euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Kanadako lehen beltz euskaraduna (en Argia)

01/10/2017

Ez dakigu non eta noiz jaio eta hil zen Da Costa. Dakiguna da afrikar jatorrikoa zela, interpretea zela, eta Pierre Dugua de Bots eta Samuel de Champlain kolonizatzaile frantziarrentzat lanean aritu zela. Frantsesa, portugesa, nederlandera eta euskara –zehazki, algonkin-euskara pidgina– menderatzen omen zituen eta, jakina, zena zelako ama hizkuntza, horren berri inon jaso ez arren.

Enlace: Argia.eus

Nagore Irazustabarrena. Historialarien arabera afrikarrak XV. mendearen amaieran hasi ziren portugaldarrentzat interprete lanean, eta handik mende batera, europarrak Afrika geroz eta hegoalderago esploratu ahala, herbeheretarrentzat, frantsesentzat eta ingelesentzat. Beharbada, horregatik hitz egiten zuen Da Costak frantsesez, nederlanderaz eta portugesez.

Baina ez dakigu nolatan menderatu zuen algonkin-euskara pidgina, San Laurendi ibaitik gorakoekin interprete lanak egiteko. Huraxe baitzen lurralde haietan europarren eta bertakoen arteko komunikazio-tresna nagusia. Euskal baleazaleak 1520ko hamarkada inguruan iritsi ziren Ternua eta Labrador inguruetara eta hango biztanleekiko harremanetan mikmakerako, innerako eta euskarazko hitzez osatutako pidgina sortu zen –gaskoierazko ukitu batzuk ere ba omen zituen–, gerora kolonizatzaile frantziarrek ere erabiliko zutena. Da Costak, beharbada, Europan ikasi zuen euskara edo, zuzenean, pidgina. Edo, agian, Amerika iparraldean bertan ikasiko zuen, jardunean zela.

1607ko otsailean edo martxoan Europan zen berriro interprete afrikarra, dokumentu batek jaso baitzuen Pierre Dugua de Monsen idazkaria haren bila joan zela Amsterdamera. Itxuraz, herbeheretarrek frantziarren zenbait itsasontzi atzeman eta Da Costa bahitu zuten. Hortik ondorioztatu dezakegu, ordurako Kanadako kosta atlantikoan lanean ibilia zela. 1608an Da Costak kontratu bat sinatu zuen Nicolas de Bauquemare normandiar merkatariarekin, hiru urtez “Kanadako, Akadiako eta beste edonorako bidaietan” itzultzaile lanak egiteko. Ez dakigu berriro ontziratu zen, baina kontratu osoa behintzat ez zuen bete. 1609ko abenduan Mathieu Da Costa Le Havren preso zegoen “lotsagabekeria ekintza” bat medio. Eta handik aurrera ez dago haren arrastorik.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia