euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Maia Kurutxet, Skunkfunkeko zuzendari artistikoa: «Modaren mundua biziki opakoa da» (en Berria)

19/10/2017

Kurutxeten ustez, markek elkar kopia ez dezaten da askotan hain ezkutukoa moda sektorea. Asteburu honetan, euskal sortzaileak Bilbon elkartuko dira Fashion Kultur Bilbao jaialdian.

Enlace: Berria

Lander Muñagorri Garmendia. Bilboko eta inguruko moda diseinatzaileak bilduko dituen Fashion Kultur Bilbao jaialdiaren lehen edizioa bihar abiatuko da Yimbi espazioan, eta asteburu osoa iraungo du. Sektorean lan egiten duten diseinatzaileek elkar ezagutzeko aukera izango dute horrela, eta, Maia Kurutxet (Paris, 1979) Skunkfunk markaren zuzendari artistikoaren ustez, hori interesgarria izan daiteke, askok ez dutelako elkar ezagutzen. Eurek ere euren burua ezagutarazten jarraituko dute, jaialdian 2018ko udarako sortutako bilduma berria aurkeztuko baitute. Ama izena du, eta atzo bertan hedabideen aurrean erakutsi zituzten bilduma berriaren nondik norakoak.

Ama izena darama datorren urteko udarako sortu duzuen bilduma berriak. Zergatik izen hori?

Bilduma bakoitzak badu gai orokor bat, eta, kasu honetan, inspirazioa Japoniatik hartu dugu, amak itsasoko andreak baitira. Badago tradizio zahar bat han: duela 2.000 urtetik emazteek apnea eginez jasotzen dituzte perlak, eta horiei ama deitzen zaie. Euskal Herrian, bestalde, izaera handiko emazteak dira amak. Bilduma berrian, beraz, Japoniako ama eta Euskal Herriko amak lotu ditugu. Bilduma perletan inspiratzen da, eta horregatik badira borobil forma anitz, koralak, itsasoko gauzak, arrainaren azalak marraztu ditugu, olatuak, baita itsasoaren mugimendua ere.

Lehen urtea da Fashion Kultur Bilbao egiten dela. Halako zerbaiten beharra bazegoen?

Bai, pentsatzen dut biziki ona dela ekimen bezala. Pentsatzen dut ondo legokeela Euskal Herri osoan aplikatzea, ez garelako hain handiak. Hala ere, Bilbo sinbolo bat ere bada, eta mundu osora zabaltzea interesgarria izan daiteke. Guggenheimen paraleloan lor daitekeen zerbait izan daiteke.

Atzo bete zituen hogei urte museoak. Lagundu du halako egitasmoak bultzatzeko garaian?

Egia da sorkuntza aldetik biziki hurbil daudela. Fashion Kultur Bilbaoren lehen urtea da, baina egin izan dira antzeko beste batzuk. Modan egitasmo baten atzetik joatea biziki interesgarria izan daiteke.

Nola dago egungo euskal diseinatzaileen egoera? Jaialdi honek erakuts dezake moda esnatzen hasia dela?

Bai, nik uste dut oro har badela gaia. Bilbon ikusten dut mugimendua, ari dira marka txikiak sortzen, eta, pixkanaka, mugitzen doa. Hala ere, denak elkartzeko espazio baten beharra bazegoen, modan elkar kopiatzeko beldurra egoten delako, eta, askotan, horregatik ez dira elkartzen.

Marka handien itzalean daude euskal sortzaileak?

Bai, baina marka handiek zein txikiek baditugu lan molde ezberdinak, eta ideiak zein lan moduak batu ahal izatea interesgarria da. Baita publikoak hori ezagutzea ere. Modaren mundua biziki opakoa baita, eta ez da gardentasunik sartzen. Beraz, bada aukera on bat zuzenean azaltzeko zer egiten dugun.

Zergatik diozu ez dela mundu gardena?

Marken atzean proiektu eta pertsona batzuk daude, eta bakoitzak bere marka sortzen du bere bidetik. Lan egiteko modua zure jakintzarekin eta bidean topatzen duzunarekin batera sortzen da. Guk, esaterako, hasieran dena hemengo kooperatibetan ekoizten genuen, urteak pasatu dira, eta egun batez ezin izan dugu dena produzitu hemen. Hasi ginen Portugalen, eta egun batez Turkiara joan ginen. Han ikusi genuen fabrikatik ateratzen zen ura gorria zela, eta hor ohartu ginen guk ez genuela ekoitzi nahi errekak gorriak ikusiz, eta hortik sortu zen gure kezka moda berdeago bat egiteko. Moda gardenago bat egiten saiatu ginen horregatik.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia