Mikel Rodriguez. Ia sei hilabete igaroak ziren Hego Euskal Herrian gerra hasi zenetik. Ordurako, kolpisten menpe zeuden Nafarroa Garai osoa, ia Araba dena, eta Gipuzkoa gehiena. 1936ko abenduaren 18an, Euzko Gudarosteek galera mingarria jasan zuten Legution (Araba), gerra osoan egin zuten erasoaldi bakarrean. Hala ere, egoera zail hartan gertatu zen euskaldunen eta euskararen historiako pasarte gogoangarri bat: euskarazko lehenbiziko egunkariaren sorrera. 1937ko urtarrilaren 1ean, Eguna argitara atera zen lehenbiziko aldiz —80. urteurrena, etzi—. «Negar intzirika, guda zital eta negargarrian odolduta argituten dau urtiori begira jayoten gara, euzkeraren bixitz barri ixateko asmoz», idatzi zuen lehenbiziko editorialean, Emen gara!! izenburua paratuta. Handik sei hilabetera, frankismoak betiko bukatu zuen Eguna, eta euskarazko bertze egunkari bat sortzeko itxaropen guztia. 53 urte igaro ziren bertze bat sortu arte: Euskaldunon Egunkaria.
Xabier Lizardi idazle, kazetari eta EAJko kide gipuzkoarrak hasi zuen euskarazko lehenbiziko egunkaria egiteko ahalegina, 1929an, Euskaltzaleak elkartearekin. «Kudeatzailea zen, eta kontuak atera zituen», azaldu du Javier Diaz Nocik, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta euskal prentsaren historian adituak. «Posible ikusten zuen euskara hutsezko egunkaria ateratzea 1930erako». Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko kidearen arabera, Lizardik kalkulatu zuen 3.000 harpidedunekin bideragarria izanen zela egunkari hori, eta egunero 10.000-12.000 ale argitara zitzakeela. «Bai izena ipini nahi zion egunkariari». Diaz Nocik azpimarratu du Lizardiren kalkuluak eta prestaketak hagitz aitzinatuak zeudela. «Dena prest zegoen: inprenta bazegoen, kazetariak bazeuden, argazkilariak bazeuden, euskaraz kazetaritza estilo bat ere landuta zegoen, zuzentzaileak ere bazeuden...». Baina egunkari hori ez zen inoiz sortu.
«Badirudi EAJk erabaki zuela erdara hutsezko egunkari bat ateratzea Donostian, El Día izenekoa, eta bertan azken orrialdean euskarazko atal bat argitaratzea. Erabaki zuten hori estrategia hobea zela, jende gehiagorengana iristeko asmoz edo», azaldu du Diaz Nocik. Mintegik ez du argi El Día-k «kontzientzia asko» piztu ote zituen. «Gaur egun, inor gutxik oroitzen du egunkari hori, eta, aldiz, 80 urte geroago Eguna-ri omenaldiak egiten dizkiogu. Zergatik? Euskaraz zelako».
Euskaraz, astekariak ziren nagusi XX. mendearen lehenbiziko herenean, Maria Gonzalez Gorosarri Komunikazioan doktore europarrak azaldu duenez. «Euskarazko prentsa politikoa EAJk zabaltzen zuen Hego Euskal Herrian, eta Iparraldean Eskualduna astekaria zegoen, sasoi batean ideia jakobinoen defendatzaile, eta gerora naziak ere defendatu zituena». Panorama horretan, Donostiako Argia aldizkaria ezberdintzen zen, Gonzalez Gorosarriren arabera. «Kazetaritzan zentratu zen, politikan baino gehiago. Politikaz hitz egiten zuen, baina baita, adibidez, kulturaz ere».
Lizardi 1933an hil zen, euskarazko egunkaririk ezagutu gabe, eta II. Errepublika ere hala igaro zen. Hala ere, gerra betean, eta Hego Euskal Herri gehiena nazionalismo espainol muturrekoenaren menpe zegoenean, euskarazko lehenbiziko egunkaria argitaratu zen. «Horixe da ironia», Mintegiren ustez. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sortu zen Eguna, eta sustatzaileen artean zegoen Estepan Urkiaga Lauaxeta idazle eta Jaurlaritzako kidea, «Lizardiren lagun mina», Mintegik oroitarazi duenez. Manu Ziartsolo Abeletxe izendatu zuten zuzendari. «Gutxitan agertzen zen erredakzioan. Dirudienez, lastozko gizon bat zen, eta haren atzean Lauaxeta zegoen», azaldu du Diaz Nocik. Bilbon ezarri zuten erredakzioa.
Emakumeen parte hartzea
Egunkaria egunero ateratzeko ardura lau kazetarik hartu zuten: Augustin Zubikarai ondarroarrak, Eusebio Erkiaga lekeitiarrak, Jose Mari Arizmendiarrieta markinarrak eta Alejandro Mendizabal mutrikuarrak. Zaharrena Erkiaga zen, 24 urtekoa. Bertze kazetari eta kolaboratzaile anitzen lanekin bete zuten egunkaria, egunero. «Garai hartan, ohitura zegoen ezizenekin sinatzeko, eta beti ez da erraza jakitea nor zegoen haien atzean. Erredaktoreek ere aitortzen zuten gehiago zirelako irudia emateko erabiltzen zituztela ezizen asko», kontatu du Diaz Nocik. Emakumeek ere idatzi zuten Eguna-n; Julia Gabilondo Maite-k, Julene Azpeitia Arritokieta-k eta Rosa Bustinzak, errate baterako. Gonzalez Gorosarri kritiko agertu da, Eguna-n idatzi zuten emakumeak identifikatzea zailagoa izan delako. «Egia da ezizenak bakarrik edukitzeak traba handiagoak sortzen dituela, baina ez da hori arrazoi bakarra; parte batean da kide zituzten gizonek ez zietelako aitortu maila bera. Emakume horiek gogoratu izan balituzte, identifikatu ahal izango genituzke».
Gerrak erabat baldintzatu zituen Eguna-ren baliabideak. Diaz Nocik azaldu duenez, kazetariak «lanez gainezka» egon ohi ziren, «egoera prekarioan» lanean. «Euzkadi egunkariaren [EAJren egunkariaren] baliabideak zituzten, eta harreman zuzena izan ohi zuten Jesus Maria Leizaola Justizia eta Kultura kontseilariarekin, lehenbiziko eskuko informazioa lortzeko. Baina oso langile gutxi ziren; denetatik egin behar zuten, eta beti esan zuten horrela ezingo zutela luzaroan iraun. Hau da, gerrarik gabeko egoera batean egitura hori ez zela nahikoa izango».
Salbuespenezko egoera batean, salbuespenezko baliabideekin argitaratu behar izan zuten Eguna. Gobernu batek bultzatu zuen, eta gerrari buruzko informazioak baldintzatu zuen neurri handi batean, baina Diaz Nocik kazetari haien gaitasuna eta profesionaltasuna goraipatu ditu. «Hain gazteak izanda, oso kazetari onak ziren. Ongi idazten zuten, bazekiten albiste bat zer zen, eta, oso hilabete gutxian, eredu informatibo bat garatu zuten. Egoera kontuan hartuta, oso produktu ona zen». Joseba Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko Historia katedradunak ere kazetari haien balioa nabarmendu du. «Zubikarai kazetari peto-petoa zen, eta horretan iraun zuen, hurbileko kazetaritza lantzen. Kazetari sena zuen».
Agirreazkuenagaren arabera, hilabeteak igaro ahala, gerraren bilakaerak berekin ekarri zuen Eguna, «ohiko egunkari bat izan ondotik, frankisten erasoaldiaren aurkako egunkari izatea ia erabat». 10.000 ale inguru banatzen ziren egunero, gehienak frontean gudarien artean, doan —karrikan, 15 zentimo balio zuen—. «Gerra batean zaila da ezberdintzen informazioa eta propaganda hutsa», Diaz Nociren iritziz. «Dena den, Eguna estilo aldetik nahiko informatiboa zen. Kontuan hartu behar da garai hartako kazetaritza oso ideologikoa zela, oso iritzizkoa. Eguna saiatu zen oreka hori mantentzen. Informatzeko eta adore emateko asmoa zuen». Gonzalez Gorosarrik ere azpimarratu du «gerra-egunkari» izaera hori, baina ez zaio iruditzen Eguna arrazoi propagandistikoengatik sortu zutenik. «Euskarazko egunkari bat zen, apustu politiko bategatik sortua, herrigintzaren ikusmolde bategatik. Propaganda izan balitz helburua, Jaurlaritzak gaztelaniaz plazaratuko zukeen, eraginkorragoa zelako».
«Euskara ulergarria»
Eguna-ren bertze erronka handi bat hizkuntzarena eta kazetaritza estiloarena izan zen. Euskara baturik ez zegoen, eta astekariek ezarritako ereduak ziren aurrekariak. «Erkiagarekin hitz egin nuenean, gogoratzen dut esan zidala euskara ulergarria eta ahalik eta batuena egiten saiatzen zirela», oroitu du Agirreazkuenagak. Diaz Nocik azaldu duenez, Eguna-ren berezitasuna izan zen lehenbiziko aldiz euskalki ezberdinetan mintzatzen zen jendea elkartzea hedabide berean; bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ziren, eta herrialde horietako euskalkiak erabili zituzten egunkarian.
1937ko ekainaren 13an argitaratu zen Eguna-ren azken zenbakia, eta, sei egun geroago, frankistek Bilbo inbaditu zuten. Kazetariek erbestea, espetxea eta heriotza zigorra ere jasan zituzten, baina, Diaz Nocik oroitarazi duenez, «denak libratu ziren, eta, zorionez, nahiko zahar hil ziren». Frankismoak egunkariaren eta euskal prentsaren garapena indarrez moztu bazuen ere, ikerlariak argi du Eguna «mugarri bat» izan zela. Mintegi ere bat dator horrekin, eta, haren ustez, Eguna-k «kosmogonia bat» erakusten du. «Haiek idatzi zutena irakurtzean, ez dugu ikusten bakarrik zein hizkuntza edo estilo mota erabili zuten; haien pentsaera ikusten dugu, munduari begiratzeko zuten modua».