euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea: «Pandemia honek euskararentzat gauza onak ekarri ditzakeela uste dut» (en Berria)

13/12/2020

Pandemiak agerian utzi ditu euskararen ahulguneak, baita erakundeen hutsuneak ere. Horiek identifikatuta zerbitzuak hobetu dituztela dio Dobaranek: «Indartuta atera gaitezke».

Enlace: Berria

Lander Muñagorri Garmendia. Fruta dendan eta bizi den herriko bi farmazietan hizkuntza ohitura aldatzeko balio izan dio Euskaraldiak Miren Dobarani, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeari (Berango, Bizkaia, 1970). Ariketa soziala entrenamendu bat dela dio, eta, hogei urteko epean euskararen ulermenaren unibertsalizazioa posible izango denez, erakundeak prestatu behar direla egoera horretarako. Argi du non eragin behar den bide hori irekiz joateko: eremu sozioekonomikoan, aisialdian eta arlo digitalean.

Zer moduz joan da Euskaraldia?

Oso ondo. Zalantzak izan genituen egin ala ez, baina euskara agendan egoteko aukera izan da. Eskerrak eman behar zaizkie lanean aritu diren boluntarioei, hori baita gure indargunerik handiena: euskararen aldeko gogoa.

Jaurlaritzako arduradun batzuk gazteleraz mintzatzen agertu dira hedabide batzuetan ahobizi txapa paparrean zutela. Zer pentsatu duzu halakoak ikustean?

Ez da kezkatzeko moduko kontu bat, eta normala da. Bigarren edizioan gaude, eta arduradun politikoek badugu ardura bat gizarte osoari gauzak komunikatzeko. Gizartearen herena da elebiduna, eta beharrizanak hori esaten du. Inportantea da txapa hori badutela, inplikatu direla, eta euskaraz ere eman dituztela mezuak.

Ahobizi rolak eskatzen du euskarak lehentasuna izatea...

Mezua gazteleraz eman behar zenean eman dute, eta euskara gehiago erabili dute. Gainera, gizonezko askok hartu dute parte arduradun politikoen artean, eta hori ere bada garrantzitsua, arlo horretan gabezia bat dugulako: lehen edizioan bezala, emakumeak dira Euskaraldian gehien parte hartzen dutenak. Euskararen zaintza, normalizazioa eta sustapena berriz ere emakumeen bizkar? Hori indargunea da, aurrerantzean ere egingo dutelako, baina hau gizarte osoaren kontua da, baita gizonezkoena ere.

Hurrengo Euskaraldirako findu beharreko mezua da?

Bai, eta ikusi behar da zer gertatzen den. Amorru apur bat ematen dit, badakigulako pandemiaren ondorioz emakumeek gehiago sufritu dutela: lan karga asko hartu dituzte euren gain, umeen zaintzan ordu gehiago eman dituzte, eta, hala ere, kapaz dira Euskaraldian izena eman eta beste ardura bat hartzeko. Ariketa sozial bat egiten bagabiltza, gizonezkoak ere behar ditugu.

Euskaraldiaren ondoren zer urrats aurreikusten dituzu?

Itxaropen handia dugu ariguneekin, langileen arteko arnasguneak direlako, eta estres linguistikorik ez dagoen eremuak direlako. Erakundeek hori aprobetxatu beharra daukagu, eta gure erabilera planekin jarraitu. Arlo sozioekonomiko pribatuan ere bide interesgarria izan dezake horrek. Euskaraldiaren ostean zer? Planifikazioa eta baliabideak behar dira.

Arlo sozioekonomikorako plan estrategikoa aurkeztuta dago, baina egungo egoerara moldatzen ari zarete. Noizko espero duzue plan osatua?

Martxan daukagu. Gauza positiboena da elkarlanean eraikita dagoela enpresen, erakundeen eta euskalgintzaren artean. Diagnostiko on bat egin zen, eta programa batzuk abian daude. Dendari edo tabernari batek ulermena besterik ez du behar, eta egiten ari gara aplikazio bat horretan laguntzeko. Kanpainak ere egiten ari gara merkataritzan, bezeroek euskara erabiltzea sustatzeko. Lanbide Heziketan, bestetik, euskaraz ikasten ari diren ikasleek lanaldia euskaraz egiteko proiektu bat abiatu dugu. Baina nahi duguna da euskara enpresako kulturan txertatzea: normala izatea Lanbide Heziketako ikasleak hartu eta euskaraz egitea praktikaldia. Gauza asko daude martxan, eta 2020an abiatu dira, denborarik ez galtzeko. Eremu sozioekonomikoa ezinbestekoa da; bestela, zertarako egin dugu hezkuntza euskalduntzeko halako ahalegina?

ELAk, LABek eta Kontseiluak proposatu dute lan itunetan euskara planak egiteko aukera txertatzea 50 langiletik gorako enpresetan. Zein da Jaurlaritzaren jarrera?

ELArekin eta LABekin ezarrita daukat bilera bat, eta hori da bidea. Hori guretzat ondo dator, eta ordenatu behar dugu bakoitzak zer egin. Diagnostikoarekin bat egiten dute sindikatuek, eta, gauzak zentzuarekin eskatzen badira, erakundeak hor egongo gara. Enpresak ere kultura horretan sartuko dira, langileek hori eskatu dutenean ez baitute trabarik jarri. Guk eskainiko ditugu tresnak, eta joan gaitezen apurka.

Confebaskekin hitz egin duzu?

Datorren astean jarrita daukagu bilera bat. Lortuko bagenu halako akordio handi bat, ziurrenik arinago joango ginateke.

Lanbide Heziketan eragiteko proiektua aipatu duzu lehen. 2018-2019 ikasturtean ikasleen %37k jaso zuten prestakuntza euskaraz. Urte hauetan ikastetxeetan egindako ahalegina galdu egin da Lanbide Heziketan?

Hurrengo bost urteetako helburua da ikasleen erdiak baino gehiago B eta D ereduetan egotea. Hori da bidea, baina begiratu behar da zer zailtasunekin datozen ikasleak. Askok uste dute euskarazko adarrak ez duela behar beste gaitasun ematen, baina pedagogia beharra dago. Garrantzitsua da enpresak ere prestatzea.

Orain arte Lanbide Heziketa ez da aintzat hartu? Ala beste lehentasun batzuk egon dira?

Beste lehentasun batzuk egon dira, oraindik ondo bete gabe ditugunak. Aisialdian eta kirolean erronka handia daukagu, eta legegintzaldi honetan diagnostiko bat egingo dugu jakiteko beren- beregi zenbat talde ari diren entrenatzen euskaraz, eta aisialdian zer eskaintza dagoen. Hiztun berrien tipologiarengatik, ikasle askok ez daukate aukerarik euskara gozamenez erabiltzeko. Erregistro falta dute. Eta hori da legengintzaldiko beste erronka: kirolean, eta aisialdian euskara sustatzea, eta gazteak kapazak izan daitezen euren erregistro propioak sortzeko. Askatasuna izan dezatela, zuzentasunik gabe. Hitanoa batzuek, besteak beste zerbait, baina eraiki dezatela euren moduan! Ez ibili beti zuzentzen. Tiktoken ere ikusi izan baitut jendea zuzentasunagatik kexaka.

Hezkuntzaren lege berriaren xedea da oinarrizko hezkuntza bukatzerako ikasleek B2 maila lortzea. Noiz etorriko da?

Legegintzaldi honetan. Hor aukera bat daukagu euskara gaitasuna hobetzeko beste neurri batzuk hartzeko. Euskara ardatz duen sistema eraikitzeko aukera izan dezakegu, baina eskolak ezin du dena egin. Hobetuko du egoera, baina ekosistema osoan ez badugu neurririk jartzen, erregistro informalik ez dute garatuko eskolan. Hori berez egin behar dute, eta gaitasuna hobetzeko kirola edo ingurune digitala behar dute.

Hala ere, eremu ez-euskaldunetan gaitasun hori lortu behar bada, baliabide gehiago jarri beharko dira eskura, ala?

Bai, eta jakin beharko da batzuk erritmo batean joango direla eta besteak beste batean. Horregatik, eskolaz eskolako hizkuntza proiektuak behar dira. Irakasleek lan egin behar dute helburu batzuekin, baina gero malgutasuna behar dute.

Eremu digitalera begira ere ari da Jaurlaritza; horren lekuko, ostiralean egin duzuen jardunaldia: Euskararentzako estrategia digitalaren bila. Orain arte eremu digitalean egin dena maiz herritarren ekimenez egin dela ikusten duzu?

Eremu digitalean aldaketa handiak gertatzen dira oso denbora gutxian; atzerriko praktikak ezagutu nahi ditugu, eta adituak entzun. Jardunaldi horiek horretara begira daude: ezagutza hori batu, eta hortik abiatuta ea zer esku hartze egiten dugun gazteekin. Ingurune digitalean sartzen bagara, gazteak kontuan hartu behar baitira. Eurek eraikitako gauzak izan behar dira, eta ez gobernuak. Baliabideak eman beharko zaizkie gauzak euskaraz egiteko, eta hori da Game Erauntsiarekin egin duguna: badakite non dabiltzan gazteak, eta zer behar duten. Egin dezatela. Inguru digitalean berdin. Aditu talde bat daukagu bide orri bat egiten duena, eta esan ziguten Wikipedia euskaraz behar zela. Komunitate bati esker daukagu hori, eta diru bat jarri dugu hori laguntzeko.

Administrazioko hizkuntza eskakizunen dekretua noizko aurreikusi duzue? Irailean, Bingen Zupiria sailburuak BERRIAri esan zion bi hilabete baino lehen zerbait aurkeztu ahalko zela...

Zirriborroa nahiko aurreratuta daukagu, eta kontrasteak egin nahi ditugu. Diagnostiko bat egin dugu, eta indarrean egon den dekretuaren funtzionamendua aztertu. Baina dekretu hori lehengo gizarte bati begira zegoen, beste ezaugarri batzuk zituen gizarte bati begira. Orain bestelakoa da egoera, eta uste dugu beste era batera egin daitekeela erakundeetarako sarbidea, belaunaldi berriak datozelako eta euskaldunak direlako. Garrantzitsua da adostasun zabala egotea. Esperantza dut legegintzaldi honetan onartua egotea.

Gobernuko bi alderdiak ados jartzeko bidean dira?

Jarri beharko dugu. Alde horretatik, uste dut ez dela arazorik egongo, irakurketa antzekoa egiten dugulako.

Pandemiak agerian utzi du erakundeek euskaraz funtzionatzeko dauzkaten hutsuneak. Onartu duzue hala izan dela, eta Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalean ere hala bildu da. Halakorik berriz ez gertatzeko zer neurri hartuko dituzue?

Neurriak ezarri dira, eta begiratu da non ibili garen eskas. Gure kasuan, identifikatuta daukagu larrialdietako bilerak egiten zirenean gazteleraz ateratzen zirela testuak, eta euskarazkoa askoz beranduago. Hori dena zuzendu da, eta berdin da zer ordutan amaitu bilera: hortik ateratako edozer bi hizkuntzetan joan behar da aldi berean. Neurriak ezarri dira, baita arretaren eremuan ere. Bulegoetan jende gehiago dago lanean, eta euskaldunei pasatzen zaie telefonoa, baina lantaldea etxetik aritu denean, hor antolaketan arazoak izan ditugu. Bihar edo etzi berriz berdin gertatuz gero, identifikatuta dauzkagu egin beharreko aldaketak, eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko bideak ezarri dira. Hala ere, zaila da. Argi dago hizkuntza gutxitu denek sufritu dutela, baina ez erakundeetan bakarrik. Eskolak itxi direnean, eta aisialdia eta kirol antolatua jausi denean, haur batzuk euskararik gabe geratu dira hilabete batzuetan. Drama bat da hori. Sekulako aukera daukagu orain, eta pilak jarriko ditugu. Hurrengorako askoz prestatuago egongo gara. Erronka moduan ikusten dut krisi hau, identifikatu ditugulako lehen agerian ez zeuden hutsune batzuk, eta orain pilak jarriko ditugu. Horregatik ikusten dut pandemia honek euskararentzako gauza onak ekarri ditzakeela.

Agerian geratu da egoera?

Hori da. Orain denon artean hutsuneak bete behar ditugu, sektore bakoitzak bere arloan. Irakurketa on bat eginez gero, indartuta atera gaitezke.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia