euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Ikasle mexikarrak Lea-Artibaira etorri dira ezagutzak hobetu asmoz (en Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza)

12/10/2018

Prestakuntza teorikoa jasoko dute Lea Artibai Ikastetxean eta praktikak egingo dituzte ondoren CIE Automotive eta Elay enpresetan. Lau hilekoa izango da egonaldia.

Enlace: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Lea Artibai Ikastetxeak Mexikotik etorritako gazte talde bat hartu du ikasturte honetan prestakuntza programa berezi baten baitan. Ikasleak lau hilabetez egongo dira Markina-Xemeinen kokatuta dagoen hezkuntza zentroan eta 4.0 industriak eskatzen dituen gaitasun tekniko zein zeharkakoak landuko dituen prestakuntza espazializatua jasotzeko aukera edukiko dute. Hau da, ikasleek material polimeriko eta fabrikazio prozesuekin erlazionatutako prestakuntza espezializatua jasoko dute.

Lea-Artibai Ikastetxeak azaldu duenez, Mexikoko Guanajuato estatuko Gobernuak, Goi-mailako Hezkuntza Institutuak eta Mexikon presentzia duten euskal enpresek elkarlan akordio bat sinatu dute TKNIKA, Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako EAEko zentroarekin, teoria eta praktika uztartzen dituen Capacitacion sin fronteras programa bultzatzeko. Euskal Herriko bederatzi enpresak parte hartu dute hitzarmen horretan eta hiru zentrotan egongo dira ikasleak: Lea Artibai Ikastetxean, Bergarako Miguel Altuna Ikastetxean eta TKNIKA zentroan.

Guztira, Guanajuatoko 25 ikasle etorri dira Euskal Herrira eta horietatik hamar egongo dira Lea Artibai Ikastetxean abenduaren 22ra arte. Ikasle mexikarren egonaldia bi zatitan banatuko dela azaldu dute. «Alde batetik, irailaren 4tik urriaren 30era 320 orduko prestakuntza teorikoa egingo dute eta, fase hau bukatzean, abenduaren 22ra arte enpresetan praktikak egingo dituzte». Hain zuzen ere, Mexikon presentzia duten CIE Automotive Abadiñoko enpresan eta Antzuolan dagoen ELAY enpresa euskaldunetan egongo dira; zortzi ikasle joango dira CIE Automotive enpresara eta bi Elay-ra.

CIE Automotive, automozioaren sektoreko osagai eta azpimultzoen mundu mailako hornitzaile bat da. «Hainbat teknologia ezberdinen ezarpena eskaintzen duen forjaketa, aluminio injekzioa, galdaketa, mekanizazioa… eta 6.000 erreferentzia inguru produzitzen dituen enpresa hau sektoreko erreferentziazko hornitzaile bihurtu da bere negozio eredu sendo eta egitura malguari esker», azaldu dute.

Bestalde, ELAY, forjatutako piezen mekanizaziorekin hasi zen enpresa bat da. «Antzuolan kokatuta, egun ebaketa zehatzaren teknikan espezializatuta dago eta batez ere automobilgintzaren sektorean murgiltzen da. ELAY Taldeak, bere produktuekin, bost kontinenteetako merkatuetan egotea lortzen du gaur egun, Europa, Amerika eta Asian dituen hiru ekoizpen plantei esker».

Promozionatzeko aukera

Programa honetan parte hartzen duten bekadunek lehenengo sei hilabeteko epealdi bat burutzen dute Mexikon enpresek duten egoitzetan eta ondoren, atzerrira joaten dira enpresaren jatorrizko plantara, prestakuntza espezializatua jasotzera.

«Estrategia horren bidez, promozionatzeko edo enpresan kontsolidatzeko aukera ematen dieten esperientzia eta profesionalizazioa jasotzen dute onuradunek», azaldu dute Lea-Artibai Ikastetxekoek.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia