euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Mende erdiko bidea bete du Gerediaga Elkarteak: Basamortuan oasi, Euskal Herrian aterpe (en Gara)

07/06/2015

Mende erdiko bidea bete du gaur Gerediaga Elkarteak kulturaren eta Durangaldearen sustapenean. Azoka du egun iparrorratz eta ekintzarik ezagunen, baina hastapenetan zabalagoa izan zen bere aterkiak eskaini aterpea. Bost hamarkada atzera goaz.

Enlace: Gara

Ariane Kamio. Sortze prozesuan parte hartu zuen Jose Luis Lizundiaren aburuz, gaur egun Madrilek ez luke Gerediaga Elkartea legeztatuko. 1965eko ekainaren 7ra goaz. Kontxi Astola izango du lehenengo lehendakari jaio berri den bilguneak. Frankismo garai betean da Euskal Herria; basamortu idorra. Urtebete lehenago, erregimenaren «lokartze» baten ondorioz sortu zen lehenengo elkarteen legea eta zirrikitua ikusita eman zituen sorrerarako pausoak Gerediagak, «pretentsio handirik gabe», hasiera batean. «Gauza bat argi geneukan eta zen eskualdea, Durangaldea, Bizkaian eta Euskal Herrian zegoela disimulatu egin behar zela arautegietan, eta sorpresa bat izan zen», gogoratu du Lizundiak.

«Berrogeita hamar urteak ez dira soilik sortzaileen kontua. Gero etorri direnak ere hor daude; katea ez da eten», esan du Antton Mari Aldekoa Otalora (Gerediagako lehendakari hogei urtez baino gehiagoz) eta Jon Irazabal (1980tik elkarteko langilea) aurrean dituela; «kapitaina» eta «makinista».

Kulturaren inguruan mugitzen zen elkarterik gabeko lurraldea zen orduan Euskal Herria. Euskaltzaindia zegoen, «toleratuta», eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, «jauntxoen eskuetan». Basamortu horretan oasi bihurtu zen Gerediaga eta «ur putzu» horretara hurbildu zen Euskal Herri osoko jendea.

1965: Hasierako haiek

Frankismo garaiko argazki anitzaren diapositiba bihurtu zen lehenengo urteetan Gerediaga. 14 urte zituen Antton Mari Aldekoa Otalorak 1965 hartan. Seminarioan ikasketetan zen orduan eta gogoratzen du nola euskaltzaletasuna «egarri aseezinez» bizi zuen. «Oporretan etortzen nintzen etxera eta nire anaiari Gerediagako batzarra izan zutela entzuten nion, Astolan. Erreferente zirraragarria zen niretzat. Gogoratzen dut gerora, bazkideen zerrendak ikusita, gerra irabazleak ere, hau da, karlista jendea, bazegoela sorreran bertan», esan du. Otaloraren irudiko, «antsia eta egarri hori ere bazegoen jende multzo horren artean».

Bi lerroz mintzo da Irazabal. Bata akademizista, bestea popularra. Aterki zabal bat zen Gerediaga, jende eta mugimendu askori babes ematen ziona, herriko jai batzordeetatik hasi eta bestelako korronteetara, bai industriara, nekazaritza mundura edo dena delakora, Durangaldea biziberritzeko helburu orokorra baitzuen orduan elkarteak. «Sorreran jende baten nahia Real Sociedad Bascongada del Duranguesado osatzea zen; elitista, ilustratua. Asmo horrekin babestu zuten Gerediaga Elkartea, baina gero bazkideen zerrendatik ezabatzeko eskatu zuten batzuek», aipatu du.

1965ean egin zituen Gerediagak bere lehenengo ekintza kulturalak ere. Artista erakusketak antolatu zituen Durangon eta Elorrion eta urte bereko urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean egin zen lehenengo liburu azoka. Sorpresa izan zen antolatzaileentzat Andra Mariaren basilikako arkupean egindako hitzordu hark izandako harrera. «Euskararen eta euskal kulturaren inguruan zegoen egarriaren erakusle zen», gogoratu du Lizundiak. Otaloraren iritziz, «ez dago konparatzerik gaur egungo azokarekin. Orduan liburu bakoitzeko ale bat edo bi eramaten ziren, geroago etorri zen komertzializazioaren aroa. Diru pixka batekin edonork luke Andra Mariko elizpea erosteko aukera», esan du.

Oasi legala

Euskal Herri osoaren gainean jarri zuen aterkia 1960ko hamarkadan Gerediaga Elkarteak, eta alor desberdinen bueltan antolatu zituen hamaika ekintza. Gerraosteko lehen Euskal Idazleen Biltzarra izan daiteke adibideetako bat, Ermuko lanbide eskolan egindakoa, 1968ko urrian Euskaltzaindiak Arantzazun egingo zuen euskara batuaren batzarra «girotzeko» antolatutakoa. «Gerediaga jai batzordeen, ikastolen, herri mugimenduen babesle izan da, baina baita mundu akademikoarena ere. Une berean egin zitekeen Mallabiko jai batzordeen antolaketa eta euskal idazleen biltzarra ondoko herrian», nabarmendu du Lizundiak.

Babesletza horrek basamortuko oasi izateaz gain, oasi legal bihurtzera ere eraman zuen elkartea. «Erakunde legalizatu bat zen, Fraga Iribarneren aginduz», aipatu du Irazabalek. Eta egoera horrek mugimendu edo eragile askoren legeztatzea lagundu zuen. «Orduko mugimendua erdi klandestinoa edo alegala zen, eta Gerediagarengan aurkitu zuen bidea Gobernu Zibilean paperak aurkezteko orduan. Gau eskolak antolatu ziren, gero AEKn bere ibilbidea egingo zutenak, Durangaldeko dantza talde gehienak Gerediagaren bitartez legeztatu ziren, antzerki taldearekin gertatu bezala. Funtzio handi bat bete zuen legezkotasun babesa ematen. Gero batzuek eskertu dute eta besteek ez, gauzak diren moduan. Egoera politak eta ilunak egon dira 50 urtean, baina Gerediagak beti eskaini dio babes soziala ideologia desberdinetako jendeari», gaineratu du.

Aginte lokalak

Frankismoaren alde agertu ziren korronteekin eta, hartara, garai hartako aginte lokalekin elkarlanean aritzera behartuta zegoen Gerediaga Elkartea ekimenak burura eraman ahal izateko. Tradizionalistez ari da Lizundia, «frankistak zirela esatea ere ez da zehatza, baina Euskal Herri osoan errotua zegoen mugimendua zen». Eta jarraitu du: «Bazegoen mundu bat frankismoari ez hain lotua, irabazleen artean kokatzen zena baina hasieratik, esaterako, azokan parte hartu zuena». Lehenengo azoka ere Durangoko alkatearen baimenari esker egin zela ohartarazi du, Valentin Egidazu karlistaren oniritziarekin, hain zuzen. Mallabian, bestalde, eskualdeko ikasleen topaketa egin zen, eta Eusebio Arregi alkatearekin hitz eginda eraman zen aurrera, «euskalduna eta euskaltzalea neurri batean, nahiz eta karlista izan». «Momentu hartan aginte lokalek, nahiz eta Gobernu Zibilaren konfiantzazkoak izan, bazeukaten herritasun bat eta herriko mugimenduen kontra ezin zuten egin. Bazekiten muga non zegoen, eta Gerediagak ere bai», azpimarratu du.

Gerediagak 1965etik 75-76ra ekimen ugari antolatu zituen, mugimendu eta eragile askok non egin, non babestu eta non aterpetu ez zeukatelako. «Gero sortu dira Ikastolen Federazioa, AEK legala... Nolabait independizatzen joan dira eta ez dute Gerediagaren beharrik izan», esan du.

Denbora epe horretan, ordea, «ingeniari» talde bat bazela ohartarazi du Irazabalek, berebiziko garrantzia izan zuena. Gerediagako buruzagitzan zegoen jendea aipatu du alde batetik, baina bestetik, mugimendu desberdinetan lanean aritzen zirenek egindako lana goratu du. Legezkoa zen aterki haren azpian egindako hamaika ekimenen bultzatzaileak, hain zuzen. «66-67an Francok ikasleen sindikatua legez kanpo utzi zuen, kontrola ezinezko filtrazio handi bat zuelako Alderdi Komunistaren aldetik. Sindikatu guztiak Falangera pasatu ziren orduan. Baina norbaitek, Bizkaiko ‘ingeniariren’ batek, erabili zuen Gerediaga Durangaldeko ikasleen batzarra antolatzeko», aipatu du.

1979: Aro berria

1979an mapa politikoa goitik behera aldatuko da, baita Gerediagaren jarduna ere. Urte horretan egingo dira udal hauteskundeak, eta urtebete beranduago sortuko da Lakuako Gobernua. Aterki legala itxi egiten da une horretan eta, beraz, Gerediagaren funtzio nagusienetako bat egiteari uzten dio. Eta bere barruan bertan nabarituko du aldaketa horrek dakarren ondorioa. «Legeztatzen dira sindikatuak, alderdi politikoak, elkarte kulturalak eta Gerediagaren inguruan dagoen jende mordo batek alde egiten du», adierazi du Irazabalek.

Hortik aurrera, Gerediaga inguruko jende ugari elkartearen bideragarritasuna zalantzan jartzen hasten da, bere eginbeharrak amaitutzat emanez. «Beste jende batek uste du, ordea, eskualdeak bere horretan segitzen duela eta lanean jarraitzeko nahikoa arrazoi badagoela», gaineratu du. «Hor egon zen beherakada ikaragarria eta Gerediagaren bazkide askok ere baja eman zuten», esan du Lizundiak. Eta Irazabalek erantzun: «Bazkidetza kendu ere ez; azkenak itxi dezala atea!».

Urte horietan Otalora izango da Gerediagako lehendakariorde eta gertutik biziko ditu elkartearen zereginak zalantzan jarriko dituztenen iritziak. «Gerediagaren zeregina zalantzan jartzen da edo zuzenean esaten da ez dela beharrezkoa –adierazi du–. Liburu azoka zergatik antolatu behar du elkarte batek? Horretarako eskumena Eusko Jaurlaritzak dauka», defendatzen zuten askok. Gerediagan geratzeko erabakia hartu zutenek latzak pasa zituztela aitortu du. «Antolatzen genuena antolatzen genuela, derrigorrez behar genuen instituzioen babesa. Agintariak etortzen ziren ekimen horietara inolako begirunerik gabe. Mahaikoak eurek ziren eta gu ez ginen telefonistak ere. Asko sufritu genuen», oroitu du.

Aitortzen du Gerediagaren papera urte batzuetan «eustearena» izan zela. «Gu ere ez ginen aingeruak. Buruzagitzan geundenak, bakoitzak bere matrikula zeukan. HBkoak (Otalora alderdi abertzaleko zinegotzi izan zen), EEkoak, EAJkorik ez zen suertatu... Horrek pisu handia zeukan», esan du. «Ezkerrekoentzat salduak ginen eta eskuinekoentzat, ezkerrekoak ginen», gaineratu du. Eta Irazabalen oharra: «Ez. Eskuinekoentzat ETAkoak ginen eta ezkerrekoentzat Gobernuaren zerbitzura geunden». «Nolanahi ere, esaten genuen elkarte hau adiskideen elkartea zela eta zabala izan nahi zuela. Antolatzen genituen ekimenetan ahalegintzen ginen ateak irekita mantentzen», azaldu du Otalorak, apurka-apurka, eta lan eskergaren ondorioz, inguruaren errespetua berreskuratzea lortu zuen arte.

Azken oharra Lizundiak amaitu aurretik: «Agintariek ez dute ikasi oraindik beraien papera zein den». EEko parlamentari izan zen euskaltzain emeritu eta hizkuntzalaria Gasteizko Legebiltzarrean eta orduko pasarte bat ekarri du gogora: «Emilio Guevarak (Arabako ahaldun nagusi eta parlamentari ohia, orduan EAJkoa) galdetu zidan: ‘¿Nosotros qué tenemos que hacer?’, eta erantzun nion, ‘vosotros, pagar’. Herri agintariek ez dute ikasi elkarte zibilek lan egin behar dutela eta herri aginteen zeregina dela ordaintzea eta subentzionatzea», azpimarratu du.

1982an abiatu zuen Otalorak lehendakaritzako ibilbidea eta XXI. mendeko lehen urteetaraino aritu zen jardun horretan. Erreferente izaten jarraitu du orain arte, oro har, Durangoko Disko eta Liburu Azokan egindako lanagatik, egun, Euskal Herriko azokarik garrantzitsuena dena.

Lerrootan egindako oroimen ariketa berriro errepikatuko da gaur Gerediagaren bueltan mende erdiz aritu direnen artean. Izan ere, egungo basamortuak garai hartakoaren antzik ez badu ere, idortasunetik badu eta elkarteak oasi izaten jarraitzen du.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia