euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Josu Bieter: «Jendeari ikusarazi behar izaten diot euskaraz bakarrik dakidala» (en Berria)

20/05/2024

Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen Bieter, baina Euskal Herriarekin lotura estua izan du. Orain Azpeitian bizi da, euskara hutsean, ez baitaki gazteleraz.

Enlace: Berria

Jone Arruabarrena. Euskara izan zuen lehenengo hizkuntza Josu Bieterrek (Boise, AEB, 1997), Ameriketako Estatu Batuetan jaio eta bizi arren. Ama errenteriarra du, eta, familiako gainontzekoak AEBetan jaio arren, askok lotura estua dute euskararekin eta euskal kulturarekin. Bieter Azpeitira etorri da bizitzera, eta azaldu du «zaila den arren» posible dela gaztelania jakin gabe ere Euskal Herrian euskaraz bakarrik bizitzea.

Zure lehen abizenak —Bieter—, ematen du pistaren bat. Gurasoak nongoak dituzu?

Nire ama Errenteriakoa da, eta aita, Boisekoa. Hala ere, aitaren amona eta aitona Euskal Herrikoak ziren.

Nolatan joan ziren zure birraitona eta birramona AEBetara?

Aitona Lekeitiokoa zen, eta amona, Larrabetzukoa. Birraitona artzain gisa lan egitera joan zen AEBetara, eta birramona, etxekoandre gisa. Boisen ezagutu zuten elkar. Artzainak ardiekin joaten ziren mendira, eta neguan herrietara jaisten ziren bi hilabete pasatzera. Erromeriak eta afariak antolatzen zituzten, eta gisa horretako ospakizun batean ezagutu zuten elkar. Gero, Estatu Batuetan ezkondu, eta bertan geratu ziren. 

Zure gurasoak AEBetan bizi dira oraindik?

Bai, han jarraitzen dute. Ni ere han jaio nintzen, eta orain arte bertan bizi izan naiz beti.

Nola bukatu zuen Estatu Batuetan zure amak ere?

Unibertsitatea bukatu zuenean, bertara joan zen, Renora, euskara klaseak ematera. Nire aita bertako euskal jaialdi batean ezagutu zuen. Aitak Boisen euskal musika talde bat zeukalako eta ama Renoko euskal dantzariekin ibiltzen zelako zeuden biak jaialdi berean.

«Euskara nire lehenengo hizkuntza izan zen, eta etxean euskaraz hitz egiten genuen umeak ginenean»

Aitak ere badauka lotura Euskal Herriarekin?

Nire aitona unibertsitateko irakaslea zen, eta urte batean Boiseko State unibertsitateko talde handi bat Oñatira ekartzea erabaki zuten. Nire aitaren familia osoa etorri zen, baita unibertsitateko laurogei ikasle inguru ere. Aurten beteko dira 50 urte bidaia hura egin zutela. Hemen urtebete pasatu zuten. Aitak ez zekien euskaraz, baina urte horretan ikasi zuen. Hain ondo pasatu zuenez, handik bi urtera Euskal Herrira bueltatu zen berriro, eta beste zortzi hilabete pasatu zituen hemen. 

Etxean denek dakizue euskaraz?

Askok bai. Nire anai-arrebek badakite, baita osaba izebek ere. Lehengusuek txikitan hitz egiten zuten, baina gero euskaraz egiteko ohitura galdu zuten. Hala ere, euskarazko abesti batzuk gogoratzen dituzte.

David Bieter zure osaba ere euskalduna da, eta Boiseko alkatea izan zen 2004–2020 aldian.

Bai, eta hamasei urtez izan zen. Osabak esaten zuen aldi batean bera zela hiriburu bateko alkate euskaldun bakarra. Barack Obamarekin egona da, hura AEBetako presidente zela, eta Euskal Herriari zein gure arbaso euskaldunen historiari buruz hitz egin zion.

Estatu Batuetan bizi zinenean, zer kontaktu zenuen Euskal Herriarekin?

Boisen euskal komunitate bat dago, eta badauzkagu Euskal Etxea, frontoia eta euskal jatetxe batzuk. Gu bezalako gazteak eta helduak elkartzen dira euskal kulturarekin harremana mantentzeko. Esaterako, euskal dantzak ikasten genituen, pilotan jokatzen genuen, afariak antolatu... Baina, oraindik ere, komunitate horretan hizkuntza ikasteak ez dauka horrenbesteko indarrik, gazte batzuek ikasi nahi duten arren. Horrez gain, lotura estua egin dut, urtero Euskal Herrira bisitan etortzen nintzelako, ama euskalduna delako. Beraz, AEBetan ikusitakoaz gain, hemengo jaiak ere ezagutzen nituen, baita hemengo udak eta ohiturak ere. 

Noiz ikasi zenuen euskara?

Euskara nire lehenengo hizkuntza izan zen, eta etxean euskaraz hitz egiten genuen umeak ginenean, baina eskolara sartu nintzenean, ohitura galdu nuen. Ez zitzaidan gustatzen euskara erabiltzea, eta nire lagunekin ere ingelesez aritzen nintzen. Beraz, euskara pixka bat galdu nuen. Hala ere, hona etortzen ginenean, euskaraz hitz egiten genuen. Unibertsitatera sartu nintzenean hasi nintzen berriro euskara ikasten, 18 urterekin. Han euskara klaseak ematen dituzte, eta, hain zuzen, nire ama zen irakasleetako bat. Garai hartan sortu zitzaidan euskara ondo ikasteko gogoa. Urte horretan Lazkaoko barnetegira etorri nintzen, eta bertan hilabete bat pasatu nuen. Hurrengo urtean beste ikastaro bat hartu nuen unibertsitatean, eta handik bi urtera berriz joan nintzen barnetegi batera. 

«Unibertsitatera sartu nintzenean hasi nintzen berriro euskara ikasten, 18 urterekin»

Noiz erabaki zenuen hona bizitzera etortzea?

Aurten. Nire bikotekidea Azpeitikoa da. Boisen egon zen bi urtez. Orain hona etortzea erabaki dugu. Oraingoz, urtebeterako geratuko gara. Oso gustura nago hemen. 

Zer oztopo aurkitu dituzu Euskal Herrian, gaztelera jakiteke?

Nik gaztelera batxilerrean ikasi nuen, baina ez nuen guztiz ondo ikasi, eta ez nion garrantzirik eman. Beraz, ez dakit asko. Azpeitian ondo moldatzen naiz euskaraz bakarrik, baina egia da beste leku batzuetan gaztelania jakin beharra daukazula. Horrelako lekuetan gutxi gorabehera moldatzen naiz, baina askoz erosoago sentitzen naiz jendeak euskaraz hitz egiten duen lekuetan.

Uste duzu posible dela euskaraz bakarrik bizitzea?

Posible da, zaila den arren. Jendeari ikusarazi behar izaten diot euskaraz bakarrik dakidala, eta lehen hitza euskaraz egiten diet, ohartu daitezen.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia