euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Marcela Inda, argentinar euskaldun peto-petoa: "Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan" (en Argia)

16/05/2021

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina. Bihotzean eta ezpainetan euskara Marcela Indak.

Enlace: Argia

Miel Anjel Elustondo

Marcela Inda. Buenos Aires, 1978
Filosofia ikasketak egina, antzerkigintzan jarduna, euskara irakasle Argentinan, aurtengo urtarriletik ekainera bitarte ikasle Lazkaoko Maizpide euskaltegian. 2009an hasi zen euskara ikasten Buenos Airesen. Handik urte bira Euskara Munduan programan zen, eta, laster, Lazkaoko euskaltegian. Berriz etorri da aurten, Hego Amerikako hainbat kiderekin batera. Haiek bi hilabete igaro eta joan ziren. Indak C1 azterketa du begiz joa, ekainean. Hortxe da bitartean, euskaraz maitasunez hitz eginez, eta Joseba Sarrionandiaren liburuak bata bestearen atzetik irakurriz.

Zuri euskaraz hitz egiten aditu eta ezin antzeman argentinarra zarela...
Asko gustatzen zait euskara, maite dut euskara, eta gogoz ikasten dut. Eta, nire alde!, ez dut lotsarik, ez zait inporta akatsak egitea, hitz egiten ari garenean denok egiten ditugu akatsak… Ikasleon artean, berriz, bat baino gehiago dira hitz egin nahi ez dutenak, akats egiteko beldurrez. Nik ez dut horrelakorik, akatsez akats nabil, baina aurrera. Geure ama hizkuntzan ere egiten ditugu akatsak, berezkoak zaizkio hizketari: esaldi osoak ez egitea, esan nahi duguna ez borobiltzea… Badira idatzi bezala hitz egiten duten pertsonak, bestela hitz egiten ez dakitenak. Aspergarriak, ezta? Kar, kar…

Primeran hitz egiten duzu…
Ez dakit nola asmatu duzun horren ongi ikasten…
Maitasunaren indarra da. Ez da besterik. Lehen ere esan dizut, maite dut euskara. 2009an hasi nintzen euskara ikasten, Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartean. Lehenengo bi urteetan, eskoletara joan besterik ez nuen egin. Hutsetik hasi nintzen, batere ez nekiela, ez “bai”, ez “ez”. Ezer ez. Eta ikasten hasi orduko, hizkuntzaz maitemindu nintzen. Eta, adibidez, euskal dantzen kasuan ez zait horrelakorik gertatu. Behin baizik ez naiz izan Argentinako Euskal Astean. Ez naiz oso folklorikoa, nahi baduzu. Zentzu horretan ez naiz diasporako estereotipoa. Bereziki hizkuntzarekin dut nik harreman sendoa. Erakargarria zait. Esaldiak eraikitzeko baliatzen dituen egiturak-eta!

Euskaltzaleaken, euskara eskoletara besterik ez zinela joaten esan duzu...
Klasera joaten nintzen, baina ez nuen Euskaltzaleaken parte hartzen, ez topaketa eta ez ekitaldietan: nire lana klasera joatea zen, eta txintxo-txintxo joaten nintzen, astean bi aldiz, eta eskolako lanak ere beti egiten nituen. Horrela eman nituen bi urte. Gero hasi nintzen Euskaltzaleaken ekimenetan parte hartzen eta, horrez gainera, Euskara Munduan programan ere sartu nintzen 2011n. Asko aurreratu nuen urte hartan, eta esango dizut zergatik: programak lau urte irauten du, eta, ni, laugarrenean sartu nintzen. Alegia, esan nahi dut nire ikaskide haiek laugarren urtea betetzen ari zirela, eta, beraz, nik baino askoz gehiago zekitela. Neure kabuz ikasi behar izan nuen, haien mailara iristeko, nolabait. Gogoratzen dut nola jardun nuen zer-nori-nork aditz paradigma ikasten, lehenaldiko forma, neuk bakarrik, eta hura nahastea! 2012an, berriz, Maizpidera etorri nintzen, hiru hilabete egin nituen Lazkaon, irailetik azarora, eta ikaragarri ikasi nuen.

Eta Buenos Airesera itzultzean?
Itzultzean, eguneroko bizia egin behar! Han ez dugu egunero euskaraz hitz egiteko modurik. Eskerrak baliabideak nahi beste ditugun: Internet, eitb.eus/nahieran… Baina hori ere ez duzu eguneroko gauza. Euskaltzaleaken zortea dugu, zeren zenbait aukera baditugu, zenbait irakasle, zenbait lagun, euskaraz dakitenak. Baina Lazkaotik Buenos Airesera itzuli eta euskarazko eskolak ematen hasi nintzen. Lehenengo, jakina, ikasten hasi nahi zutenei, eta horrela, nire euskara mantendu ahal izan nuen gutxi gorabehera, ze irakatsiz asko ikasten da, gauzak nola azaldu pentsatu behar duzu, ikasleek egiten dituzten akats nagusiak identifikatu… Bestalde, irakurtzea gustatzen zait, gaztelaniaz irakurtzen nuen lehen, eta, gero, euskaraz hasi nintzen.

Zer irakurtzen, adibidez? Prentsa, literatura, zientzia?…
Idazle bat dut kuttunena, maitatuena: Joseba Sarrionandia. 2012an, hemen izan nintzen garaian, haren Narrazio guztiak erosi nuen. Orduan oso-oso zaila zen niretzat, baina hartu eta Argentinara eraman nuen, neure buruari erronka jarriz bezala. Huraxe izan zen nire lehen pausoa Sarri[onandia]ren obrarekin. Asko kostatu zitzaidan irakurtzea, baina liburua bukatu nuen! Eta, harrezkero, haren liburu gehiago irakurtzen jarraitu nuen: Ni ez naiz hemengoa, Lagun izoztua, Kolosala izango da, Ainhoari gutunak, Hitzen ondoeza, Habanako gaukarietan lehenengoa: Bizitza ez al da oso arriskutsua?... Habanako beste biak ere erosi ditut. Eta, iaz, entzun eta grabatu ondo hau, mesedez: pandemia garaian, Moroak gara behelaino artean? irakurri nuen. Erosi nuenean, pentsatu nuen: “Baina noiz irakurri behar dut hau?”. Beste lagunen batekin batera irakurri nahi nuen, elkarlanean bezala, irakurketa errazteko, ze liburu zaila da, konplikatua, eta, gainera, nik ez nekien ezer Afrikako historiari buruz.

"Dena den, Euskal Herrian euskaraz egiten dut nik beti. Hamaika mila kilometro egin ditut hona etorri eta euskaraz hitz egiteko!"

Baina irakurri zenuen...
Bai. “Pandemian irakurtzen ez badut, ez dut inoiz irakurriko!”, neure buruari esan, eta konfinamendu garaian irakurri nuen. Asko gustatu zitzaidan, ikaragarri. Orain, nire biblia da! Den-dena dago hor. Morroia Afrikan dago, eta Afrikatik den-dena azaltzen du. Zoragarria da! Barre nahiz negar egiteko, edo haserretzeko! Eta ekonomia, politika, historia, hizkuntza… Dena dago hor. Eta, egia esan, Sarri irakurrita, nekez irakurtzen dut besterik. Hala ere, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Bernardo Atxaga, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez… irakurri ditut. Gutxiago, hala ere.

Lazkaon ikasle zaitugu, euskara irakasle, berriz, Buenos Airesen. Horixe ikasi zenuen, irakasletza?
Ez… Filosofia ikasketak egin nituen, baina konturatu nintzen filosofian ez dela egia handirik. Eta handik antzerkira jo nuen. Baina antzerkitik bizitzea zaila da. Joan den zazpi urtean antzoki bateko administratzaile eta koordinatzaile izan naiz, Buenos Airesen. Lanari utzi eta etorri nintzen Maizpidera, urtarrilean. Itzultzean, ikusiko dugu zer datorren. Euskara irakasle izango naiz, baina hortik bizitzerik ere ez dago. Hori baino gehiago behar da. Gutxi ordaintzen digute. Maite dudalako erakusten dut euskara.

"Lehengusu-lehengusinak ditut Orotz-Betelun, erdaldunak dira denak, ez dute ulertzen zertan ari naizen hemen euskara ikasten”

Maite duzulako, diozu. Euskaraz ikasi duzu, eta erakusten duzu. Hemengo askok baino gehiago egin duzu…
Badakit euskararen erabilera txikia arazoa dela. Bistan da. Hala ere, nik beste aldea azpimarratuko nuke: nik, hona etorri eta jendearekin euskaraz hitz egiteko aukera daukat, eta segundo bakoitza aprobetxatzen dut horretarako. Horrexek balio du. Baina badakit zertan den egoera hemen. Dena den, Euskal Herrian euskaraz egiten dut nik beti. Hamaika mila kilometro egin ditut hona etorri eta euskaraz hitz egiteko! Beraz, hemen, euskaraz!, eta, beraz, behin, Donostiako tren-geltokira joan, leihatilara zuzendu, trenaren orduaz galdetu, txartelaren prezioaz… ni beti euskaraz, eta leihatilakoa gaztelaniaz. Baina ulertzen zidanez, halaxe egin genuen elkarrizketa: nik galdera euskaraz, gaztelaniaz erantzuna berak. Bost minutuko elkarrizketa! Haserretu ere egin nintzen...

Hemen askok ez daki euskaraz. Agintarietan, hamaika dira. Modako kantari batek, berriz, igual esango dizu ingelesez egingo duela hurrengo diskoa…
Eta nor naiz ni inor epaitzeko? Nik neurea egingo dut, neure ahalegina. “Ez duzula euskaraz ikasi nahi? Sentitzen dut, zeuk galtzen duzu aukera, oso hizkuntza ederra baita!”. Besterik ez. Ez naiz polizia linguistikoa, zorteko naiz euskaraz hitz egiteko aukera paregabea dudalako hemen, Lazkaon nahiz Aretxabaletan. Euskaltzaleaken ezagututako adiskideak ditut Aretxabaletan...

Itzultzean ez dakizu zertan jardungo duzun lanean, euskara irakatsiko duzula besterik.
Bai. Dena dela, talde bat besterik ez nuen izan iaz, eta pandemia zela-eta, online, zoom bidez aritu ginen, martxotik urtea amaitu arte. Oso nekagarria izan zen. Niri baino gehiago gustatzen zaie nire ikasleei klaseak zoom bidez egitea! Ez dakit ondo pasatzen duten, edo zer den, baina ez dute klaserik galtzen. Posible dute piper egitea, baina ez dute egiten! Klasero konektatzen dira, lehen minututik azkeneraino! “Zer, nekatuta zaudete?”, galdetzen diet, klasea bukatzeko garaian, baina haiek ezetz: “Ez, ez, ondo gaude, segi, segi!”. Nahiago ditut aurrez aurreko klaseak, askoz gehiago disfrutatzen dut, zinez gustatzen zait, baina momentuz ezin da.

Zer toki du euskarak Argentinako euskal etxeetan?  
Euskal etxe piloa dago Argentinan, eta denek dute, normalean, dantza taldea, frontoia, jatetxea… Euskara taldeari dagokionez, beti dago bazterrean. Buenos Airesen, adibidez, badira Euskaltzaleak baino egoitza handiagoa duten euskal etxeak, baina beharbada ez ikasle gehiago dutenak. Euskaltzaleaken ikasle pila dugu. Oraintxe ez nuke zehatz-mehatz esaten jakingo, baina ehun eta berrogeita hamarren bat? Hor nonbait. Euskaltzaleakek, bestalde, online ikastaroak ere eskaintzen ditu, aurten bereziki, eta horrek ere asko laguntzen du. Aurrez aurreko ikasleak ere badira, jakina. Horiek egoitzara biltzen dira. Ez iaz eta ez aurten, baina bai gainerakoan. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programak euskara klaseak bultzatzen ditu Argentinan, Uruguain, Txilen eta Brasilen, eta programa horri esker, euskal etxe askotan euskara klaseak ematen dituzte. Horretarako, tokian tokiko irakasleak prestatzen dituzte, berariaz. Niri dagokidanez, B2 azterketa egin nuen Euskara Munduan programaren barruan 2018an Buenos Airesen beste zenbait euskara irakaslerekin batera, eta, esaterako, programa horri esker etorri gara aurten hamaika irakasle Hego Amerikatik Lazkaora. Haiek joan ziren, eta ni hemen naiz, ekainean C1 azterketa egin zain.

Online ikastaroek arrakastarik badute Buenos Airesen?
Bai. Buenos Aires oso hiri handia da, eta, batzuetan, baita oso kaotikoa ere. Baliteke denborarik ez izatea euskara eskolara joan eta etorri egiteko. Ni ikasten hasi nintzenean, adibidez, astean bitan egiten genituen klaseak; aurrez aurrekoak, esan nahi dut. Orain, berriz, inork ez du horrelakorik nahi. Astean behin, onenean! Baliteke Euskaltzaleaken egoitzara joateko hiria zeharkatu behar izatea, eta horretarako zenbat denbora behar duzun ez dago jakiterik! Batean, metroa gelditu dela; bestean, manifestazioa dela eta ez dagoela pasatzerik. Horrela da beti Buenos Airesen, hiri kaotikoa da, eta hainbat denbora eman behar duzu tokietara heltzeko. Online ikastaroak alternatiba dira.

Zerk eraman zintuen euskarazko eskoletara? Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Hara, bada… Gure aita Orotz-Betelun jaio zen. Jose Luis Inda Erdozain zen izen-deiturez. Ez zekien euskaraz, baina bai haren gurasoek. Ez nituen aitatxi-amatxiak ezagutu, oso gazte hil baitziren. Gure aitak 11 urte zituela, berriz, familia Argentinara joan zen, 1950ean. Gure aita maitasun handiz oroitzen zen hemen bizitako garaiaz, eta oroitzen zen ez zuela euskararekin batere loturarik. 2004an, gaixotu eta hil zen gure aita. Kolpe handia izan zen niretzat. Oharkabean ez baina ustegabe joan zen aita, eta hausnartzen hasi eta euskara ikasten hastea bururatu zitzaidan. Beti izan nuen aitatxi-amatxien hizkera errekuperatzeko nahia. Bibiano Inda Garde eta Martina Erdozain Urbelz ziren aitatxi-amatxiak. Batua ikasten ari naiz, baina, hurrengo pausoa, Orotz-Beteluko edo Artzibarreko euskalkia ikastea izango da nire xedea.

Orotz-Betelun euskararik hitz egiten da?
Ez, aspaldi ez. Lehengusu-lehengusinak ditut han, erdaldunak dira denak, ez dute ulertzen zertan ari naizen hemen euskara ikasten. “Argentinatik hona euskara ikastera etorri zara?”… Ez zaie buruan sartzen. Esaterako, gure aitak esaten zuen gurasoek ez zietela euskaraz hitz egiten, nahiz eta beren artean hitz egiten zuten. Baina historia irakurriz jabetzen zara euskara kalean hitz egitea debekatuta zegoela, eta debekatuta ez zegoenean ere, arriskutsua zela euskaraz hitz egitea. Izebak, gure aitaren arrebak, lau urte zituen hemendik joan zenean. Bere lehen oroitza da Tandil [Argentina] herrian, kalean, amaren eskutik helduta dagoela, eta beste emakume bat etortzen zaiela. Euskalduna hura ere. Amari euskaraz mintzatu zaio eta amaren erreakzioa da beldurtzea eta urduritzea, eta gaztelaniaz erantzutea. Beldur handia eraman zuten hemendik hara. Gero jakin genuen aitatxi Bibiano zerrenda beltzean eduki zutela, eta alde egin beharra izan zuela. Baina gure aitak ez zekien horrelakorik. Ez zuten horretaz inoiz hitz egin, nonbait.

"Nire egia –neurea, beste batzuena beharbada ez–, euskaran dago… eta Sarriren liburuetan. Batzuetan pentsatzen dut Sarriren liburuak irakurtzeko ikasten dudala euskara"

Esan duzu hemengo lehengusu-lehengusinek ez dutela zure gogoa ulertzen, euskara ikasteko tirria makur hori, alegia.
Hemen diren gure aitaren lehengusu-lehengusinek ez zuten euskara ikasteko aukerarik izan, gure aitak bezala. Haien seme-alabek, aldiz, bai, ikastolara joan ziren eta. Baina, begira: gure etxean hiru senide izan gara. Ahizpa dut zaharragoa, gazteagoa neba. Izanak dira gure aitaren herrian, Orotz-Betelun, baina hizkuntzari dagokionez, loturarik ez dute batere. Ama argentinarra dut, ez du ulertzen nire gogo hau, baina pozik ikusten nau, eta horrexek balio du. Nik uste ohituta dagoela ni ezertarako “balio” ez duten gauzak ikasten ibiltzea: Filosofia, antzerkia, eta, orain, euskara! Horretan koherentea naiz, behintzat! Kar, kar... Eta ez pentsa ahizpak, ez nebak ere, nire maitasun hau ulertzen dutenik. Baina, gaitz erdi, errespetatzen naute, euskara niretzat oso gauza inportantea dela ulertu dute.

Hainbeste teoria, praxi eta pragmatika eta, azkenean, sentimendua da nagusi zure baitan, emozio bat.
Begira, 2012an, Lazkaon nintzela, Gerriko elkarteak ekitaldi bat antolatu zuen, Harkaitz Cano gonbidatuta. Twist liburua argitaratu berritan zen. Ez nuen liburua irakurria, jakina, garai hartan ez bainuen euskaraz irakurtzen. Gonbidatu ninduten, eta joan nintzen… Hizketan ekin ziotenean, negarrari eman nion. Nire pertenentzia hemen zegoela sentitu nuen, hemengo kulturaren eta hizkuntzaren barruko nintzela. “Ni hemengoa naiz”, sentitu nuen, “ez naiz Lazkaokoa, Buenos Airesekoa naiz, baina... ni Euskarakoa naiz”. Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan. Horixe da nire egia… Uste dut egiaren bila ibili naizela beti, filosofoaren antzera: Filosofia ikasi nuen, ez nuen egia aurkitu; antzerkia gero, zenbait egia aurkitu nuen hor. Baina nire egia –neurea, beste batzuena beharbada ez–, euskaran dago… eta Sarriren liburuetan. Batzuetan pentsatzen dut Sarriren liburuak irakurtzeko ikasten dudala euskara.

                                                                                           *     *     *

JAUREGI
“Han da gure gurasoen etxea oraindik, Orotz-Betelun. Zaharkitua, baina zutik. Casa Jauregi du izena. 2009an etorri nintzenean, etxe barrura sartu nintzen. Etxea bezperan utzi izan balute bezala zegoen! Kedarra sukaldeko hormetan-eta. Oroz gain, bi gauzak hunkitu ninduten han: erbesteratzea, batetik, eta aitaren haurtzaro gozoa, bestetik. Eta barre eta negar egin nuen Jauregin, gurasoen etxean”.
OBLIGAZIOAZ
“Ez daukat hitz egiteko lotsarik, akatsak akats. Euskaraz ikastea eta hitz egitea gustatzen zait eta, bestalde, ez nago horretara behartuta, ez daukat ikasteko obligaziorik, ez lan bat izateko, ez lanari  eusteko. Euskaltegian bertan garbi ikusten da nor ari den gogoz ikasten, eta nor ari den derrigortuta. Eta, hauek, hizkuntzarekin haserretzen dira! Baina euskarak ez du errurik! Euskara ederra da!”.
Azken hitza
ESTREINALDIA
“AEBetako ikasle batekin elkartu naiz Maizpiden. Londresen bizi da aspaldi, eta dramaturgoa da. Behin, hizketan hasi ginen, antzerkiaz, eta obratxo bat egitea erabaki genuen. Estreinaldia, laster!”.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia