Ainize Madariaga. Mixel Oronozek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1935) norberaren baitako fedean eta libertatean du sinesten, oraingo elizaren urrezko parafernaliatik at. Luzaz kanpoan eta isilik egon bada ere, badu bulta bat ikerketaz ikerketa dabilela, elizaren iragan eta oraina ilunak argitzeko. Eliza osoki irauli behar dela dio. Integrismoaren plagari Euskal Herriak eskaintzen dion isiltasunak errotik arranguratzen du.
Eliza kasik etxondoa duzu.
Elizak beti enea izaten segitzen du. Egia erran ez nator meza behatzera, baizik eta organoa jotzera. Apezak ziminokeriak egiten ditu, min egiten dit; ni bezala euskalduna baita eta kanpoan ibilia, baina ez du deus berritasunik ekartzen. Baionako Aillet apezpikuarekin ongi da bera. Eliza hau baigorriar guziena da, baina ene-enea dut: bertan bataiatu ninduten, eta bertan nuen ene lehen meza eman. Nahiz eta, aitortzen dut, euskaldun nahasia naizen; guarda arrazakoa bainaiz!
Baduzu liburua hortaz: Qui a tué le douanier Tricot? (Nork du hil Tricot mugazaina?).
Arbaso bat Naonedetik [Nantes, Bretainia] jin zen. Arnegiko [Nafarroa Beherea] zubian barrandan zirelarik kontrabandistak pasatu ziren, baina, ustearen kontra, Napoleonen soldaduak ziren, Kontinenteko blokeoaren garaian. Ekoizpen exotikoak zituzten pasatzen. Geldiarazi zituzten, behin, berriz, eta hirugarrenean, tropan itzuli ziren soldaduak, eta mugazaina tirokatu zuten. Auzia atzeman nuen, eta hortik liburua jalgi.
Gerla aitzineko semea zarela diozu; zer duzu oroitzen Baigorri naziaz?
1943an ziren jin alemanak. STOren [Bortxazko lanaren zerbitzua] atzaparretatik ihes egin zuen otto batek Erratzurat [Nafarroa], gero, Madrilerat joateko, eta bertatik Miranda de Ebroraino [Espainia], Marokora heltzeko xedez, Francok uzten baitzituen iragaten ogiaren truk. Bertze otto De Gaullen alde egin zen soldadu, eta bi anaiek Espainia zola hartan egin zuten topo. Bertze bi otto alemanek bahitu zituzten, eskapatu zena non zen jakiteko. Gerla garaiko produktua naiz.
Etxean mugimendua bazenuten: denda eta ostatua baitzenuten, ezta?
Botiga genuen, hor ari ziren aita-amak lanean, ostatu zinez zaharra zen. Oroit naiz 1945ean eskolako errientsak igorri gintuela behereko karrikatik gainekoraino elizako ezkilak jotzera: gerla fini zela iragartzeko. Ere, gau batez, aitak atzeman zuen soldadu austriar bat etxe gibeleko botilen ebasten. Lepotik harturik sukalderat ekarri zuen. Ez nekien gauzak nola itzulikatuko ziren; ikaran nintzen. Bertze behin, oroit naiz nola gazte bat lasterka sartu baitzen gure botigarat, tren geltokirat heltzen baitziren eskapatzen ziren soldadu edo juduak. Gorde genuen, ez dakit zer pasatu ote zitzaion gero... Gogoan dut oraino gizon horren ikara.
Jainkoaren deiari erantzunez, Uztaritzeko seminariora joan zinen. Piarres Lafitte gurutzatu zenuen?
Eta nola! Bai ere Heletako Salaberri [Etienne, So Egilea] idazlea.
Euskaraz ari zinetena?
Ikasketa ibilbide osoan ez dut Lafittekin baizik euskaraz egiteko paradarik ukan: astean oren bat ematen baitzigun, bere baitarik, kasik eskubiderik batere ukan gabe. Behin, lan bat egitea manatu zigun, eta guk, mutiko tzarrak, horren ez egiteko, bere besta ospatu genuen. Kasik negarrez ari izan zen. Bertze apez baten bitartez berriz ere loturetan jarri ginen. Lan hori egin genuen azkenean. Enea saritzeko bi liburu eskaini zizkidan, dedikaturik. Den-denak euskaldunak ginen, ikasle zein irakasleak, baina inor ez zen euskaraz ari, ez bazen Lafitten oren bakar horretan.
Nolakoa zen Lafitte? Biziki zorrotza zena?
Irekidura handikoa zen, gauza anitz egin zuen bertze nehork egin ez zituenak.
Eta Piarres Xarritonekin tratu handia ukan duzua?
Bai! Ama tematu zen Baxoa gaindi nezan, eta beharrik! Eskertzen dut. Ama dut ene lehen aske egilea. Filosofia ikasi nahi nuen, baina apezpikuak ez zidan baimenik eman: errana bainion noizbait Afrikarat joatea galdeginen niola, hango elizari laguntza ekartzeko. Hala, apez gazte baztertua nintzen. Hartan, Xarritonek bildu ninduen Hazparneko San Josepe lizeoa zabaltzeko. Hain zen nekeza izan non urte baten buruko erran bainion: «Ez dezaket iraun gehiago». Izan ere, nihaur bainintzen: irakasle eta zaindari, gau eta egun! Antzerki bat idatzi nuen ene minen ateratzeko, eta Lafittek sekulako laudorioak egin zizkidan.
Apeztu zinen.
1960an nuen lehen meza eman, oraingo integrista horien gisan: sotana beltza soinean eta bizkarra emanez jendeari.
2008az geroztik argitaratu dituzu ikerketak euskal elizaz: hala baitira oraingo apezak; integristak?
Denak hala dira orain. Badira haietarik hiru euskaldun berri. Nik diot: arrain irinarekin hazia den haragia, arrain usain. Itxialdian gogoetak idatzi ditut, eta lehen nuen beldurra gainditu dut: uste bainuen ni nintzela tronpatua. Nik gain-gainetik ezartzen dut teologia, gogoetak egin behar baitira. Jakes Bortairuk behin erran zidan integrista horiek egiazko kristau talibanak direla, egia borobila. Min ematen dit ikusteak Ipar Euskal Herri honetako ezaxolakeria hau, isiltasuna... Ezker abertzalea zeren beha da? Ez baitira bakarrik integristak, eskuin muturreko jendea baita. Gizarte proiektua dute, beraz gizarte osoaren ardura da. Altzumartan [Nafarroa Beherea] biltzen dira integristak.
Aurten atera duzu Impossible Aurore (Ezinezko argi urratzea) liburua.
II. Mundu Gerlako bi historia paralelo ditut kontatzen: Jean Rene Ollier gazte erresistente domintxaintarrarena alde batetik, eta Ithorrotzeko [Nafarroa Beherea] Pettan Abadiarena,bertzetik, zeina SS nazien alde aritu baitzen borrokan, eta Argentinan gorde. Azken horren ondorengoak datoz orain. Aillet eta Munilla apezpikuek badakite norat abian diren, segida segurtatua dute. Ousset eta Mourras muturreko ideologoen teorietan oinarritzen dira: Aljeriako independentzia gerlan torturak sustengatzen zituzten, bai ere Argentinako Videla diktadorea, konparazione.
Argitaratu dituzun lan gutiz gehienak frantsesez egin dituzu. Norentzat duzu idazten?
Ororentzat. Lehen liburua ene sakelatik ordaindu dudanez ahal bezainbat saldu nahi nuen. Eta batuaz idazteko ez naiz aski trebe.
Euskal Konfederazioko lehendakaria izan zara luzaz.
Hogei urtez! Zoragarria izan da: hor naute formatu militante izaten. Mintzaira gauza inportantea baita. Aritu naiz lanean euskararen alde, estatuaren kontra. Eta, fedearen alde, elizaren kontra.
Zer da fedea zuretzat?
Zure bizia eramaten duen indar bat da, zeinak adar anitz baititu. Ez dago teologia bakar bat, apezpikuarena, ez. Herria 2000 eliza elkarteko Jose Antonio Pagola eta Joxe Arregi Olaizola apezen gogoetak irakurtzen ditut. Azken hori Munilla apezpikuak kanporatu nahi izan zuen Arantzazutik [Gipuzkoa]. Arrunt bat egiten dut haiekin.
Ez duzu zuk ere kanporatzeko mehatxurik sekula ukan?
Ez. Baina Ailletek elizbarrutiko apezen zerrendatik kanpo ezarri ninduen. Munilla eta Aillet ongi abian dira elkarrekin, Munaillet deitzen diet: eliza dute hausten, menperatzen. Pierre Vignon apezari esker, berrezarriko du ene izena, hil ninduela salatu bainuen. Vignonek dio apezpikuak beti harri txintxola ukanen duela espartinean: nihaur. Elizbarruti hau bortxaz okupatu dute eta orain ekarrarazten dituzte integrista errabiatuak.
Aillet apezpikuaren etorrera horren ikerketak arrakasta bildu zuen: 13-Enfin don Aillet vint (Azkenean jin zen Aillet jauna).
Liburua idatzi ondoren bulta batez gorde behar izan nuen. 60 bat apezek igorri genuen gure desadostasuna Ailleten etorreraz, bertzeak bertze Bordeleko apezpikuari. Baina gero amore eman dute, apezpikuek ez baitiote elkarri kontra egiten. Apezpikuak hemen ditu atzeman kolaboratzaile suharrak. XVI. mendeko Trentoko kontzilioan gakotuak geldituak dira denak: apeza dela denetan nagusi. Iraultza behar da apezeria osoan. Apezen kasta leherrarazi behar da.
Nolako eliza nahiko zenuke?
Ofizio bat behar da bizian, nahi duena esposa dadila... Jesus ez zen sekula apeza izan, bere ingurukoak ere ez. II-III. mendean zen agertu apeztasuna. Geroztik segitu dute, gogortu eta bortiztu da.
Apezak esposatzearekin ados zarea?
Normala beharko luke. Homosexualenak beharko lukeen bezala, inolako borrokarik gabe, edo euskarak ofiziala izan beharko lukeen gisan.
Eta abortuaz zer diozu?
Ez da erraza. Eginahala egin behar da horretaratu aitzin. Ulertzen dut ere ezinbestean behar delarik, egin behar dela, ez baitut uste josteta bati buruz doazenik. Biziaren aldeko mahai ingurua egin zelarik Miarritzen [Lapurdi] 2012an, sekulako protestak izan ziren, 800 lagun bildu ginen han. Orduan bazen mugimendua Iparraldean, orain ez. Non dago jende hori guzia oraingo eliza horren kontra egiteko?
Apeztasun horrekin noiz zenuen talka egin?
Hazparneko lizeotik landa, sei urtez Boli Kostarat joan nintzen. Urte zoragarriak izan ziren hangoak, kontzilioaren ondoko urteak zirenez, berrikuntza sekulakoa zen. Itzuli nintzelarik, 1969an, Omiasaindu eguna zen, eta Baionako katedraleko bikario izendatu ninduten. Baina meza hartatik ihes atera nintzen: ez bainuen gehiago ene burua hor ikusten ahal, dena apez feria. Pariserat joan nintzen kardinala izanen zen Etxegarairengana. Hark erran zidan: «Zoaz Leuvenerat [Flandria], han atzemanen duzu behar duzuna». Hala, bertan egona naiz erretreta arte: ez didate sekula deus galdetu; ahantzi naute.
Zer duzu atzeman?
Apez elkarte bat bazen, oso berezia. Dena hutsetik hastea deliberatu nuen. Teologia ikasi ahal izan nuen, hiru urtez. Tesia Bernard Besret apezaren ekarpenaz egin nuen, bizi erlijiosoaren berritzeaz, zeina kanpo ezarri baitzuten elizatik.
Boli Kostan zer lanetan ibili zinen?
Paradisua izan zen enetako. Errotik paganoak zirenei katixima ematen nien. Eta beharrik paganoei bakarrik! Izan ere, jadanik bataiatuak zirenez misionestak baitziren arduratzen, eta ez nuen batere bat egiten haien ebanjelizatzeko manerekin. Gizon berarekin esposatuak ziren emazteak bahitzen zituzten gauez, estekan atxikitzen, katiximaren pasarteak errepika araziz. Ezkontza balitz bezala fedearen oinarria. Obsesionatuak ziren.