[Paueko artxibategietan hainbat dokumentu aurkitu ditu Ibai Telletxeak, Gerra Handiko kontakizun ofiziala zalantzan jartzen dutenak. Ezkerrean, euskal intsumitu batek bere senideei bidalitako postala Frantziako egoeraz trufatzen, poliziak posta-kontrolean interbenitua. Erdian, desertore batek Ameriketatik bidalitako txekea Zuberoako familiari. Eskuinean, Frantziako Barne Ministerioaren oharra, Iparramerikan 4.000 euskal intsumitu zeudela adieraziz]
Urko Apaolaza Avila. Lehen Mundu Gerran euskaldunek izan zuten ezkutuko historia kontatzea da Baionan antolaturiko ekitaldiaren helburuetako bat, baina ez hori bakarrik: “Hau ez da Gerla Handian gertaturikora mugatzen –dio Ibai Telletxeak–, mendez mende bi estatuen [Frantzia eta Espainia] armetariko bat luma izan da eta hori erabili dute gure herriaren gertakizun historikoak kontatzeko”. Telletxea Lapurdi 1609 elkarteko kidea da, ekitaldiko antolatzaileetako bat Epaiska, Bertsularien Lagunak, Zizpa Gaztetxea eta Bernat Etxepare Lizeoarekin batera. Azaroaren 10ean Herri Omenaldia egingo dute Baionako antzokian eta han izango dira bertsolariak, kantariak, musikariak… 1914 eta 1918 arteko gertaeren erreprodukzio antzeztua ere egingo dute, besteak beste.
“Etnozidio” hitza erabiltzen du estatu horiek genozidioarekin batera erabilitako estrategia deskribatzeko –berezitasun kulturalak sistematikoki deuseztatzea alegia–, berdin XVII. mendeko sorgin ehizan herritarrak erre zituztenean nola XVIII.eko Konbentzio Gerran Landetara edo Gersera masiboki deserriratzerakoan. “Ezinbestekoa dugu hori jakitea irakurketa sinplistetan ez erortzeko”, dio; euskaldunek Amerikara “oso langileak” zirelako emigratzen zuten usteaz mintzo da, besteak beste.
Datuak eskuan, ikus daiteke XX. mende hasieran armen hartzera deituriko euskal herritarren frantziar sentimendua ez zegoela erroturik: gerrako intsumitu kopurua %1,5ekoa zen Estatu osoan, Euskal Herrian aldiz %20koa. Behe Pirinioetako prefetak Barne ministroari gutun bidez esan zionez, “euskaldunek duten jarrera higuina, soilik esplikatu daiteke duten mentalitate berezi horretan, askok, sortu eta ikusi duten lur puska hori kontsideratzen dute beraien aberri bakarra”.
Ez ziren hain urrun Frantziaren menpeko herriek nolabaiteko burujabetza zuten garaiak, Lapurtarren Biltzarra eta antzeko erakundeekin. Hala, Parisetik estatu zentralizatu baten gisan erabakiak hartzen hasi zirenean –derrigorrezko zerbitzu militarra kasu– ezinegon handiak sortu ziren. “Horregatik guztiagatik erraten dugu euskaldunak ez zeudela ideologikoki menderatuak”, azaldu du Telletxeak.
Euskaraz baizik ez zekiten
Agintariek aspaldi zekiten eskola zela “euskaldunak frantsesteko modurik eraginkorrena”; hitz horiek erabili zituen Mauleko suprefetak jadanik 1802. urtean. Frantsesa jakitea zibilizazioari eta ez jakitea basakeriari lotzen zitzaion ideia hedatuz joan zen –are gehiago Jules Ferry ministroaren 1881eko legeak hezkuntza doakoa, laikoa eta derrigorrezkoa bihurtu zuenetik–; euskarazko liburuak debekatu eta gure hizkuntzan nahiz bretoieraz hitz egitea “tua lurrerat botatzea” bezala zela helarazten zitzaien ikasleei.
Baina, likidazio ahalegin horien gaindi, XIX. mende amaieran euskal herritarren gehiengo handia oraindik euskalduna zela diote ikerketek. Zergatik? “Iritsi zen momentu bat, eskolara joaten ziren haurrak ikas-materialik gabe geratu zirena –dio Lapurdi 1609ko kideak–, gehienek euskarazko liburuak zituzten [erlijioari lotuak], baina hauek debekatzerakoan frantsesezko liburuen eskasiaren ondorioz etenaldi luze bat egon zen alfabetizatze prozesuan”.
Horrela uler liteke Euskal Herrian analfabetoen maila Biarnoa eta inguruko beste eskualdeetan baino askoz altuagoa izatea, herritarren hiru laurdenera iristen zen zenbait tokitan. Historikoki, euskaldunari sinetsarazi izan zaio euskara hitz egiteagatik zela –Telletxearen aburuz “menperatzaileak koska bat igo zuen euskaldunen asimilazio prozesuan”–, baina egiaz euskaraz alfabetatzea ukatu zitzaiolako sortu zen egoera hori.
Lehen Mundu Gerra iritsi zenean gehiengoak segitzen zuen euskaldun elebakar izaten, Gorka Knörren kantuak dioen gisan: “Eskuara baizik ez zakiten haiek…”. Bretoien artean ere elebakarrak bazeuden, eta badakigu haietako bat fusilatu egin zutela gerratik libratzeko auto-mutilatu egin zelakoan, bere burua frantsesez defendatzeko berbak ezin aurkiturik. Alferrik aurkituko duzu kobarde horren izena Morts pour la Patrie monumentuan, gogorarazi zigun Pello Zubiriak ARGIAko blogean.
Paradoxikoki, gudaldia hasi zenean, euskara erabili zuten frantziar abertzaletasuna sarrarazteko, bereziki Eskualduna astekariaren bidez –Eneko Bidegain kazetariak bere tesian xeheki aztertua– eta erlijioaren izenean: “Jainkoa Frantziaren alde zegoenez, haren alde hiltzea zilegi zen”, dio gure mintzaideak. 1914an Baionako katedralean boz goran aritu zen François-Marie Gieure apezpikua: “Jauna, zure begiak amultsuki jauts ditela Frantziako armadaren gainerat”.
Ezkutuko biografiak
158 herri daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 158 oroitarri paratu zituzten 1920. urtetik aitzina “aberriaren alde” hildakoak ohoratzeko, mezu inplizitu bakarrarekin: maitatu Frantzia zure herria maite duzun bezala. “Hori da ttipitatik ikusi dugun errealitatea eta azaroaren 11 oro ikusten duguna, belaunaldiz belaunaldi transmititu nahi digutena”.
Ondoren datozenei kontakizun hori ezin zaiela utzi deliberatuta antolatu dute 1914-1918 euskal oroitzapena itzaletik argira ekitaldia hain zuzen, eta ez hori bakarrik, ekitaldia grabatu eta liburu bat ere argitaratzekotan dira Telletxeak kontatu digunez, “belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean”.
Ibai Telletxea
(Lapurdi 1609 elkartea):
“Ekitaldia grabatu eta liburu bat argitaratuko dugu, belaunaldi berriek orain arte ukan ez duten dokumentu pedagogiko bat izan dezaten esku artean”
Jakin bai baitakigu zein zen Ohorezko Legioko domina jaso zuen Jean Ibarnegarai garaztarra, badugu Joseph Apeztegi Kanboko Xikitoapilotariaren gerrako balentrien berri, eta hitz egin digute Georges Clemenceau politikariaren erabakiek gerra “irabazteko” izan zuten garrantziaz. Baina apenas iritsi zaigu anonimotasunera kondenaturiko beste jende baten arrastorik. “Zergatik ote? Kasualitatea? Lumari tindua bukatu ote idazten segitu ahal izateko?” galdetu dute azaroaren 10eko ekitaldiko antolatzaileek aurkezpen testuan.
Pierre Etxeberri Izpurakoa zen. Gerrara bortxaz eramana, bere burua obusetatik salbatzeko lubakietatik oihanera ezkutatu zen, hurrengo egunean infanteria erregimendura itzuli zenean “etsaiaren aurrean eskapatzea” egotzita fusilatu zuten. Haren izenik ere ez duzu aurkituko Izpurako oroitarrian. Ezta Koxe Maisterrena intsumisoaren eta bere lau anaien izenik ere Uztaritzekoan. Mixel Dargaitz ere desertore bilakatu zen Sara jaioterritik Amaiurrera muga igaro zuen une berean: Nik zertarako joan behar nuen / gerlara Euskal Herrietatik / zazpiak bat izan baginan / etzegoan horlakorik bota zuen bertsolariak 1936ko txapelketako finalean.
Halako ezkutuko biografiekin erakutsi nahi dute Baionan “menperatuak izanik ere, asimilatuak ez gaudela”.