euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Murgiltze ereduaren kontra jo du Frantziako Konstituzio Kontseiluak (en Berria)

22/05/2021

Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa dela ebatzi du. Euskalgintzako eragileek maiatzaren 29an Baionan mobilizatzera deitu dute

Enlace: Berria

Ekhi Erremundegi Beloki. Eman du erabakia Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen atzo partzialki, 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla erranez. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean, eta ez da posible izanen estatu zibileko dokumentuetan ñ-a eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea. Erabakia gaitzetsi eta egoera horrek sortzen duen «segurtasun falta» salatu zuten atzo Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek, agerraldi jendetsu batean. Maiatzaren 29an Baionan mobilizatzera deitu zuten.

Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra, aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea, apirilaren 8an. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko epea bukatzear zela, apirilaren 22an ezarri zuten haren kontrako helegitea Martxan alderdiko 61 diputatuk. Izenpetu zuten batzuek «engainatuak» izan zirela salatu dute azken asteetan; hala ere, helegitea onartzea erabaki dute.

Ikastetxeak diruz laguntzera behartzen duen 6. artikuluari buruz galdetu zioten Konstituzio Kontseiluari, baina gainerako artikuluak ere aztertzea erabaki du hark, bere baitarik. Ebazpenean, ontzat eman du diputatuek auzitan emandako artikulu hori, baina aipatutako beste bi artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoak direla ebatzi du. Horren arabera, frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza. Legeak zekartzan gainerako artikuluei ez die arazorik aurkitu.

Honela dio Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak: «Konstituzioaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko pertsona juridikoei eta zuzenbide pribatuko pertsonei frantsesaren erabilera inposatzen zaie zerbitzu publikoko eginkizun bat gauzatzean. Administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan, partikularrak ezin dira baliatu frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko eskubideaz, ezta horren erabilerara behartuak izan ere».

Ebazpenaren arabera, hizkuntza gutxituen irakaskuntza bidezkoa da baldin eta Frantziako Konstituzioko 2. artikuluaren eskakizunak betetzen baditu. «Alta, jaukitako legearen prestakuntza lanetatik ondorioztatzen da, bereziki, eskualdeetako hizkuntza baten murgiltze ereduko irakaskuntza ez dela hizkuntza hori irakastera mugatzen den metodoa, baizik eta hizkuntza hori irakaskuntza hizkuntza nagusi gisa eta komunikazio hizkuntza gisa erabiltzean datzana». Horren arabera, hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren kontrakoa da.

«Gerla deklarazioa da»

Berehala etorri ziren atzo ebazpenaren kontrako erreakzioak. Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak argi du: «Gerla deklarazio bat egin dute». Ebazpenak argi dio itunpeko eskola izateko ezin dela murgiltze eredua proposatu. «Ondorioz, Seaska, Diwan eta Calandreta, estatuarekin kontratupean izanik, konstituzioaren kontrakoak dira». Haren hitzetan, ebazpen horrek «dena zalantzan» ematen du: «Estatuak kontratu horiek ezeztatuko ditu? Galdetuko du murgiltzerik ez egitea? Ilegalitatean kontratuak atxikiko ditu? Zer eginen du ministerioak? Sekulako ziurgabetasuna zabaltzen da Seaskarentzat».

Hizkuntza gutxituen legearen sustatzaile izan den Paul Molac Bretainiako diputatuak gogor gaitzetsi du Konstituzio Kontseiluaren ebazpena, eta Frantziako presidenteari eskatu dio berehalako lege proiektu bat aurkezteko Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko. «Gure hizkuntzen aurkako militantismoak gehiegi iraun du. Konstituzio Kontseiluak bertan behera uzten du eskoletan emaitza akademiko bikainak eman dituen metodo pedagogikoa; ez da metodo pedagogikoa aldatu behar, baizik eta konstituzioa».

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria haserre mintzatu zen goizean: «Erabakia gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra! Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira». Arratsean, prentsaurrekoa egin zuten Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek eta euskalgintzako eragileek, eta hitz neurtuagoak izan zituzten. Ebazpenak sortzen duen «segurtasun falta» azpimarratu zuten, baina Frantziako Gobernuaren gainean jarri zuten etorkizunean gertatuko denaren erantzukizuna. Hau da, gobernuari dagokiola erabakitzea zer egin itunpeko eskolen kontratuekin. «Kontseiluak legearen artikulu baten kontra egin du, baina esparru orokorra ez du aldatzen», adierazi zuen Max Brisson Errepublikanoetako senatariak. Haatik, duda agertu zuten heldu den ikasturtean eskola publikoan hasitako euskarazko irakaskuntza elebakarreko esperimentazioek segitzen ahalko duten.

«Ahulen kontrakoa»

Banan-banan hartu zuten hitza hautetsiek, ebazpena salatu eta euskarazko irakaskuntza murgiltze eredua defendatzeko. «Erabaki hau biziki arriskutsua da, kolpe gogorra», adierazi zuen Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak. «Hauek ez dira tokiko edo eskualdeko hizkuntzak: hizkuntza gutxituak dira. Ahulen kontra indarra erakusten dute». EEPko lau kideetatik hiru elkartu ziren. «Ez dugu gehiago ulertzen zer egin behar dugun EEPn. Nola lan egin dezakegu erabaki honekin? Nora goaz? Galdera horiei erantzun behar diegu».

Prozesu politiko baten bukaera dela erran zuen Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsiak. «Badu bi urte Frantziako Gobernua hizkuntza gutxituen kontra ari dela». Hezkuntza Ministerioak azken urteetan izan duen jarrera salatu zuen, «nazionalismo jakobinoa» dela erranez. «Mobilizatuko gara, lanean segituko dugu. Heldu den ikasturtean murgiltze ereduko klase gehiago ditugu irekitzeko».

Alain Iriart Hiriburuko auzapezaren iritziz, «oinarrizko eskubideen kontrako eraso bat da». Duela 60 urte ikastolak sortu zirenean baino «egoera okerragoa» dela erran zuen. Vincent Bru Modemeko diputatua «etsitua» agertu zen BERRIAri egindako adierazpenetan. «Biziki larria da. Euskararen iraupena da jokoan. Gero eta konbentzituagoa naiz murgiltze eredua dela euskararen transmisioa bermatzeko modu bakarra. Bide hori ehortziz, euskara da ehorzten duguna».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia