euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Joseba Iztueta, alpinista: «Zaila da bakardadea entrenatzea» (en Berria)

02/10/2018

Goi mendien berezko zailtasunei berak bakarrik aurre egitearena gehitu die bi zazpimilakotan, Lenin Peak-en eta Khan Tengri-n.

Enlace: Berria

Unai Ugartemendia. Denbora ondo baliatu du laneko oporretan Joseba Iztuetak (Gabiria, Gipuzkoa, 1991). Hilabete batean Lenin Peak (7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan) eta Khan Tengri (7.010 metro, Tian Shan mendikatea, Kazakhstan) mendiak igo ditu, berak bakarrik. Iker Madoz nafarrarekin eta Jonatan Garcia bizkaitarrarekin batera, Euskal Herriko gazteen belaunaldi berriko kideetako bat bihurtu da.

Nolatan Kirgizistanera?

Lehen ere izana nintzen bertan, orain egon naizen mendi horietako batean. Buruan badaukat proiektu txiki bat, garai bateko Sobietar Batasuneko bost zazpimilakoak ezagutzea. Beste kontu bat izango da igotzea, baina ezagutu nahi nituzke behintzat. Hortik tiraka etorri zen bertara joateko asmoa. Lekua izugarria da. Beste hiruretatik bi askoz garaiagoak dira, eta horien zailtasuna areagotu egiten da. Hala ere, hirurak igotzeko aukera ikusten dut.

Orain bi urte, Mikel Diez lagunarekin izan zinen. Orain, zergatik bakarrik?

Aurreko espedizioa modu babestuago batean ezagutu nuen, orduan lau lagun izan baikinen, Mikel Diez eta Aragoiko bi lagun. Modu bakarti bateagoan ezagutzeko gogoa gelditu zitzaidan; horrela beti da gogorragoa, indartsuagoa. Banekien dena ondo egin beharko nuela, eta bizitako dena nik jasoko nuela; dena batek jasotzen duenean, bakoitzaren moduan jasotzen da. Horrekin ez dut esan nahi hobea edo okerragoa denik, baina nik horrela bizitu nahi nuen. Ondorio positiboak besterik ez dut atera, nahiz eta hurrengo espedizioan agian berriro ere beste kide batzuekin joango naizen.

Bakarrik igo daitezkeen mendiak al dira biak ere?

Lenin Peaken banekien jendea egongo zela, eta hala izan zen. Gailurrerako bidean jendea izango zela banekien, eta, azkenean, boskotea osatu genuen, nahiz eta denak ez igo. Alacanteko beste mutil bat ere bazen. Khan Tengrin, berriz, oso ezberdina da. Erantzuna nahiko subjektiboa da, baina uste dut bakarrik igo daitezkeela, betiere kontuan hartuta mendi horiek dituzten arriskuak.

Zergatik berriro ere Khan Tengrira?

Nire lehen asmoa beste bi menditara joatea zen, Korzhenevskaiara [7.105 metro] eta Komunismora [7.495 metro]. Horiek ere bakarrik igo nahi nituen, baina helikopteroekin egin beharreko logistikak ez zidan mesederik egiten. Erabakia aldatu nuen, eta aurrena Leninera joatea erabaki nuen. Ez nintzen inoiz 7.000 metrora iritsi, eta jendea eduki nahi nuen gertu. Azkenean beldur asko izaten dira horrelako mendietan, eta lehen mendian uxatu nahi nituen beldur horiek. Beldurrak uxatuta, banekien Khan Tengrira ziurtasun handiagoarekin joango nintzela.

Argi al zenuen helburu nagusia Khan Tengri igotzea zela?

Bai. Hilabete neukan bi mendiak igotzeko, baina barneratua nuen oso zaila izango zela biak igotzea. Erronka zen niretzat biak igotzea, baina banekien egokitze fasea teknikoki errazagoa den mendi batean egin behar nuela. Bakarrik bete nahi nuen helburu nagusia, eta, gainera, espedizioen sasoitik kanpo egitea lortu nuen. Denboraldia oraindik ere amaitu gabea zen arren, azken egunetan nintzen, eta beste alpinista bat bakarrik topatu nuen mendian.

Nolakoa da Lenin Peak mendia?

Zazpimilako bat izateko, teknikoki oso zaila ez den menditzat hartzen da, baina aintzat hartu behar da igotzen saiatzen diren %10ek bakarrik lortzen dutela. Estatistika hori edozein zortzimilakorekin alderatu daiteke. Fisikoki oso gogorra da, eta inguruan ez dago bere neurriko besterik. Horregatik da oso hotza, babesik ez duelako. Oso komertzializatuta dagoen mendia da, eta, alde horretatik, ez zait asko gustatu.

Inoiz iritsi gabea zinen zazpimila metrotara. Nola sentitu zinen?

Nahi beste ez nintzen egokitu, eta dena oso azkar egin nuen, gehienbat 25 egun bakarrik nituelako bi mendiak igotzeko. Lenineko gailurrera igotzeko eguna nire hamargarren eguna zen mendian, eta oso gogorra egin zitzaidan fisikoki. Ordu asko dira igotzeko eta jaisteko. Azkeneko 300 metroak oso luzeak egiten dira. Goi lautada oso luzea du, eta bertan ordu asko pasatzen dira; denbora asko joaten da.

Nola antolatu zenuen bidaia?

Bi gailurrak igotzea zen helburua, baina banekien biak igotzeko oso aukera gutxi nuela. Aldagai asko izan behar dira alde, eta ez nintzen batere itsutu. Khan Tengrin, esaterako, gehienetan eguraldi txarra izaten da. Hala ere, mendiak ezagutu nahi nituen, beheko kanpalekuak... Jengish Chokusu [7.439 metro] mendia ere hor dago, eta ezagutu nahi nuen. Zorte handia izan dut eguraldiarekin. Gailur bakoitzerako egun jakin batzuk jarri nituen: Leninerako hamabost egun, eta Khan Tengrirako hamar.

Nolakoak izan ziren egokitze egunak?

Nahiko gogorrak izan ziren, arazo fisiko asko izan nituelako. Beherakoa izan nuen egun askotan, eta eguraldiaren arabera egin nituen egokitzeko egunak. Nire egoerari baino garrantzi handiagoa eman nion eguraldiari, betiere muga batzuen barruan. Nahi baino gutxiago egokitu nintzen, eta, esaterako, azken kanpalekuan ez nuen aurretik lorik egin.

Zenbat kanpaleku ipini zenituen?

Leninen, beheko kanpalekua 4.400 metrora jarria zegoen, duela urte batzuk lehen kanpalekua izango zena. Jangela ere bazegoen. Handik gora, beste bi kanpaleku ipini nituen. Nire kanpadendarekin ibili nintzen denbora guztian. Bakarra eraman nuen, eta hura mugitzen nuen.

Nola sentitzen da norbera 7.000 metrora?

Izugarrizko sentsazioa da! Galduta zaudela, askatasuna... Beldurra ere hor dago, baina mendian orduak luze joaten dira, eta oso kontzentratuta egon behar da, helburua ere argia delako. Khan Tengrirako bidean, hirugarren kanpalekuan hamasei ordu pasatu nituen, eta oso luzeak egin zitzaizkidan. Izaten dira ordu asko bakardadeak jaten zaituena, era negatibo batean, baina ordu horiek kudeatzen jakin behar da.

Eta nola kudeatzen dira?

Denoi gustatzen zaizkigu bakarraldiak, baina hangoak behartuak izan ziren, eta horiek normalean ez zaizkigu hainbeste gustatzen. Saiatzen nintzen neure burua entretenitzen, ahal nuen gehiena lo egiten, nahiz eta altuera horietan oso zaila den. Motxila egiten denbora asko pasatu nuen, esaterako. Banekien gailurretik jaistean jendearekin egongo nintzela: aurrena, harreman ona nuen errusiar batekin; gero, kataluniar batzuekin... Ilusio une txiki horiekin baztertzen nuen bakardadea.

Bakardadea entrenatzen al da?

Entrenatzeko zaila da. Aurretik banekien aldi horiek iritsiko zirela; horrek ez du esan nahi saihesten nituenik. Jakinda ere, oso gogorrak egiten dira. Hori bai, espediziora joan aurretik, egun guztia jende askorekin pasatzen nuen. Hemen bizi garen erritmoan oso zaila da bakarrik egotea.

Zer irakatsi dizu bakardadeak?

Nire bizitzaz gogoeta egiteko balio izan dit. Nire egunerokotasunaren inguruan ondorio batzuk atera ditut, nola bizi naizen, zein erritmotan bizi naizen... Bizitzaren inguruko ondorioak izan dira, erabakiak baino gehiago. Batzuk praktikan jartzen hasi naiz, nahiz eta egunerokotasunak asko jaten dizkidan.

Zazpimilako bat igotzea zaila da; bi, zer esanik ez. Balentria izan da.

Bai, noski. Banekien fisikoki bi igotzea oso gogorra izango zela, baina azkeneko eguna oso-oso gogorra izan zen. Uste dut nire mugara iritsi nintzela, nahiz eta fisikoki eduki nezakeen muga non zegoen jakin ez. Mugarekin jolasten ibili nintzen, eta galderak egiten nizkion neure buruari: iritsiko naiz gailurrera? Ondo al noa?

Hamar egunen barruan igo zenituen bi gailurrak. Nahikoak al dira hamar egun?

Gorputzak eta gorputzak daude. Neure kasuan, Lenin Peak igo eta gero, bertatik jaitsi, eta lau egun pasatu nituen 800 metrotan. Asko jan eta edan nuen, eta ez nintzen geldirik egon egun horietan, gorputza nagituko ote zitzaidan beldur. Oso neurri polita izan zela iruditzen zait lau egunetakoa, gehienbat, gorputza oxigenatzeko, hidratatzeko eta indarberritzeko. Pisu asko galdu nuen.

Egun horietan atseden hartu eta gero, nola sentitu zinen berriro ere mendira itzultzean?

Altuerara egokituta nengoenez, ondo. Lau mila metroan oso ondo sentitzen nintzen. Eguraldi oneko hiru egun nituen Khan Tengri igotzeko, eta horrela egin behar izan nuen. Fisikoki oso gogorra egin zitzaidan, baina agian horregatik izan zen, azkar egin behar izan nuelako. Bigarren egunean 1.800 metroko igoera bat egin behar izan nuen, eta agian hori ez zen egokiena izan, baina beste aukerarik ez nuen. Indarrez nahiko justu iritsi nintzen gailurrera.

Oso gaztea zara, baina orain arte pasatutako unerik kritikoena pasatu al zenuen Khan Tengrin?

Fisikoki, agian, bai, nahiz eta oraindik ez jakin nire mugetatik urruti edo gertu ibili nintzen. Arriskutik, berriz, ez. Eguraldiak asko lagundu zidan, eta, alde horretatik, oso seguru joan nintzen.

Zer sentitu zenuen gailurretan?

Lehenengoa nahiko normala izan zen, gehienbat nire helburua Khan Tengri zelako. Oso begiz jota nuen mendia da, aurretik ere bertan egona nintzelako. Asko gozatu nuen; ilusio berezia egin zidan. Ahalegin handia egin behar izan nuen gailurrera iristeko, zenbat gauza kudeatu behar izan nituen, zenbat borroka familiarekin, bikotekidearekin...

Etxekoei nola ulertarazi zenien bi zazpimilako igotzera zindoazela zeu bakarrik?

Ez da erraza dena ondo azaltzea. Saiatu nintzen, baina banekien ia ezinezkoa zela familiak hori ulertzea. Zergatik egin nahi nuen azaltzen nien, baina ulertzea... Onartu zuten behintzat, eta horrek lasaitu ninduen. Satelite erloju bat eraman nuen, eta mezuak bidaltzeko balio du. Nahi nuen lekutik mezuak bidaltzeko aukera izan nuen, eta gailurretik ere mezuak bidali nizkien. Hala ere, uste dut amak ez zuela lo askorik egin beheko kanpalekura iritsi arte.

Zenbateko aurrekontua izan du espedizioak?

Hegazkineko bidaiak eta bi mendien baimenak kontuan hartuta, 4.000 euro.

Badirudi zortzimilakoetara joateko joera albo batera gelditu dela, inoiz igo gabeko zazpimilakoetara joateko. Zer deritzozu?

Badirudi hala dela. Nik, hala ere, bi joera ikusten ditut. Alde batetik, inoiz igo gabeko seimilakoak eta zazpimilakoak igotzea. Jendeak albistea nahi du, eta, horretarako, inork egin ez duena egin behar da: lehena izatea. Bestetik, azkartasuna eta zailtasuna uztartzea, bi horiekin jolastea. Horiek amaitzean ez dakigu zer izango den.

Zortzimilakoek lorik kentzen al dizute?

Mendiak edo bideak erakartzen banau, zergatik ez? Gauza asko izaten dira espedizioetan, eta denen baturak erakartzen banau, ez dut inolaz ere baztertzen. Hala ere, nahiago dut betetzen nauen mendi bat igo, nahiz eta ez izan zortzimilako bat. Baliteke egunen batean aukera hori iristea. Oraingoz ez dut begiz jotako zortzimilakorik.

Berriro ere itzuliko al zinateke bakarrik espedizio batera?

Gustatuko litzaidake. Esperientzia oso modu indartsuan bizitzen da, eta ematen duen ordaina ezberdina da. Alde onak eta txarrak ditu, baina niri asko gustatu zait. Posible da besteren batean ere bakarrik itzultzea.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia