euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Euskaldunen presentzia Kalifornian (en Busturialdeko Hitza)

18/07/2023

Euskaldunek Kaliforniaren sorreran eta garapenean izan zuten eragina aztertzen duen historia ikus daiteke Euskal Herria Museoan, irailaren 3ra bitartean: ‘Basques in California’.

Enlace: Busturialdeko Hitza

Ane Maruri Aransolo. Kaliforniako estatuaren aurkikuntzan eta sorkuntzan parte hartu zuten euskaldunek esploratzaile, marinel, soldadu, misiolari, kolono, peoi, aitzindari, gidari eta enpresaburu lanetan. 1533an agertu ziren lehenengoz Kaliforniaren historian, eta haien «kemena eta grina» erakusten duen erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan: Basques in California; irailaren 3ra bitartean bisitatu daiteke.

Bertan, Kaliforniaren historian barrena bidaiatzeko aukera izango dute bisitariek, euskaldunek egindako esplorazioak, ezarritako kokalekuak eta gaur egun duten rola ezagutzeko. Izan ere, euskaldunen ehun paregabea azpimarragarria da Kaliforniako “gizarte multietniko eta polifazetikoan”. Hain zuzen ere, erakusketan euskal ekarpen horiek azaltzen dituzte panelen, garaiko dokumentazioaren, bibliografiaren eta argazkien bidez, beste iturri historiko batzuen artean.

“Euskaldunek mendeak daramatzate Mundu Berriaren garapenean esku hartzen, eta ukaezina da Kaliforniaren historian izan duten eragina”, esanez hasten da erakusketa. Izan ere, gogoratzen du euskaldunak buru zituzten itsas espedizioek ekialdearen eta mendebaldearen arteko merkataritza bide berriak ezarri eta Kaliforniako kostaldea  esploratzea lortu zutela, XVI, XVII eta XVIII mendeetan zehar. “Itzal handiko misio jesuitak 1699an hasi ziren sortzen Kalifornia Beherean. Indigena gehienak kristautu zituzten orduan. 1769an, itsas eta lur espedizioei esker, lau gotorleku eta 21 misio ezarrita ailegatu ziren Goi Kaliforniara. Gerora, kokaleku horietako batzuk estatuko hiri handienetakoak bilakatu ziren: San Diego, Santa Barbara, San Jose eta San Frantzisko, besteak beste”. Erakusketak dioenez, euskaldunen lana “berebizikoa” izan zen hazkunde prozesu horretan: “Esploratzaileak izan ziren, baina baita gotorlekuetako komandanteak eta gobernadoreak ere”.

XIX. mendean ere, emigratzea erabakitzen zuten euskaldunak Kalifornian kokatzen hasi zirela gogoratzen du museoko bildumak, 1849ko urre aurkikuntzek erakarrita, baina “azkar” ikusi zutela abeltzaintza urre meatzeak baino askoz “errentagarriagoa” zela dio: “1870. hamarkadaren amaieratik hasi eta 50 urteko tartean, euskaldunak taldeka iritsi ziren Kaliforniara eta eskualdeko abeltzaintza eta nekazaritza sektoreei hasiera sendoa eman zieten. Euskaldunak ongi egokitu ziren lurralde berrira eta negozio oparoak sortu zituzten: abeltzainak ziren, ostatuen ugazbak, negozioen eta lurren jabeak eta langile finak hainbat sektoretan”.

Baserri giroan sortutako auzonalak “talderako joera” ekarri izan du, eta diotenez, “euskaldunek ez zituzten ohitura horiek ahaztu Kalifornian”. Hala, horiek gaur egungo hango euskal kulturaren bilakaeran ere eragina izan du.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia