euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Filipe Oihanburu, mundua zeharkatu duen saltinbanki dotorea: elkarrizketa sakona egin dio Jakinen Oskar Alegriak (en Dantzan.eus)

08/01/2018

Frantziako armadako ofiziala izatea amesten zuen haurra. Swinga dantza eginez neskak konkistatzen zituen gaztea. Egunero igerilekura joaten den xaharra. Argian sinesten duen fedegabea, anarkista euskalduna, mundua zeharkatu duen saltinbankia... Filipe Oihanburu (1921) dantzari, koreografo eta koru zuzendariaren bizitzan eta jardunean sakontzeko aukera eskaintzen digu Oskar Alegriak Jakin 218. alean egin dion elkarrizketa sakonak.

Enlace: Dantzan.eus

Puntapioa. Haurtzaroa Montevideo eta Parisen pasata 1939an Miarritzera itzuli zen eta euskara, euskal kultura eta abertzaletasunarekin lehen harremanak izan zituen. Dantzari eta kantari gisa lehen urratsak Olaeta taldean egin zituen; mundu gerraren azken urteetan, alemanengandik ihesi, Parisen ezkutatu behar izan zuen. Mundu osoan zehar euskal dantzetan eta balletean oinarritutako koreografiak eskaini zituen, 1945etik 1953ra Oldarra taldean zuzendari artistiko izan zen eta 1953tik aurrera, 30 urtez, Etorki taldearen zuzendaria.

Frantziako alderdi komunistan militatu zuen, 1968an, Pragako gertakarien ondorioz, komunismoa utzi eta anarkismoranzko joera hartu zuen. Vitry-sur-Seineko kultur etxeko zuzendari lanean ere aritu zen, baita hainbat irratitan esatari eta aurkezle gisa ere. 1990eko hamarkadatik aurrera, Etorburu eta Oihamburu koruen sortzaile eta zuzendari ibili da, hainbat liburu ere idatzi ditu.

Hemen dituzue laurogei orriko elkarrizketatik jaso ditugun zenbait galdera-erantzun.

Eta Olaetako garaian, Hegoaldeko errefuxatuen ekarpena inportantea izan zen, ezta? Politika, baita kulturan ere... Arrunt. Inportantzia gaitza izan da. Bai, frantsesez erraten den bezala, à quelque chose malheur est bon. Domaia izan zen Hegoaldearentzat, baina opari bat Iparraldearentzat, gure nazionalismoarendako eta euskal kulturarendako halaber. Aitortu behar da harmonizazio ederrenak Hegoaldekoak direla, Guridi, Olaizola, Zubizarreta, Aita Donostia, Lizarrako Olazaran... denak izen handiak dira.

Eta swing garaiak ziren... Eta nik biziki ontsa dantzatzen nuen swinga. Denek dantzatzen genuen swinga. Eta bai, baita horietan bereziki, galdetu gabe. Etxeetan egiten ziren besta horiek. Eta herexarik ez uzteko, hoteletan aterpetzea deliberatu nuen, han ez baitzidaten galderarik egiten ezta paperak galdegiten ere. Hotel anitzetan bizi izan zaiela ohartzen naiz.

Eta dantzariak Champs-Élysée etorbidean, ikurrinarekin. Noiz gertatu zen hori? 1944an alemanak joan ziren eta 1945ean bake-garaia etorri zen. Orduan, nire dantza taldea Parisera joan zen eta han Michel d'Arcangues kausitu genuen; ordurako medailatua zen, Normandiako lehorreratzean parte harturik Légion d'honneur titulu militarra irabazi zuen, hori ez da gauza ttipia! Eta dantza emanaldi bat eman genuen Pleyel salan, eta ikusgarria finituta, deliberatu genuen gauaz Garaipen Arkura joatea. Hantxe berean desfilatu genuen Michel gurekin, bere txistuarekin eta Oldarrako txistulariekin batera, ikurrinarekin... Eta euskal ordezkaritzaraino joan ginen, sartzeko gogoarekin, baina Agirrek ez gintuen errezibitu, egia errateko.

Pariseko estreinaldiaren ondotik... Erran bezala, gure ideia zen profesional gisa aritzea, eta denek utzi zuten beren ofizioa munduan gaindi dantzatzeko. Egia erran, lehendabiziko urtea aski ondo pasatu zen, zeren eta kontratuak aski eskuzabalak baitziren eta hortik 25 presunentzat bizitzea erdietsi baikenuen. Orduan, Champs-Élyées antzokian eman genuen ikusgarria eta gero Salder's Wellsen Londresen, Holandan, Miarritzen... Eta hasi ginen munduan gaindi dantzan.

Eta zure koruan boz paregaberik? Ukan dut ahots eder bat, Olazena. Julian Olaz, Iruñeakoa. Eta kontatu ziguten 1936an fusilatzekotan izan zirela, baina zuen bozari ez zutela egin. Errepublikanoa zen, baina karlistek musika maite zuten eta hortakotz salbatu zen. Oroitzen naiz Guridiren soloarentzat "Nik deitzen nük Beñat Mardo" kantatzeko, nük hori ahoskatzeko xiberotarrez... zail izan zitzaion pamplones horri!

Heriotzari pentsatzen duzu? Bai, bistan da, ez nuke nahi baitezpadakoa da, Norbaitek, ez dakit Woody Allenek edo holako batek erraten zuen, "Je veus bien mourir, mais en bonne santé". Orduan hiltzea igual zait, bertzeentzat izanen da sufrimendua, ez enetzat, baina nik sufritu gabe, otoi. Ori da izigarria, eritasuna eta sufrikarioa, eta bai, orain arte xantza ukan dut.

Beraz, zure bizitzarekin konten zara? Bai, baina gibelera egiteko parada baldin banu, gizon doblea izan ordez maitatuko nuke alde bakar batean finkatzea, erran nahi baita edo euskal kulturan, hau da dantzan eta koruetan, edo Frantziako politikan. Baina ez nuke nahi bizi ukan dudan esperientzia errepikatu eta gauzak hain berduratuak sentitu.

Elkarrizketa osoa: Jakin 218. alean



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia