euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Joana Elisabet Muñoz Castillo, etxeko langilea: "Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino" (en Argia)

01/08/2019

Haur Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza ikasi zituen. Ordea, euskararik gabe ezingo zuela hezitzaile izan esaten zioten. Hizkuntza ikastera behartzeak ez zion graziarik egin. Halako batean, Amin Maaloufen Identidades asesinas liburua irakurri zuen. Hizkuntza gutxituak ditu gaitzat, eta beraz, berarengana heldu ere egin ez den kitxua hizkuntzaz gogoeta egiteko parada izan du. Euskara ikasten ari da eta kitxuara gerturatu nahian dabil.

Enlace: Argia

Txabi Alvarado Bañares, Itsaso Arrizabalaga Zenarruzabeitia. Ekuadorren jaio zen Muñoz eta 18 urte zituela Madrila emigratu zuen amarekin eta ahizparekin. Ordurako aita Madrilen zen, jaioterrian aurkitu ez zuen bizibidea non topatuko. Bilbora bidali zuen amak eta handik Amurriora egin zuen jauzi. Gaur egun Amurrion bizi da. Etxeko langilea da eta azken urtean mugimendu feministara gerturatu da.

Euskara duela gutxi hasi zinen ikasten, zergatik?

18 urterekin etorri nintzen, lanera. Etxeko langile hasi nintzen, egun emakume etorkinak gara eremu horretan gehiengoa. Hortik gutxika-gutxika, interes asko nituen eta haurrak zaintzen hasi nintzen, konturatu nintzen gustuko nuela. Goi mailako gradu bat egin nahi izan nuen, baina horretarako ikasketak baliozkotu behar nituen. Prozesu hori oso luzea da, jatorrizko herrian ikasketen agiria eskatu behar da, hona iritsi eta hemen balekoa eman... denbora asko pasatzen da. Baina azkenean lortu nuen eta Haur Hezkuntzan Goi Mailako Gradua egin nuen.

Gauza da etxe langilea izanda ez duzula bertako jendearekin harreman askorik, ordu asko egiten nituen lan eta libre ematen zidaten denbora apurra ikasketetarako erabiltzen nuen. Hor konturatu nintzen, praktiketan nengoela, hemen jendeak beste hizkuntza bat hitz egiten duela. Komentatu zidaten zailtasunak izango nituela euskara gabe haur hezkuntzan lan egiteko, hemen euskara gabe ezin baita haur eskola batean lan egin. Ea ingelesa nekien galdetu zidaten, baina kontua da Ekuadorren politika kontuak direla eta ingelesa betatua zegoela Estatu Batuen kontra zeudelako, garai hartan hizkuntza hori ikasten zutenak kolonizatzen zirela pentsatzen zen, hortaz, ingelesik ere ez dakit. Gaztelara dakit eta justu-justu.

Bide hori hor uztea erabaki nuen. Bizitzak buelta asko ematen ditu eta tabernan hasi nintzen lanean. Baina jankin-min handia nuen eta nire gustuko zerbait egin nahi nuen, orduan Gizarte Hezkuntzan eman nuen izena. Hor ere, ordea, berdina esan zidaten, euskara gabe ezingo nuela lan egin. Nik etorritako pertsonekin egin nahi dut lan ordea. Horiek ez dakite euskaraz... baina diru-laguntzak euskaraz dira... Momentu horretan behartutako zerbait iruditzen zitzaidan. Gainera, nire inguruan, Bilbon mugitzen nintzen esparruetan, inork ez zidan euskaraz hitz egiten, hortaz, ez nuen beharrezkoa ikusten. Ez nuen motibazio hori sentitzen. Harik eta Amin Maalouf-en Identidades asesinas liburua irakurri nuen arte. Egileak hizkuntza gutxituez hitz egiten du. Orduan gure hizkuntzarekin konektatzen hasi nintzen, amari galdetu nion: ama, zuk zergatik ez duzu kitxua hitz egiten? “Beno, garai hartan, badakizu...” hasi zitzaidan. Ekuadorren toki askotatik ibilia naiz, kitxua hitz egiten da, baina oso toki gutxitan, eskualde zehatzetako tokiko pertsonek soilik egiten dute. Pena ematen dit, baina orain esan dezaket euskara gehiago dakidala kitxua baino. Bizpahiru hitz dakizkit, gehiago ez. Ikusi dut euskaraz eta kitxuaz badaudela esanahi bera duten hitzak, benetan kuriosoa!

Beraz, orduan hasi zitzaidan ikasteko gogoa, ez zen lanagatik izan, erronka handia baita eta ez nuen horrelako inbertsioa egin nahi lan kontu bategatik, niretzat ikasi nahi nuen. Kitxua ezin dut berreskuratu, baina euskara bai, berreskuratu behar den hizkuntza bat dela uste dut, esan nahi duen guztiagatik. Orduan hasi nintzen euskara ikasten.

"Euskaltegia oso garestia da. Egia da udalak dirua bueltatzen dizula, baina horretarako eskolen %80ra agertu beharra dago, edozein gauzagatik ezin bazara agertu zaila da hori betetzea”

Erraza al da euskara ikasteko prozesua?

Nire iritziz, nire ikuspegi laburrean, euskaltegia oso hotza da. Ikasketa ereduan egia da mintza praktikak daudela, baina ez da sartzen euskarak dakarren kultura guztia. Oso garestia da gainera, egia da udalak dirua bueltatzen dizula, baina horretarako eskolen %80ra agertu beharra dago, edozein gauzagatik ezin bazara agertu zaila da hori betetzea. Nik, adibidez, banekien ez zidatela dirua itzuliko, ezin bainintzen beti agertu, goiz, arratsalde eta gau egiten baitut lan,  niregatik  egin nuen inbertsio hori, banekien 560 euro horiek ez zizkidatela itzuliko. Horregatik, garestia dela iruditzen zait, ez zait iruditzen motibazio bat dagoenik. Bai, EPAn [helduentzako hezkuntza] apuntatu zaitezke, baina ordutegiak ez dira batere onak, eta maila apur bat hartzen duzunean oso geldo doa. Ez dakit, aurten AEKn izena eman nahi nuen baina oso ordutegi eskasak daude, hasierako maila behar nuen nik eta Amurrion eta Laudion ez dago, Bilbon bi euskaltegitan soilik.

Euskara asko gustatzen zait, gero eta gehiago ikasten ari naiz, nondik datorren, abestiak oso gustuko ditut: Mikel Urdangarin, Zea Mays, Itoitz... ez dakit zer esaten duten baina barruraino iristen dira.

Hala ere, zerbait falta dela iruditzen zait. Badaude Berbalagun bezalako taldeak, baina behin bertan parte hartzen saiatu nintzen eta... ez nintzen ezertaz enteratzen! Kontuan hartzen dut nire muga dela, ez naizela euskaraz hitz egitera ausartzen. Talde Feministan hiru saiotan egon naiz, euskaraz direnak, beraiek itzuli izan didate, baina traba zarela ematen du, elkarrizketa murrizten dela. Ez dut beti galdetzen ibili nahi, beraiek beti agertzen dira prest laguntzeko, itzultzeko, baina ez da erraza. Nire mailan jarraitu behar dut denbora batez gero errazago komunikatzeko.

Kitxuaren inguruan aritu zara...

Euskal Herriak eta Ekuadorrek komunean dugun zerbait dela uste dut. Kolonialismoak hizkuntza bat ezarri zuen Ekuadorren. Kasu horretan gaztelera inposatu ziguten eta egun %99k hitz egiten du, eskolan irakasten digute. Orain dela oso gutxi, 2004an hasi zen hizkuntza gutxituei daukaten balioa ematen, Ekuadorren hamalau hizkuntza daude hitz egiten direnak, baina batzuk oso gutxi erabiltzen dira. Onartuak dauden hizkuntzak gaztelera, derrigorrezko hizkuntza dena, kitxua eta xoar dira. Xoar Amazonian hitz egiten da batez ere, kitxua, berriz, gehiago hitz egiten da Amazonian eta mendialdean.

"Kitxua berreskuratzeko zerbait egiten saiatzen ari naiz, ez baita hizkuntza bat galtzen, kultura oso bat galtzen da”

Ez dakit nola izango zen prozesua hemen, han oso jende gutxik hitz egiten zuen eta ez zen hemen egin izan den esfortzua egin. Hemen derrigorrezkoa da administrazioko gai guztietarako, muga bat ere baden arren. Ekuadorren, adibidez, nire birraitonek eta birramonek ez zuten hitz egiten, eta oso herri txikikoak ziren. Bihotzetik esanda, arrazakeria zantzuak ere bazeuden  gure artean kitxua hitz egiten zutenekiko.

Kitxua eta ketxua ez dira gauza bera, ketxua Hego Ameriketan hitz egiten den hizkuntza da eta kitxua horren aldaera bat da. Ekuadorren itzultzen saiatu ziren, Vatikanoko apaiz batzuk kitxua idazten saiatu ziren, alfabetoa ateratzen ahalegindu ziren, modu asko daude idazteko, q-rekin, k-rekin... gure hizkuntza zatitzeko inposizio bat izan zen eta lortu zuten. Orain hainbat mugimendu daude hizkuntza berreskuratzen ari direnak, gutxika-gutxika, nekazari eta indigenei esker, berriz hitz egin dezagun borrokan ari direnak. Espero dut lortzea, benetan.

Nik, egia esan, oso hitz gutxi dakizkit, baina nire jakin-minagatik. Eskolan ez da irakasten, ez da hemen bezala, eskolan behintzat irakasten da, nahiz eta A ereduan egon ikasgai bat baduzu. Han ez, ez enborrezkoa ez hautazko ikasgaia, baztertua egon da. Nik dakidana neure kabuz ikasi dut.

Hemen, Urduñan, herrikideak ditut  kitxua hitz egiten den zonalde batekoak, Otabalokoak, eta batzuetan hitzak galdetzen dizkiet, esaten diet: “ikasi nahi dut, erakutsi”. Berreskuratzeko zerbait egiten saiatzen ari naiz, ez baita hizkuntza bat galtzen, kultura oso bat galtzen da. Hitz asko daude gaztelerazko esanahiaren bestelakoak direnak, baina ahaztu egiten dituzu eta gainera eskolan esaten dizute ez direla horrela esaten. Hemen, gutxienez, euskara ez badakizu ere zenbait hitz erabiltzen dira: kaixo, agur, zelan?. Ekuadorren ez, guztiz baztertua dago, areago, analfabetismo zantzuak ere badaude. Amak badakizki hitz batzuk, aitak baino gehiago.


Artikulu hau Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker argitaratu du Argia astekariak Aiaraldea.eus hedabidetik. Jatorrizko elkarrizketa luzeagoa da eta elkarrizketatuak hizkuntza kontuez gain feminismoan egin duen ibilbideaz hitz egin du. Elkarrizketa osoa Aiaraldea.eus-en: “Etxeko langile gisa nituen eskubideez jabetzen lagundu dit feminismoak”



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia