euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

‘Jainkoak ez dit barkatzen’: 36ko Gerraz inoiz kontatu ez dizutena (en Argia)

26/09/2018

Ez dugu gure historia ezagutzen (berdin du noiz irakurtzen duzun esaldi hau) eta ezezagutza horren kalteak bereziki dira mingarriak zineman, meategi aparta baita historia pantailaratu daitezkeen istorioetarako. Zergatik ez du inork aurretik pelikula bat egin Lezo Urreiztietari buruz? Berdin zait ze generotan: biopic bat, thriller bat, abentura-film bat edo, Josu Martinezek Jainkoak ez dit barkatzen-en egin duen bezala, dokumental bat.

Enlace: Argia

Gorka Bereziartua Mitxelena. Zergatik ez digute hau aurretik zine-areto batean kontatu, hain historia harrigarria daukan norbait izanda? Lezo Urreiztieta: marinela, kontrabandista, XX. mende hasierako abertzalea, jesuitekin fidakaitza; Lezo Urreiztieta, hala ere, katolikoa; eta independentista, eta, hala ere, Indalecio Prieto PSOEko buruzagiaren adiskidea. Pertsonaia barojiano bat, zeinaren ibilerei buruzko xehetasun asko Martin Ugalderi esker dakizkigun, haren biografia idazteko egin zizkion grabazioetatik.

Kasete horiek oinarri hartuta, Urreiztieta ezagutu zutenekin hitz eginda, artxiboko irudiak erabilita, animazioaz baliatuta, harrapatzen zaituen historia kontatzen du Jainkoak ez dit barkatzen-ek. Gerra eta deserriaren historia bat, itsasoko abenturen historia bat, gertatu zirela jakingo ez bagenu, gertagaitzak diruditen pasartez osatutako historia.

Filmaren ekarpen interesgarrienetako bat iruditzen zait euskal nazionalismoaren narratiba ofizialak lurperatu nahi izan dituen kapituluak berriz argitara atera izana, adibidez, Agirreren Jaurlaritzak Alemania naziarekin izan zituen harremanak, antza denez haien menpeko euskal protektoratua sortzeko asmoz: zer kontatu dute horri buruz Agirreren mendeurrenean? Ezkutatu dutenaren parte bat behintzat, pelikula honetan daukazu.

Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik Lucio Urtubiari buruz egindako dokumental gogoangarria ere ekartzen du gogora, hura bezala, pertsonaia-ikerketa baita, nolabaiteko errebelazio-efektua eragiten duen pelikula; baina hori egitearekin batera, ez diona muzin egiten Urreiztietaren bizimoduko parte ilunak erakusteari ere (bere famili(ar)ekin izan zuen jokabidea, adibidez).

Filmaren amaiera aldera, Urreiztieta entzuten dugu esaten Frantzia eta Espainiaren artean sekula ez dela posible izango Euskadi askerik. Baina irtenbide bat proposatzen du, proiektu serio eta egingarria berarentzat: euskaldunak Guadalupe uhartera aldatzea, azkenik libre izateko.

Eta zer nahi duzue esatea, filma ikusita, batek pentsa dezake denbora gehiago eduki izan balu, Urreiztietak hori ere lortuko zuela, faxisten kontra borrokatzeko fusilak eskuratu zituen bezala.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia