euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Martxan da EITB Podkast (en Berria)

29/04/2021

Podcasten artean Jakin aldizkariak ekoitzitako Lokatza dago: feminismotik begiratuko dute mundua Lorea Agirrek, Amagoia Gurrutxagak, Ainara Lasak eta Idurre Eskisabelek. Lehen bi atalak entzungai daude.

Enlace: Berria

Urtzi Urkizu. "Gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko sortu dugu EITB Podkast ataria, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izan nahi du". Hala adierazi du Urko Aristi EITB Media Irratietako zuzendariak gaur, Bilbon, EITB Podkast plataformaren aurkezpenean. "EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea da helburua. Webgunean ez ezik, sakelako telefonoan ere zuzenean entzun edota audioak deskargatu, eta edukietara harpidetzeko aukera ere eskainiko du", gaineratu du Aristik. EITB Nahieran aplikazioaren bidez ere topatu ahalko da lotura atari berrira sartzeko.

Euskarazko podcastangintzan erreferente izateko xedez sortu du plataforma EITBk. Gero eta gehiago dira halako audioak ekoizten hasi diren eragileak, baina betiere eduki zehatzak eta gutxi direla adierazi dute aurkezpenean. "Aliantzak eraiki nahi ditu EITB Mediak proiektu honekin, euskarazko edukien biltoki izan eta eskaintza oparoa eta askotarikoa osatzeko", gaineratu du Aristik. Ainhoa Etxebeste EITB Podkasten proiektuaren arduradunak, berriz, zera esan du: "Hizkuntza desberdinetan egindakoak izanagatik, podcast guztiak webgune bakarrean batu dira". Euskadi Irratiko kazetari lanetan aritu da duela gutxi arte Etxebeste, eta haren gidaritzapean jarri dute martxan plataforma.

Gaika banatu dituzte edukiak, bost arlotan antolatuta: jakintza, bizitza, musika, kirola, eta aisia eta fikzioa. Egungo ekoizpenekin batera, urte luzez talde honek orain arte egindako lanari "balioa" emateko tresna bat izango da EITB Podkast. "Erabiltzaileak eskura izango ditu artxiboan gordeta dauzkagu altxorrak, izan programa historikoak, izan elkarrizketa esanguratsuak", adierazi du Etxebestek. Adibideetako batzuk hauek dira: Euskadi Irratiko Doana jasoz, Roge Blascok abenturazaleen istorioekin osatutako Levando Anclas, Radio Euskadiko Pompas de Papel literatura saioak eta Radio Vitorian Elena Lopez Aguirrek Del txistu a la telecaster (urtez urte osatu duen euskal rockaren historiaren 55 atalak). Bigarren bizitza bat emango diete ekoizpen horiei guztiei, baina izango da podcast gisan beren-beregi sortutako lanik ere.

Podcast berrien artean, esate baterako, Lokatza nabarmendu daiteke: egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko bidea jarriko du. Ainara Lasa sortzailea, Amagoia Gurrutxaga kazetaria, Idurre Eskisabel kazetari eta irakaslea eta Lorea Agirre Jakineko zuzendaria dira arduradunak. Jakin-ek ekoitzi du eta entzungai daude jada lehen bi atalak.

Oier Aranzabal kazetariaren Barruan gaude podcasteko elkarrizketak ere plataforma berrian izango dira entzungai aurrerantzean, eta baita gaztelaniazko haren bikia ere: Estamos dentro (Juan G. Andres kazetari eta argazkilariak gidatuko du). Irati Jimenez idazle eta kazetariaren Vicealmirante Jimenez podcasta izango da beste eskaintzetako bat.

Telebista programa gisa sortua izan eta podcast itxuran kontsumitu daitekeen edukirik ere egongo da, tartean ETB1eko Bidegurutzean musika saioaren podcastak. Izan ere, taldeko irratietako eduki aukeratuak ez ezik, telebistaren unibertsoarekin lotutako audioak ere izango dira bertan entzungai.

EITB Nahieranen saioak osorik entzun daitezkeen bezala, atari berrian edukiak xehatuta, aukeratuta eta aletuta entzun ahalko dira. Eduki solteak baino, nolabaiteko jarraitutasuna duten atalak izango dira. "Fidelizazioaz ari gara, hartzaileek gustuko duten horretara harpidetzeaz, eta, horrenbestez, interes zehatzeko komunitateak identifikatzeko lanean lagungarria izango da plataforma", azaldu du Etxebestek.

Fikzio bat: Artxipelagoa

Audio fikzioak ere izango du bere tartea. Batetik, EITBren artxiboko irrati nobelak entzunez gozatzeko aukera izango da. Horrenbestez, Koldo Almandozek sortutako Jon eta Jone eta Radio Vitoriak antolatutako Carlos Perez Uralde irrati-nobelen lehiaketako irabazleak entzun ahalko dira plataforman.

Datorren ikasturterako "goxoki bat" prest izango dela aurreratu dute: Artxipelagoa. Klima larrialdiaren ondorioz, urak Euskal Herriaren zati gehiena estali eta penintsula bihurtu da. Inor gutxi geratu da bizirik, eta Europan barrena egin beharko dute bidaia pertsonaiek. Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia eta Iñaki Beraetxe aktoreak dira protagonista. Ulu Mediak ekoitzi du fikzioa EITB Podkast plataformarako. "Azpimarratzekoa da 5.1 teknologiak hotzikara barru-barrutik eragiten duela, fikzio hori entzuteko garaian. Espainiako estatuan teknologia honekin ekoitzitako lehenengo audio fikzioa izango da", erantsi du Aristik. Xanti Salvador arduratu da muntatzeaz.

https://www.berria.eus/audioak/eitbpodkast.mp3



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia