun bizi arren euskal komunitatea osatzen duten lagunak harremanetan jarri ditu. Covid-19k «zortzigarren probintzian» nola eragin duen irudikatzen duten lehen emaitzak webean ikusgai dira.

Enlace: Naiz

Maite Ubiria. Eusko Diaspora elkartearen animatzaile den Oihana Zamponi-Galék diasporako bizipenak biltzeko xedez maxtan emandako ekimenaren berri eman zigun elkarrizketa baten bidez.

Egun gutxi igaro dira geroztik, baina dagoeneko Euskal Herritik urrun bizi diren euskal komunitateko kideen lehenengo kontakizunak zabaldu ditu webean.

2018az geroztik Renon (Nevada) bizi den Zoe Bray artista Eusko Ikaskuntzak Baionan duen egoitzatik jarduten duen elkarteak igorritako galdetegiari erantzun dion diasporako kide horietako bat da. Koronabirusak eguneroko bizitza eraldatu duela AEBtako estatu horretan azaldu du.

«Kasinoen inguruan oinarritua da batez ere Nevadako ekonomia eta milaka pertsona lanetik kanporatu dituzte», nabarmendu du ondoren, herritar anitzek «etxea, autoa, segurantza soziala, finean familia elikatzeko gaitasuna galtzeko beldurra dutela» gaineratuz.

Nevadako euskaldunen «erretratuen tindatze proiektu batean» burubelarri jarduten zuen Brayk konfinamendua hasi aurretik.

«Pertsonek nire tailerrera etortzen ziren eta elkarrekin zonbait ordu partekatzen genituen», oroitarazi du. Gaur gaurkoz lan hori gelditu behar izan du.

«Euskal Herrian aurreikusitako erakusketak geldituak dira momentuko, baita pentsatutako aurkezpenak eta erretratu banaketak ere», gaineratu du artistak.

Alta, egunerokotasun berriaren eszenak margotzeari ekin dio Zoe Brayk. Bere blogean (www.zoebray.com) eta instagramen argitaratzen ditu pandemia garaian sortutako margoak.

Wyomingera itzuli da Mikaela Goikoetxea

Bestalde, Mikaela Goicoechea AEBtako euskal etxeak biltzen dituen NABO erakundeak garatzen duen musika programazioaren zuzendaria da. Hezkuntza Musikala ikasten du unibertsitatean.

Sortzez Rock Springek-ekoa da Goicoechea eta Arizonako Temple hirian bizi bada ere konfinamendu garaian Wyomingera itzuli da, gurasoen etxera.

«Populaziorik apalena duen AEBtako estatua da Wyoming» azaldu du Goikoetxeak, koronabirusak bertan eragin dezente txikiagoa izan duela nabarmenduz. Horrendako, estatu agintariek distantzia sozialeko neurriak hobetsi badituzte ere jarduera ekonomikoa guztiz gelditzeko agindurik ez dute oraingoz eman.

«Klaseak sarean ditugu orain, beraz etxetik ikasten dut, baina denbora erdiz nire burasoen dendan laguntzen dut» azaldu du «bere gurasoak lanean direlarik» lankide baten alaba baitaere zaintzen duen emazte gazteak.

Horretaz gain NABOKO Euskara eta Udaleku batzordetako kidekin elkarlanean Foku Musikala egitasmoa bultzatu du «euskal amerikar komunitateari kultura eta hizkuntza helarazteko».

Bideo baten bidez ekimen horren norakoak azaldu ditu Goikoetxeak.

Nafarren biloba den emaztea, Patagoniatik

Rocio Basterrak Patagoniako hiriburu historiko den Viedmatik erantzun dio Baionatik heldutako gutunari. Argentinara joan zen bikote nafar baten biloba bertako euskal etxearen zuzendaria da.

Basterrak azaldu duenez Viedman derrigorrezko berrogeialdian daude eta herritarrek «tiketaren bidez» botikak edo janariaren bila joateko atera daitezke soilik kalera.

«Euskal etxeko ateak ixtera behartuak izan gara, baina euskara aurrera doa internetez», gaineratu du. Bakarrik bizi da baina zoom aplikazioaren laguntzaz egunero elkartzen da ikasleekin «euskararekiko interesa ez dezaten gal».

Konfinamenduaren denboran kulturaz gozatzeko gomendio bi utzi ditu eusko-argentinarrak: ‘Esperando la carroza’ komedia filma eta Jose Mari Esparzaren ‘Mapas para una nación’ liburua.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia