euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Kazuo Ishiguro: Euskaraz ere onik irten den istorio ingeles bat (en Berria)

21/11/2018

Kazuo Ishiguro iazko Nobel saridunaren 'Egunaren hondarrak' eleberria euskaratu dute Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak. Jokin Zaitegi bekaren laguntza izan dute itzulpena egiteko.

Enlace: Berria

Miren Garate. Itzulpen sen idazten duela kontatzen omen du Kazuo Ishiguro idazleak (Nagasaki, Japonia, 1954), hizkuntza lau samar batean, bere testuak edozein itzulpenetatik ondo ateratzeko moduan. The Remains of the Day (1989) idatzi zuenean ere, publiko zabalarengana iristea zen haren nahia, munduko edozein pertsonak bere sentituko zuen istorio bat idaztea, idazleak «nazioarteko fikzioa» esaten diona egitea. Eta Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak egindako itzulpenari esker, euskarazko irakurleengana iristea ere lortu du. Jokin Zaitegi bekaren laguntzarekin kaleratu dute Egunaren hondarrak eleberria (Elkar).

Sortzez japoniarra izanik, 5 urte zituela Ingalaterrara joan zen bizitzera Ishiguro familiarekin, eta bi mundu horien artean bizi izan zen haurtzaroan: japonieraz egiten zuten etxean, eta ingelesez eskolan; gainera, ikastetxeko atzerritar bakarra zen. Ingelesez idatzitakoak dira haren lehen bi eleberriak ere, baina Japoniari buruzkoak. Mundu horretatik atera zen hirugarrenarekin. Itzultzaileen esanetan, «girorik eta ingelesenean eta garairik eta ingelesenean kokatutako istorioa» da Egunaren hondarrak. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko helburu horretan paradoxikoa izan daitekeen arren, pertsonaia nagusia ere figura ingeles tipiko bat da: maiordomo bat, Stevens.

1950eko hamarkadan dago girotuta kontakizuna. Maiordomo perfektua izatea da pertsonaia nagusiaren desioa, horri begira bizi da, eta, gainera, oso muturrera eramaten du helburua. «Horrek barne gatazka batzuk sortzen dizkio, ez bakarrik nagusiarekiko harremanetan, baizik eta baita beste harreman batzuetan ere, bereziki Kenton andereñoarekin». Darlington Halleko etxezaina izandakoa da hura. «Nortasun handiko emakumea da, Stevensen izaera zurrun hori kolokan jartzeko gai den bakarrenetakoa».

Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, sei eguneko bidaia bat egitea erabakiko du Stevensek: Ingalaterra hegoaldeko landa eremu ederrak zeharkatu, eta bisita bat egingo dio Kenton andereñoari, Farraday jaunak, etxeko nagusiak, utzitako Ford batean. Bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du bidaia.

Eta ibilbidean, etengabe oroituko du iragana. 1920ko hamarkadara eramango dute oroitzapenek, bi mundu gerren arteko garaira. Darlington Halleko maiordomoa zen orduan ere, eta jende garrantzitsu ugari hartzen zuten etxean. Afera garrantzitsuak erabakitzen ziren han. Askotan gogoratzen du nolako harremana zuen orduko nagusiarekin ere, bai eta Kenton andereñoarekin ere. Hain zuzen, oroitzapenetan nahiz bidaian bertan agertzen da pertsonaia hori. «Eta ikusten da berriro ere kolokan jartzen zaizkiola gauza asko: sentimenduak adierazi edo ez, nola, zenbateraino eta abar. Beharbada berandu samar, baina gauza askotaz konturatzen da, eta berriz ere barne borrokak sortzen zaizkio».

Itzultzaileen esanetan, emozioak adierazteko ezintasunari buruzko liburu bat da Egunaren hondarrak, besteak beste: «Sentimenduen errepresioa ikusten da, nolako zailtasunak ditugun gure bizitza nahi dugun bidetik gidatzeko, eta hori ikusten da atzera begirako horretan, baina baita bidean joaten den herrietan, ezagutzen duen jendearengan eta abarretan ere». Era berean, «dokumentu paregabea» da 1950eko hamarkadako Ingalaterra ezagutzeko. Bigarren Mundu Gerra pasatu berria da, eta herrialdea nola geratu den eta jendeak zer kezka dituen ageri da. «Konparatu izan da garai hartako Ingalaterrako filmekin, eta, azken batean, ikusten da iraganean hartutako erabaki batzuek, kasu honetan erabaki politiko batzuek, zenbaterainoko eragina duten herrialde batentzat».

Ishiguroren lanik sonatuenetako bat da Egunaren hondarrak. Lau astean idatzi zuen: «Emaztearekin plangintza bat egin zuen, eta adostu zuten lau astean idatzi beste ezer ez zuela egingo, etxeko estudioan sartuta egongo zela. Helburua zen fikziozko mundu bat eraikitzea eta mundu horretan bizitzea erabat, kanpoko mundua utzita, telefonorik gabe eta postarik gabe». Lortu zuen denbora horretan amaitzea, nahiz eta gero txukunketak egiteko denbora gehiago hartu. Hark idatzitakoak dira hauek ere: A Pale View of Hills (1982), An Artist of the Floating Word (1986), The Unconsoled (1995), When We Were Orphans (2000), Never Let Me Go (2005) eta The Buried Giant (2015). Ibilbide oparo horri esker, Nobel saria jaso zuen iaz idazleak. Sari hori jasotzen duten idazleen lanak euskaratzeko ematen dute Jokin Zaitegi beka Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin. Eta Apalauza eta Roque izan ziren iazko irabazleak.

Itzulpen prozesuan izandako zailtasunei dagokienez, azaldu dute oso hizkera jasoa erabiltzen duela idazleak, eta hori euskarara nola ekarri izan dela erabaki beharreko kontuetako bat. Beste bat, berriz, pertsonaien mundu horretako hitz batzuk nola itzuli asmatzea, euskaraz ez direlako oso ohikoak. «Adibidez, maiordomoen hogei bat kategoria daude, eta bakoitzak bere zereginak eta espazioak ditu. Euskaraz mundu hori ez denez hain ezaguna, liburuetara-eta jo dugu».

Sexu abusuen salaketak direla medio, Suediako Akademiak erabaki du Nobel saririk ez ematea aurten, eta datorren urtean bi ematea. Jokin Zaitegi bekaren deialdia ere datorren urterako utziko dute.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia