euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Kolonbia, Euskal Herria eta Antioquia (el blog de Amatiño en Eibar.org)

05/06/2017

Bakegintza eta ekonomia-harremanak izan dira Urkullu lehendakariak Kolonbiara egindako bisita arrakastatsuaren zutabe nagusi biak. Kolonbiako zein Euskal Herriko talde armatuen historiak azken mende erdi honetakoak baino ez dira. Baina hango eta hemengo ekimenen arteko harremanek, ostera, 500 urte baino gehiago dituzte.

Enlace: Eibar.org

Amatiño. XX. mendearen hasieran, Medellingo San Ignacio de Loyola ikastetxearen irakasle zelarik, hemendik joandako Luis Gorostiza jesuita jabetu zen zein ugari ziren bertako ikasleen artean euskal abizenak; ordu arteko lehen ikerketak egin zituen eta, 1912an, argitara eman “Apellidos Vascos en Colombia” bilduma.

Berrogeitaka urte geroago, Everett Hagen soziologo estatubatuarrak jardun zuen aztertzen zergatik Antioquia eskualdea zen Kolonbiako departamendurik eraginkorrenetakoa eta, sumatu zuen, telefono-zerrendak miatu ostean, %15 euskal jatorriko deitura zirela eta enpresarien artean, berriz, %25.

Wikipediari jaramonik egingo badiogu: “Kolonbiako lehendabiziko etorkinetatik asko euskaldunak ziren; herrialdearen ipar-mendebaldean dagoan Paisa eskualdean biztanleriaren %40ak (4.500.000 lagun inguru) euskal jatorria (osorik edo partziala) du. Gainera, 1640 eta 1859 artean, Kolonbia osoko biztanleriaren %18,9ak euskal jatorria zuen”.

Egia da, 3.500 baino ez direla, guztira, Kolonbian zehar sakabanatutako euskal abizenak, Argentinan hiru bider (15.000)  gehiago diren artean. Baina Francisco de Abrisqueta (Bilbo, 1913-1983) estatistika-ekonomialariak azaldu zuenez ("Vascos en Colombia"), euskal abizenen oparotasuna Kolonbian ez da neurtu behar kopuru absolutuetan, erlatiboetan baino, Kolonbian ez baita sekula izan Argentinan besteko emigrazio espainiarrik, ezta gainerako europar estatuetatik ere.

Euskaldunak samaldaka joan ziren, nonbait, Kolonbia aldera XVII. eta XVIII. mendeetan. Antza denez, bizkaitar, gipuzkoar eta nafarrak, gizabanakoka, hainbat enpresa, ekimen eta sare ekonomikoren inguruan. Arabarrak, aldiz, senitarte-multzo edo familia osotan, kolono gisa. Eta, era batez zein bestez, elkar-lanean, lobbyantza, sekulako eragina izatera iritsi ziren, Antioquia inguruan gehienbat, Kolonbiako politikan, erlijioan eta ekonomian.

Batere zalantzarik ez gero, Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak ondotxo asko zekiela nor ari zen agurtzen, Iñigo Urkullu lehendakariari bostekoa eman zionean. Bakea bake, Kolonbian bada aspalditxodanik beste edozein lekutan ez dagoena: Centro de Estudios Vascos de Antioquía delako elkartea. Eta, hain zuzen ere, ekonomia-harremanen gainetik edo azpitik, elkarte honek argitara eman zuen, orain dela pare bat urte besterik ez, Los vascos en Antioquía durante el reinado de los Austrias (1510-1700) saiakera.

Aitona eta aita zirenen ezpaletik, Santos presidente kolonbiarra ere kazetaria da. Baina Kolonbiaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak prentsa asmatu aurrekoak dira. 



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia